GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hainbat sendagile eta erizainen jarrera duinak ageriago utzi du PPren Gobernuaren zekenkeria

Estatu espainolean erregularizatu gabeko egoeran bizi diren 150.000tik gora lagun osasun txartelik gabe geratuko dira datorren irailaren 1ean, eta aurrerantzean larrialdietan baino ez dituzte hartuko. Osasuna, antza denez, ez da eskubide unibertsala; ez PPren Gobernuaren iritziz, behinik behin. Haren legearen arabera, osasuna erosi egiten da, hartarako dirua duenak, jakina. Bazterkeria horren aurrean, txalotzekoa da dagoeneko lege horrekiko objektore agertu diren 1.000tik gora mediku eta erizainen jarrera. Sendagileok profesionaltasuna ez ezik, eskuzabaltasuna ere erakutsi dute, eta medikuntza aukeratu zutenean hartu zuten konpromisoa lege zekenen gainetik jartzen dutela erakutsi dute. Ez dute onartzen inori dirurik zein paperik ez izateagatik osasun arreta ukatzea. Osasun Ministerio espainolak berehala erantzun die hori ez dela objekzioa, intsumisioa baizik. Argudio benetan bitxia Ministerioarena, abortua eta eutanasia kasuetan legearen gainetik kontzientzia eragozpena aldarrikatzen dutenentzat balio ez duena. Sendagile eta erizain horien jarrera duinak espainiar Gobernuaren jokaera xenofobo eta bidegabea nabarmenago agerrarazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo