GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Donostiako aste nagusia. ARATZ TRECET, DONOSTIAKO PIRATEN BOZERAMAILEA

«Piraten kolektiboak ilusioa sortu du hirian; Donostiak sinpatia handia digu»

Azken hiru urtetan Ezkila kapitaina, Donostiako piraten irudia, gorpuztu du. Bere eskutik jai herrikoien alde egin du eta aurten, lekukoa «hurrengo Ezkilari» ematea tokatzen bazaio ere, bide beretik jarraituko du, pirata guztien ahotsa entzunaraziz. Horien izenean, eta kolektiboak dagoeneko hamar urte betetzen dituelako, Trecet udaletxeko balkoira igoko da gaur «Artillero» kantatzera.

p054_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Aste Nagusia hastear dago. Gaur arratsaldean udaletxeak eztanda egingo du eta Kanoikadarekin batera «Artillero dale fuego» kantatuko dute Alderdi Ederren biltzen diren guztiak. Aurtengo Kanoikada, ordea, berezia izango da. Donostiako Piraten kolektiboak, jai herrikoien alde ekiteko sortu zen taldeak, hamar urte betetzen ditu.

Hamarkada honetan hirian jai giroa pizteko egindako lana txalotuko dute gaur udaletxeko balkoitik. Piraten izenean Aratz Trecet bozeramaileak zorroztuko du eztarria ozen «Artillero» kantatzeko eta, bide batez, begira izango dituztenei euren filosofia transmititzeko.

Denbora luzez «itzalean» egon eta gero, nola hartzen da «Artillero» abestuko duzuela jakitea?

Itzalean izan gara, baina uste dut ez dela izan urte batetik bestera eman diguten aitortza bat. Badirudi Udal Gobernuaren aldaketagatik eman digutela, baina ez da hala izan. Urtetik urtera gure lanaren fruituak jasotzen joan gara. Egitaraua zabaltzen eta osatzen joan gara, gero eta handiagoa da.... hortaz, saltoa pixkanaka etorri da.

Gure garrantzia aitortzea ondo hartu dugu, baina pauso hau ez da bat-batekoa izan. Urtero jendearen aldetik jaso ditugun balorazioak eta zorionak, horrek betetzen gaitu. Horiei esker jakin dugu gauzak ondo egiten ari ginela. «Artillero»-n piratak izan behar genuela jakitean asko poztu gara, baina guretzat aitortza beste bat da.

Pauso natural bat izan da, beraz, hiritarren idoloak zarete...

Piraten kolektiboak sekulako ilusioa sortu du hirian. Jendearekin hitz eginda, nahiz eta egitarauko ekintzetan parte ez hartu, sinpatia handia digu. «Eskerrak hiri honi bizia ematera etorri zareten», esaten digute. Jendeak Aste Nagusia bere baitan eta suak maite dituen arren, ondo ikusten du paraleloki beste gauza batzuk egotea. Jendeak beti era positiboan begiratzen gaitu eta ni horrekin harrituta nago.

Odon Elorza alkate ohiak ere onartu zuen Piraten garrantzia Abordatzea egitarauan sartuz.

Ekitaldirik jendetsuenetarikoa eta, era berean, parte hartzaileena da. Piratek dugun altxorra da Abordatzea. Gainera ekitaldi errebindikatiboa da; Donostia jai herrikoien alde abordatzen dugu. Oraindik ere izaera horri eusten dio eta, gainera, hain ondo funtzionatu du, ezen jendeak suekin konparatzen baitu.

Donostiatik kanpoko piratek ere parte hartzen dute, ezta?

Guri gehien interesatzen zaizkigunak donostiarrak dira, beraien jaiak direlako. Halere, ez diogu inori aterik ixten. Estatu espainoletik etortzen den jendea ere badago. Abordatzearekiko sekulako maitasuna dago. Nire lagun batzuek Abordatzean ezkondu nahi zuten, pirataz jantzita!

Aurtengo Kanoikadaren «kapitaina» izango zara. Nolakoa espero duzu izatea?

Egia esan, inoiz ez naiz Kanoikadara joan, eta piratei esan zigutenean «Artillero» abestu behar genuela Interneten sartu nintzen, bideoak ikusi nituen eta esan nuen: «Ai ama! Banekien zozoa zela, baina hainbesteraino?»

Ez dugu asko hitz egin, baina saiatuko gara jai giroa sortzen, egoera horri buelta ematen. Ez dugu dagoena kendu nahi, zeren agian gazteok ez dugu txupinazoa hainbeste sentitzen, baina badakigu jende askori gustatzen zaiola.

Hala ere, guk gure txupinazoa La Flamenkaren irekierarekin batera egiten dugu, eta hori bada beste herrietan ikusten diren txupinazoen tankerakoa. Suziria botatzen dugunean «festara» esan nahi dugu eta ez «kantatzera»; hau da, «hasi dira jaiak eta goazen ondo pasatzera», bat-bateko kolpea. Sentimendu hori hori da guk transmititzen saiatzen garena.

Hamar urte betetzen dituzue, kolektiboa ari da koxkortzen, zerbait berezirik ba al duzue prestatuta?

Urtero saiatzen gara egitarauan gauza berriak sartzen eta aurten umeen egitaraua zabaldu dugu. Aste osoan, goiz eta arratsaldez, ekitaldiak izango dituzte txikiek. Gainera Abordatze Txikia egingo dugu, haurrek aspalditik eskatzen zigutelako. Ikusten genuen azpiegitura eta segurtasun aldetik ezin genuela egin eta horregatik behar izan dugu horrenbeste denbora. Aurten gauza xumea izango bada ere, lortu dugu igerileku batzuk jartzea umeek ere Donostia abordatu dezaten. Helduen Abordatzea bera ere berezia izango da, baina ez dut ezer aurreratu nahi. Jakin-mina duenak astelehenean etor dadila portura ikustera.

Komunikazio aldetik, hamar urteko historia laburtzen duen dokumental bat egiten ari gara. Sorreran zegoen lantaldearekin, musikariekin eta gaur egungo antolakuntzarekin elkarrizketak egiten ari gara gure filosofia zein den islatzeko.

Eta aurtengo beste gauza berri bat sakelako telefonorako prestatu dugun aplikazioa da. Modernizatu egin gara! Orain gure egitaraua telefonoan Internetetik deskargatu daiteke, ondoren partekatu eta agendan sartzeko. Gauza hauek txikiak dira, baina uste dut gure urteurrena borobiltzen dutela.

Lehenengo Trinitate plaza, gero portua. Gero eta toki handiagoa duzue zuentzat. Orain zer?

Espazio aldetik uste dut borroka irabazi dugula. Duela bi urte Trinitate plazan jarri genuen La Flamenka gunea. Aurreko urtean portura etorri ginen, eta aurten Nautikoraino zabaldu dugu gure gunea. Urtero lema bat ateratzen dugu eta aurtengoa da «Lotu guregana eta aska ditzagun amarrak». Leloa antolakuntzaz ari da. Espazioa lortu dugu eta orain sendo antolatu behar dugu. Aurten kofradiak sortzearen aldeko apustua egin dugu.

Eskifaia gazte kofradia izan da sortzen lehenengoa. Hurrengoak martxan al daude?

Aurten gazteen kofradia hori bakarrik sortu da, gazteak izan ginelako piraten hasierako motorea. Piraten kolektiboa sortu eta bost urtera gazte, haur eta helduen arteko harremana bultzatu genuen. Gazteek hamar urteko ibilbidea daramate, baina gazte eta haurrek gutxiago, hortaz, ez dugu erreala ikusten beraiek ere kofradia aurten ateratzea. Hala ere, lantaldeak osatu dituzte eta datorren urteari begira antolatzen ari dira.

Kofradia horietan zuek bultzatzen duzuen elkarlana gorpuzten ari da.

Bai, jende asko gara egunean bertan eta lehenago lanean ari garenak. Ikusten genuen antolatzeko modu bat behar zela, genuen sistema txikiegia zela guretzat. Hausnarketa egin genuen eta kofradien planteamendua sortu zen. Uste dut oso egokia dela gure mugimenduari begira.

Orain arte zu izan zara Ezkila kapitaina. Nola sortu zen ideia?

Duela 5 urte sortu zen. Gure filosofia euskalduna, parekidea, ekologista eta parte hartzailea transmititzeko pertsona bat behar zela ikusi genuen, eta pertsonaia hori beste piratentzako erreferentea izan behar zela. Orduan sortu zen Ezkila. Pedro de Agirre Campanario XVI. mendeko piratan oinarritutako pertsonaia da, eta guk gure filosofiari helduz -parekidetasunari jarraituz- emakume bihurtu genuen.

Santa Klara irlan badago barku bat eta bertatik botatzen dugu urtero suziria. Duela hiru urte barkuaren gidariak esan zigun inoiz ez geniola barkua apaintzen eta ni pirataz janztea nahi zuela. Orduan pentsatu nuen pirataz baino, Ezkilaz jantziko nintzela. Ni banaiz txupinazoa botatzen duena, eta barku horretan Ezkila badator, bada, ni sartuko naiz Ezkilaren paperean eta benetan etor dadila. Ordutik Ezkila toki guztietan izaten da: udaletxean, ospitalean, umeen egunean... eta honela sortu zen Ezkila pertsonifikatua.

Aurten erabaki dugu Ezkilak baduela ospe bat eta jendearen izarra dela nolabait. Eskifaia kofradia sortu denez, bertako bati Ezkila izateko aukera emango diogu eta honela joango da aldatzen, kofradia bakoitzaren balioak azpimarratu ditzan. Aurten kendu didate lekukoa...

Maddalen Lizaso Eskifaia kofradiako kidea izango da Ezkila kapitaina. Zein gomendio emango zenioke?

Disfrutatzeko. Aurten pena gehiena ematen didana da Abordatzearen suziria ez botatzea. Ez da protagonismoa... azkenean zu zara 5.000 pertsonaren ordezkari fisikoa eta horrek karga bat dauka, urduri zaudelako, baina era berean uste dut aukera aprobetxatu behar dela jende horren aldarri guztiak zeure egiteko.

Uste dut Maddalenek oso ondo egingo duela, ni baino lotsa gutxiago dauka-eta. Nik hasieran oso gaizki pasatzen nuen. Ematen diodan gomendioa pertsonaiaz gozatzea da. Mozorroak zure burua askatzeko aukera ematen dizu. Traje hori aprobetxatu behar du aldarria emateko, baina baita Donostian barrena jaia zabaltzeko.


 

ABOrdatzea

«Ekintza honekiko sekulako maitasuna dago. Nire lagun batzuek Abordatzean ezkondu nahi zuten pirataz jantzita»

garrantzitsuak

«Lanaren fruituak jasotzen joan gara; pauso hau ez da bat-batekoa izan. Jendeari esker jakin dugu gauzak ondo egiten ari ginela»

EZKILA KAPITAINA

«5.000 pertsonaren ordezkaria zara eta horrek karga bat dauka, baina aukera aprobetxatu behar da guztien aldarriak zeure egiteko»

KANOIKADA

«Inoiz ez naiz Kanoikadara joan eta Interneten ikusi nituen bideoak. Banekien txupinazoa zozoa zela, baina hainbesteraino?»

Ezkila eta Matti gauean iritsiko dira La Flamenka gunera, suziria bota eta gero, jai giroan bete-betean barneratzeko

Donostiako jaiak ofizialki arratsaldeko zazpietan, Kanoikadarekin batera, hasiko badira ere, Piratek euren txupinazo propioa dute. Iaz egin zuten lehenengo aldiz eta, kontatu digutenez, jendeak ez zekien oso ondo zer egin behar zuen. Aurten berriro prestatu dute txupinazo pirata portuan, aste osoan zehar La Flamenka izena izango duen gunean.

Ezkila kapitaina Santa Klara irlatik iritsiko da Donostiara, barkuan, 21.30 aldera, baina aurten lagun berri batekin dator: Matti. Pertsonaia hau urtean zehar piratentzako eredu bat izan den eragile edo kolektibo bat omentzeko erabiliko dute. Ezkila sortzen diren kofradietako neska batek gorpuztuko du eta Matti jarrera eredugarria izan duen kolektibo horretako mutil bat izango da. Aurten, Martuteneko bizilagunak ekarri nahi dituzte gogora piraten iazko leloan auzolana azpimarratzen zutelako, eta auzo horretan izandako uholdeen ostean sortu zen lankidetza eta elkartasuna ikusita, jokabide hori txalotzea erabaki dute.

Hala, Maddalen Lizasoren ondoan (Ezkila kapitaina) Martuteneko bizilagun Jose Javier Seco Txefo (Matti) izango da gaueko protagonista. Azken hau Martin de Villafranca baleazale donostiarrean oinarrituta dago. 1615. urtean Islandiara abiatu zen beste arrantzale batzuekin batera eta han euren ontzia hondoratu egin zen. Berak izan ezik, gainerako arrantzale guztiak Donostiara itzultzea lortu zuten. Islandiako Gobernuak, Danimarkaren erreinuaren menpe, Martin lapurretaz akusatu eta hiltzera kondenatu zuten. Badago islandiar poema bat, zeinak kontatzen duen nola berak baleak harrapatzen zituen eta balea bat bezala hil zuten.

Ezkilak eta Matti, Aste Nagusi Piratari hasiera emateaz gain, astelehenean Abordatzean, asteartean udaletxeko hamaiketakoan eta ostiraleko enkarteladan izango dira. Ospitalera ere joango dira, umeekin egotera, euren burua aurkeztera eta piraten balioak zeintzuk diren azaltzera. Gaur, Kanoikadan ez dira izango, ordea. Ez dezagun ahaztu beranduago iristen direla Donostiara.

Antolakuntzak jendeari eskatu nahi dio Abordatze egunaz gain, gaurko txupinazoan eta datorren ostiraleko Kuadrillen Egunean pirataz jantzita agertzea, Ezkila eta Mattirekin batera jaian barneratzeko. N. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo