GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Arabako Irekia

Zubiagak eta Jauregik iragarpenak bete dituzte

Arabako bi aizkolaririk onenak inongo arazorik gabe irabazi zuten Larretxearen eta Llanosen aurkako finala.

p036_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA

Zubiagak eta Jauregik irabazi zuten atzo Gasteizko Foruen plazan jokatu zen Arabako Irekiko finala. Mendean Donato Larretxea eta Ramiro Llanos hartu zituzten. Atzokoan ere jendeak bikain erantzun zuen, nahiz eta bero handia egin, eta amaierarako bat baino gehiago itzal bila ere hasi zen.

Zubiaga eta Jauregi ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Bientzako, gainera, Gasteizko feria ezin hobea izan da. Zubiagak igandean Arabako txapela jantzi zuen, eta atzo, berriz, Irekikoa. Jauregik, igandean, bigarren amaitu zuen Arabako Txapelketan.

Urrezko Aizkoran egiten den lan bera egin zuten. Guztira lau proba ezberdin, eta hasierako bost oso laburrak, gero iraupen probarekin amaitzeko. Han bikote bakoitzak launa kana-erdiko erdibitu behar izan zituen.

Aurrez pentsa zitekeen moduan, gakoa Llanosengan egon zen. Berak maila apur bat jaitsi egiten du, eta azkenerako Donatok ezin izan zuen. Zubiagak eta Jauregik, berriz, elkarrekin oso bikote ona osatzen dute eta arazo handirik gabe irabazi zuten. Hasi eta bukatu, denetan aurrenak izan ziren. Apurka-apurka aldea ateratzen joan ziren, behin ere ez handia, baina beti zuloa egiten, eta amaieran bi minutu pasako tartearekin amaitu zuten, Arabako Irekiko txapela jantziz.

Arkaitz Jauregik eta Juan Angel Zubiagak lan guztiak egiteko 20 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten, eta Donato Larretxeak eta Ramiro Llanosek, berriz, 22 minutu eta 24 segundo.

Lasto-altxatzea

Atzo erabaki zen, halaber, Arabako Lasto-altxatze Txapelketa. Hiru partaide izan ziren, eta egin zuen beroak ez zien batere mesederik egin. Soka oso bero zegoen, eta horrek eskuetan arazo asko sortu zizkien, eta marka kaskarrak egin zituzten.

Lauzirika izan zen onena. 14 jasoaldi egin zituen. Bigarren postuan, berriz, Ruiz de Aretxabaleta sailkatu zen 11 jasoaldirekin, eta azken postuan geratu zen Juan Carlos Lopez 10 jasoaldirekin. Hirurak ere egiten dituzten marketatik oso aparte geratu ziren, baina atzoko baldintzetan ez zen erraza askoz gehiago egitea.

Atzokoarekin amaitu ziren lehiaketak, eta gaur azken eguna, probak izango dira ikusgai 12.30etik aurrera. Idiak, zaldia eta gizona izango dira harriari tiraka, hiru saio ezberdin, eta honekin datorren urtera bitarte amaituko dira Gasteizko herri kirol jaialdiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo