Josu Jimenez Maia Idazlea
Errege ekarpena
«Tronpatu» esaten diogu okertzeari, hanka-sartzeari, batez ere ekialdeko euskalkietan; orobat, bigarren adiera bat dauka «tronpatu» aditzak: iruzur egin, engainatu. Horra hor Agostin Xaho zuberotarrak idatzitakoa «Azti Begia» liburuan: «(...) populiak harthu behar du letzione. Tronpaturik izan da populia (...)».
Hegoaldeko euskaldunok nozitzen dugun erregearen jarduerei esker, izugarri zabaldu da tronpatu aditzaren erabilera, Euskal Herri osora zabaldu ere. Elefante tronpadunak hiltzera joan zen Corinna zu Sayn-Wittgenstein printzesarekin eta han, Botswanan, goizaldeko ordu txikitan, tronpatu zen.
Erorikoa izan eta handik gutxira, ospitaletik ateratzean, hala aitortu zuen, sisibasa: «Tronpatu naiz eta ez da berriz gertatuko». Aitzitik, hiru hilabeteren buruan, erori egin da berriz ere; oraingo honetan ez zegoen printzesa alemaniarrarekin -Madrilen zuen habia utzita, Luxenburgora bizitzera behartuta, nonbait-, militarrez inguratua baizik, eta, halere, oraingoan ere muturreko ederra hartu du borboitarrak, eta odol urdinaz gainera, orain sudurra eta kokotsa ere urdin-ubeldua dauzka.
Eta ez ahantzi, iragan den azaroan ere begian ubeldura handi bat zuela agertu zela, Zarzuela jauregian izaniko istripu bat zela kausa; orduan ere tronpatuko zen, nonbait.
Gainera, eroriz eroriz ikasten da oinez, dio esaera zaharrak, baina ziur naiz borboitarrak ez duela euskal atsotitzik ezagutzen, ezta ezagutu nahi ere; jarrai dezala, beraz, tronpaz beteriko bere bidetik, eta jakin dezala bere safari, abentura eta kalenturei esker, gure hizkuntzan aditz trinko berri bat dabilela hitzetik hortzera, udako jaietan arrakasta handikoa, edozein herriko jaixetan (sic) sortua. Hartara, ni tronpatzen ari naiz perifrastiko luzea erabili ordez, ni datronpat; hortaz, zu datronpazu, eta Juan Carlos erregea datronpa, gu datronpagu, zuek datronpazue eta haiek datronpate; eta lehen aldian? Erraza; ni netronpan, zu zenetronpan, eta borboitarra zetronpan... gu, zuek eta haiek aditz forma trinkoak osatzea, irakurlearen esku.
Esan gabe doa, Espainiako erregearen erorikoak ikustean, monarkiaren erortze metaforikoa ikusten dugu askok.