GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Kategoria etikoak eta politikoak

Entzun dute, kantsatu arte, euskal herritar horiek aldarrikatzen duguna. Aldarrikapen hori bere egin dezatela, bere horretan, kontrapartida baino, oztopo diren eskakizunak egin gabe

Ze kategoria etiko dago ume biren istripuaren atzean? Ze kategoria etiko ezkutatzen du buru-entzefalo traumatismo batek? Ze kategoria etiko topatu ahal da gaixotasunak eraman behar duen pertsona bat preso mantentzean?

Ez dago kategoria etikorik hor. Ezta kategoria politikorik ere.

Isabel Celaak etikaz hitz egin zuen San Ignazio egunean, Etxerateko senitartekoek presoen inguruko txostena helarazi bezain pronto. Presoen egoeraren inguruan, apenas berbarik ez.

Hori bai, luze-zabal aritu zen barkamen eskaeraz, «kategoria politikoan» sartu ez arren, «kategoria etikoan» bai sartzen dena. Zein etika? Noren etika? Euren legeak ere betetzen ez dituztenen etika, akaso?

«Arretaz eta errespetuz» entzun ei zuen Celaak, baina arretaz eta errespetuz entzutea ere ez da gauza handia, arretaz eta errespetuz entzun ostean, ezer egiten ez bada. Adeitsu ala ez, hemen konpromisoak hartu beharra dago. Baina egunez egun erakusten dutenez, lantzean behin botatzen diren adierazpen apurretatik, ez dago konpromiso handirik hartzeko asmorik... Egun batean «errespetua» esan, eta hurrengoan Ertzaintza senideak jazartzera bidaltzeak, familiarren argazkiak erakusten ari direlako, argi baino argiago uzten du.

Iosu Uribetxebarriaren kasuan, askoz garrantzitsuagoa da prentsarentzat egotzi zitzaizkion delituak nabarmentzea, Estatu espainolak bere legeak betetzen ez dituela gailentzea baino. Eta lege propioak ez betetzea bai sartzen dela kategoria politikoan. Kategoria etikorako utziko dugu Estatuaren helburua: presoei duintasun apur guztia kentzea, baita denok, edonork daukan akabuko azken duintasun ekintza bera ere; dena, mendekuaren izenean.

Mendekuaren politika horrexek beste istripu larri bat ekarri digu duela egun bi. 2012ko bederatzigarren istripua. Ez da kasualitatea edo ezbeharra, politikoki bulegoren batean diseinatutako sakabanaketa politikaren emaitza baino. Imajinaezina da momentu hauetako Mikel Egibarren mina eta, batez ere, ezintasuna. Hor ere ez dago etikotasun posiblerik.

«Eta zu gehiago» espiral amaiezinean egon gintezke hainbat urte gehiago, «etika» deritzon horren itzalpean. Eta alferrikakoa izango litzateke. Elkarbizitza, barkamen, damu eta horrelako terminoak hain dira hutsalak... jokalekua ez da etikarena, jokalekua politikarena da eta konponbiderako konpromiso politikoak hartzearena. Pausoak behingoz egitea. Arduratik ihes egiteko modua baino ez da politikoki betetzen ez dena ezkutatzeko «etikara» jo nahi izatea.

Tranpak eginda bada ere, batzuei ahoa betetzen zaie euskal herritarren parte baten ordezkariak direla esaten dutenean. Entzun dute, kantsatu arte, euskal herritar horiek aldarrikatzen duguna. Aldarrikapen hori bere egin dezatela, bere horretan, kontrapartida baino, oztopo diren eskakizunak egin gabe. Ez du balio beste toki batera begiratzeak, ez du balio hemengo instituzioetatik Madrilera begiratzeak arazoa beste batzuena bakarrik bailitzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo