GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Espainiar gaitza

Argi esan dezagun bada: espainolismoaren operazio ideo-politiko berri baten aitzinean gaude. Krisialdiaren aitzakiaz, aspaldiko estatu-krisiari irtenbide atzerakoi eta inboluzionista eman nahi diote

Erregea lurrera, espainiar bandera erraldoia ere bai, erreskatearen mehatxua gertu... Eskura zituen metaforen artean, «espainiar gaitza» aukeratu du Jose Antonio Zarzalejos eskubiko espainolistak Espainiaren gainbeheraz hausnarketa egiteko. Berea ez da garai batean munduan zabaldu zen espainiar izuaren inguruko hausnarketa, egungo egoerari buruzkoa baizik. Eta, zein da, bere ustetan, espainiar gaitza? Estatua estatuaren kontra dagoela. Bestela esanda, gaitzaren funtsa autonomietan dago, autonomien eredua itxiegia delako, estatuaren jarduera baldintzatzen duelarik. Arazoa, dioenaren arabera, ez da makala: «Espainian gertatzen dena drama bat da kale egiten duena estatua baita, egitura, zimenduak».

Aspaldi dabiltza Zarzalejos eta beste batzuk arazoaren larritasuna aipatzen. Ildo batera abiatzen joan dira gehienak, berriz, azkenengo asteetan: arazoaren gakoa autonomien ereduan datza. Ideia izarra hauxe da gaur egun, gaitz guzien iturburua sistema autonomikoa da. Analitikoki, azterketa behartua da, krisialdiaren benetako arrazoiak ezkutatu eta espainiar garapen eredua absolbitzen duelarik. Gaitza horrela kokatuz, ardurak mugatzen dira, sakoneko azterketa baztertuz.

Argi esan dezagun, bada: espainolismoaren operazio ideo-politiko berri baten aitzin gaude. Krisialdiaren aitzakiaz, aspaldiko estatu-krisiari irtenbide atzerakoi eta inboluzionista eman nahi diote, PSOEren gainbehera eta neutralizazio politikoa baliatuz. Izan ere, norabide argirik ez duen mamu bat da PSOE, Rubalcaba zonbia buru (edo antzeko zerbait) dutelarik. Aukera hau profitatu nahi dute luze joan den egonkortasun ezari mugak jartzeko. Ederki dakite espainiar Estatuaren gainbeherak ito duela beren sedukzio ahalmena. Espainiak ez du, jada, erakargarritasunik. Eta ez du erraz berreskuratuko, gaur egungo egoera baino makurragoa izanen delako biharkoa. Hau jakinik, estatua blindatu nahi dute, bide batez krisiaren benetako arduradunak zigorrik gabe geldituko direla bermatuz.

Operazio defentsiboa da eta nabarmena da estatu krisia geldiarazi beharrean estrategikoki areagotuko duela. Ixte aldera doan Espainia batek txikitu eginen du euskal herritar eta katalanekiko sedukzio gaitasuna. Epe laburreko erronkari muga bat jarri nahian, suizidio politikoaren bideari eutsi diote. Desesperazioa ez da aholkulari ona izaten. Espainolistek ibilbide historiko luzea dute, hainbat ikasgairi erreparatzeko aukera eskaintzen diena. Alferrik, ordea. Deus gutti ikusten du begiak estaltzen dituenak.

Benetako espainiar gaitza ez da autonomien eredua, espainolismoa baizik. Inposatzeko joera, ustelkeria zigor gabe uzteko jarrera, galdutako inperioan biziko balira bezala aritzeko obsesioa. Espainiaren gaitza espainiar izan nahi ez dugunoi espainiartasuna indarrez ezartzeko borondatea da. Autonomien ereduak porrot egin du estatuaren menpeko nazioen egoera eta asmatutako autonomiena maila berean jartzeko obsesioak ustelkeria, espeku- lazioa eta, oro har, ondareen urraketa ekarri duelako. Azterketa honen beldur dira, berriz, atera beharreko ondorioen aurrean kikilduta daudelako. Horregatik diagnostiko faltsuak egiten dituzte, sendabide faltsuak justifikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo