GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aritz Ibarrola | Donostiako ezker abertzaleko kidea

Nabarmen

Zertan dabil PNV PPko ordezkari bat goratu eta Bilduren aurka egiten? Denborarekin ikusiko dugu, baina gerta litezkeenak suposatzeko edonor da kapaza Aldaketa eta aro politiko berria gauzatzea nahi dugunontzat, aurrera egiteko borondate zintzo eta garbia mantentzeko uneak bizi ditugu, erasoen gainetik eskua elkarri luzatzekoak

Espainiar Estatuak, mundu mailako krisi honek aurreikusten duen erorketara doan honetan, euskal herritarron erabaki eskumen garrantzitsuenak bahituta mantentzen ditu eta berarekin eraman nahi gaitu galbidera.

Emergentzia egoera bizi dugu, jendarteari hori ezkutatzen zaion arren, herri gisa erantzun bateratua emateko beharra nabarmena da, baina hauteskunde bezpera izateak beste behin halako ekimenak baldintzatzen ditu.

Hauteskundeak gorabehera, Euskal Herria aro politiko berri baten bidean prozesu demokratiko betean sartua dago. Halako aro berriak soilik ahalbidetuko du euskal jendartea bere etorkizunaren jabe izatea, eta euskal jendarteak, gehiengoz, aro politiko berri horrek aurrera egitea nahi du. Baita Donostiako jendarteak ere, gehiengoz. Hortxe jendartearen tendentzia-norabide-jite politiko nagusia, ezin ukatuzkoa. Hortaz, zertara datoz Donostiatik entzuten ari garen zalaparta eta iskanbila zarata desatseginak? Atentzio desbideraketa da erantzuna, eta horretarako zer hobea, iskanbila lehenaldiko eztabaidetan sortzen jarraitzea baino.

PSOEk eta PPk ez dute borondaterik Euskal Herrian irekitako aro berriak aurrera egin dezan, bai baitakite herri honen aldaketa eta burujabetzarako aukerak gero eta babes zabalagoa metatzen duela. Arrisku gisa kontenplatzen dute hori, beren estatu eredua kolokan baitago. Atxiloketa eta errepresio mehatxuek ez dute etenik, baina horien antzutasuna agerian geratzen ari denez, tranpa eskandalagarriak (bozkatzeko legearen aldaketa) edo iskanbila-foku berriak piztu beharrean aurkitu dira. Zentzu horretan, lotsagarria da PSOE eta PPko ordezkariek Donostiako azken Udalbatzan eskaini duten espektakulua. Kutxabanken pribatizazioaren alde bozkatzera Kutxako Batzarrera eskapatzeko Bilduko kideen aurkako beste akusazio eta zalaparta bat goratu zuten medioetara. Nabarmenegia da baina, herri honentzako aldaketa bultzatzen dabiltzanen aurka etengabean darabilten kriminalizazio saiakera, azpijokoa eta gezurra. Gainera, horrelako jokabide traketsekin gatazkaren konponbidearekiko duten jarrerari sinesgarritasun itzela kentzen diote, arduragabetasunaren pare mantenduz.

Bitartean baina, bidelagun fidel bat lotu dute aldaketa bilatzen duen sektore oso baten kontra ekiteko: PNV. Adibideen artean, aipatzekoa da Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozio batekin hasi zenak jarraiera izan duela San Markoko ordezkaritzaren aldaketarekin Lasarte eta Donostian. Zertan dabil PNV PPko ordezkari bat goratu eta Bilduren aurka ekiten? Denborarekin ikusiko dugu, baina gerta litezkeenak suposatzeko edonor da kapaza. Nabarmen geratu dena zera da, hiru alderdiek estrategia baten pean bat egin eta komunikabide jakin batzuetan proiektatzen ari den antzezlan neurtuan interpretazio paper desberdinak banatu dituztela, eta funtzioarekin jarraitzeko asmoa dute gainera.

Harrigarriak dira, sinisteko ere benetan zailak batzuen ahaleginak egoera duela urte batzuk zenaren berdinetan mantentzeko. Haatik, antzezlanak ez du lortu jendartearen begietara oharkabean pasatzea. Izan ere, jendarte heldua dugula sinisten dugunok jendarte horrengan ipinia dugu herri honen etorkizunerako bermea, bere aktibazio eta parte hartze gero eta handiagoan. Hala egin ez eta jendartea tenteltzat hartzen tematzea akats politiko nabarmenegia da, komunikazio baliabide boteretsuenen laguntza izanda ere. Ondorio argi bakarra indartzen ari da etengabean: euskal jendarteak berak jarriko du bakoitza berak elikatu duen lekuan.

Aldaketa eta aro politiko berria gauzatzea nahi dugunontzat, aurrera egiteko borondate zintzo eta garbia mantentzeko uneak bizi ditugu, oztopo eta eraso konstanteen gainetik eskua eta elkarlana elkarri luzatzekoak. Zubiak eraiki eta berreraikitzeko ahaleginetan jarraitzea egokitzen zaigu, pazientzia handiz beste behin hornitu, probokazioei uko egin eta guztion artean herri hau eraikitzeko ahaleginetan sakontzen jarraitzea.

Guztion artean lortuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo