GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Presoen auzian, erantzukizunak eta ardura

Etxeratek erantzukizunak eskatu zituen atzo Mikel Egibar presoaren bikotekideak eta seme-alabek herenegun izan zuten istripuagatik. Izan ere, iragarritako istripua izan zen, aurten izan diren beste bederatziak bezala, baina besteak baino larriagoa. Sakabanaketa hasi zenetik, ehunka istripu gertatu dira Estatu espainiarreko errepideetan, euskal preso politikoen bisitara bidean edo bisitatik bueltan. Horregatik, zoritxarrez, herenegungoa ez da harritzekoa izan. Beste batzuetan ondorioa larriagoa izan da, eta horrelakoak ere ez dira harritzekoak izan, astero-astero euskal presoen senide eta lagunek dozenaka mila kilometro egin behar baitituzte presoak ikusteko. Ez oporretan joateko, maite dutena ikusteko baizik. Eta bidaia horiek ez lukete zertan beharrezkoak izan. Presoei bezala senide eta lagunei ere ezarritako zigor hori ez da legearen ez gizatasunaren araberakoa, etengabeko arriskuan jartzen ditu-eta biziak. Iragarritako istripu horiek, beraz, ez dira saihetsezinak, bilatuak baizik, horiek gertatzeko arriskuaren erantzuleek bilatuak, hainbat lagunen sufrimendua etekin politikoaren menpe jarrita.

Eta, preso politikoen auziari helduta, erantzukizunarekin batera, arduraz jokatzeko eskatu behar zaie oraindik Iosu Uribetxeberria gatibu dutenei. Errepresaliatu arrasatearrak gose greba hasi du, eta preso mantentzen dutenen eskutan dago auzi latz honi interbidea ematea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo