Maider Eizmendi Kazetaria
Oporretako argazkiak
Urte guztian ez naiz berarekin asko akordatzen, baina oporretara joateko maleta egiterakoan beti sartzen dut; gero hura erabiltzeko batere gogorik izango ez dudala jakin arren. Ez zait argazkiak ateratzea gustatzen, baina gero ordenagailuan sartu eta haiei noizean behin begiradatxo bat eman nahi izanez gero ezta beste erremediorik izaten. Kontua da urtean zehar ere gogoan hartzeko moduko makina bat une eta leku ere ikusten ditugula, baina oporretako argazkiak oporretako argazki dira eta haiek ordenagailuan aparteko karpeta bat merezi dute. Estilo kontua izaten da; zenbaitek nahiago du lekuei argazkiak ateratzea, baina gehienetan leku ezberdinetan gu geu ateratzen saiatzen gara, guztietan irribarrez eta pozik, aurpegirik hoberenarekin.
Oporretan zegoen seguru asko pasa den astean ikusi nuen familia. Donostian, hondartzaren ondoan. Aita argazkiak atera behar zituztela-eta tematuta; emaztea eta bi semeak berriz dagoeneko ernegatuta. Hondartzaren ondoan dagoeneko asko atera zituztela egiten zuten protesta semeek; amak arrazoia ematen zien, baina tira, aita kontentatzeko irribarrea atera zuten berriz ere, behartuta egiten den horietakoa, hortzak ageri-agerian uzten direnetakoa eta aitak zast! Berriz ere serio-serio hirukotea aurrera. «Donostia 2012» izeneko karpetan gordeko dute akaso eta seguru nago hura zabaltzen duten aldi oro gogoratuko direla zer-nolako tema hartu zuen aitak argazkiak ateratzearekin.
Etxe ondoan gaudenean ez dugu argazki kamera ateratzeko horrenbesteko ohiturarik, mugikorretako argazki kamerak dira gehienetan une eta lekuak jasotzen dituztenak. Maiz gogoratu nahi ez ditugun horiek ere gordetzen dituzte, parrandan ateratakoak tarteko. Inguruan ateratzen ditugun argazkiei baina ez diegu halako perfekziorik eskatzen, ateratzen diren moduan gorde eta kitto! Oporretakoena beste kontu bat da. Protokoloa izaten dute: atzean dagoenak polita izan behar du, gogoratzeko modukoa, eta guk parean poz-pozik agertu behar dugu, ahalik eta ederren. A, eta saiatu behar dugu gainera, atzean duguna luze luzea bada ere, bertikal gehiegi ez ateratzen, izan ere gero ordenagailuan buelta eman behar zaie haiei. Lana eta denbora eskatzen dute, baina argazkirik gabeko oporrak, ia ez dira opor.