GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Zazpi zenbakiarekin Paris bisitatu nuen behin; oso dibertigarria da»

p048_f02.jpg

Thierry Biscary Ttirritt

Kalakan taldeko musikaria

Abeslaria, perkusionista eta flautista da Thierry Biscay baxenabartarra, Kalakan taldeko kidea. Berak kontatu digunez, gainera, Donibane Garaziko Garazirkus elkartearen arartekolaria izan zen bizpahiru urtez eta gero sukaldari egin zen landetxe bat irekitzeko. Azken urte hauetan, ordea, musika besterik ez du buruan.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Kalakan talde euskalduna oihartzun handia izaten ari da azkenaldian, Madonnarekin mundu bira egiten ari delako. Nork imajinatuko luke inoiz the Blond Ambition izenez ezagututako divak txapel, txalaparta eta euskararekin konpartituko zuela agertokia?

Kalakan taldeak Euskal Herritik euskal kultura kanpora darama. Atzerritarrek zein harrera egiten diete zuen musikari ?

Europan gaindi ibili garelarik gure musikak nonahi harrera ona ukan du. Entzuleekin harreman zuzen eta naturala bilatzen dugu eta horrek gehienetan interesa piztu du.

Madonnarekin egiten ari zareten biran ezagutu dituzuen tokietatik zein da zoragarriena eta zergatik?

Mementoko, niri berriz itzultzeko gogoa eman didaten hiriak New York, Istanbul eta Porto dira. Hiri horietan aniztasuna, nahasketa eta bereziki kultura herrikoia sentitzen dira. Gustatzen zaidan bisitatzeko manera da lekuko jendeen ezagutza egitea edo bederen nola bizi diren sentitzea. Hiru hiri horietan arrunt laketu nintzen.

Baina nire tokirik gustukoena Euskal Herria da. Gure herria gero eta gehiago ezagutzen dut eta ezagutu nahi dut. Ene landetxe proiektua bazterrean emanik ere, berrikitan «Raconteur de pays» (herri kontalari) ikastaro bat egin nuen herria kontatzeko «filosofia» hori gustukoa dudalako. Kanpotarrek zidaten erakutsi zer-nolako altxorrak ditugun gure inguruan. Hori ez zitzaidan normala iruditu, beraz orain, ene eskualdeko historia eta istorioak berreskuratzen ditut.

Ez zara bidaiari arrunta...

Ene iduriko, mila manera badira bidaiatzeko. Hurbileko bidaiak gustukoak baditut ere, turismo esperimentala maite dut ere bai. Noizbehinka, zenbaki bat hautatzen dut eta zenbaki horren arabera hiri bat bisitatzen dut. Zazpi zenbakiarekin Paris bisitatu nuen behin. Metroko zazpigarren lineako geltokitik atera, eta zazpigarren karrikan eskuinean dagoen zazpigarren tabernan gelditu nintzen, kartako zazpigarren edaria manatzeko... Oso dibertigarria da eta ezusteko tokiak ezagutu nituen horrela. New Yorkeko Bronx auzoa ere horrela bisitatu nuen joan den apirilean.

Eta Istanbulen, adibidez, zer egin daiteke?

Goizean, meskita urdinerat joan eta auzo horren bisita egin. Ez naiz luzatzen horrelako tokietan biziki fite turistez betetzen baitira. Arratsaldean, itsasontzia hartu eta Princess Islands uharterat joan. Lekuko jendeekin mintzatzen ausartu. Gero, Büyükada izeneko uhartean bizikleta bat alokatu eta itzulia egin. Ez da arriskutsua uhartean kotxeak debekatuak direlakotz. Ilunabarrean, hirirat itzuli eta Bosforo bazterreko parke batean xaxlik haragi pintxoak erre eta jan zure lagunekin edo bertako familia batekin.

Zer eramaten duzu bidaietara?

Ene «buhame» portaera eta, denbora baldin badut, lekuan berean egiten dudan makila bat. Oinez ibiltzea aunitz gustatzen zait.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo