GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Musikariak -1 kirolariak - 0

Errazagoa da, salbuespenak salbuespen, puntako euskal kirolari izatea puntako euskal kantari edo musikari izatea baino. Behintzat alor batzuetan. Adibidez; laxotasun ideologikoan. Puntako kirolaria bazara lasai eraman dezakezu espainiar bandera eta sinbologia soinean, lasai agertuko zara komunikabide guztietan; kiratsa darion ugaritasunarekin, hainbatetan.

Musikariak ez. Musikariokin dezente zorrotzago jokatzen da. Erdaraz kantatze hutsa bekatu mortala da guretzat, zeresanik ez espainiartasuna adieraz dezakeen edozein sinbolotik 10 metro baino gutxiagora harrapatzea. Zigorra? Eskarnio publikoa, esamesen kolpe sorta eraginkorra, pintadak komun eta kaleetan, autoaren gurpil zulatuak, letania irudimentsua...

Ez dut imajinatu nahi zer gertatuko litzatekeen euskal kantari bat Grammy saria jasotzerakoan piper-potoarekin agertuko balitz. Zenbat aldiz ikusi ditugu euskal kirolariak antzeko ataketan azken egunetan? Guztiok ditugu egiten duguna egiteko arrazoi indartsuak (ideologikoak, praktikoak..) baina jendartean itzal handiagoa du kirolariaren diploma olinpiko batek 100 musikarien disko berriak baino.

Agian kirolariak baino hurbilago gaude gu mundu sinbolikotik? Ez nuke esango. Musikari engaiatu gehiago daude kirolariak baino? Egia da goratu egiten dela kirolaren «apolitikotasuna» (barrez lehertu gabe idatzi dut hau) eta baita musikari eta musikarien engaiamendua ere, «sasoikoa» barne. Ez dakit, agian ez da hainbesterako, baina desiratzen nago ea noiz egiten duen euskal puntako kirolariren batek, Oreka TX taldeko puntako euskal musikariek egin berri dutena; uko egin diote Andaluzian burutzen den jaialdi entzutetsu batean jotzeari bertan sari bat eman behar ziotelako Garzoni.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo