GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Aurrera, Iosu!

Ikaragarria begitandu zitzaidaan joan den asteazkenean egunkari honek argitaratu zuen elkarrizketa. Hirea, Iosu. Ikaragarria NAIZen irakurri nuen gutuna, gose greba hasteko erabakia iragartzeko bidali huena. Eta garaiz kanpoko gutuna idatzi nahi nikek, argitaratzerako zaharkitutakoa, alegia. Nahiago nikek gaurko egunkaria etxean irakurri ahalko bahu.

Ez natzaik hasiko Gobernuaren, Estatuaren ankerkeriaz-eta, heuk inork baino hobeto dakik-eta hartaz. Hala ere, ezin diat saihestu elkarrizketan eta gutunean sumatu nuena eta Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijoren hitzek agertzen dutena alderatzea. Alde batean, sendotasuna, senper orduan erakusten hain zaila den sendotasun harrigarria; bestean, doilorkeria eta inpunitateak ematen duen lotsagabekeria. Bagenekian Urquijori bost axola diola hiri gertatzen zaianak, baina ez zeukaan esan beharrik, gutxienik itsusia duk-eta instituzio baten ordezkariak halakoak esatea. Nolanahi ere, eta horregatik hain zuzen, ez duk Gobernu espainolaren ordezkari txarra; aitzitik, oso ondo ordezkatzen ditik haren jarduna gidatzen dituen sentimendu makurrak.

Atzo goizean jakin nian Espetxe Erakundeko ordezkariak esandakoen berri. Ez huela kolaboratu nahi egin behar duten baloraziorako... Barregarri bezain nazkagarria. Eta Leopoldo Barredak, hire gose grebaz ari zela, «xantaia» hitza erabiltzeko ausardia izan zian. Nortaz eta, muturreko egoeran egonda, oinarrizko eskubideak errespetarazteko bere burua muturraren muturreraino eraman behar izan duenaz ari zela.

Erabaki gogorra hartu duk, egoera ezin latzagoan. Hala ere, bazakiat goseak eta zorabioek eta amorruak eta ziurgabetasunak baino gehiago kezkatzen hautela etxekoek. Eurek bezala, hire erabakia errespetatzen diat, nola ez, ba, eta hura aurrera eramateko nire adore guztia helarazi nahi niake. Bazakiat oso erraza, oso erosoa dela jarrerarik gogorrena bultzatzea norberak eutsi behar ez dionean. Horregatik, nire adorearekin batera, heure eta gainerako preso gaixo larrien askatasuna lortzeko neure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa ere helarazi nahi diat.

Ez haut ezagutzen, Iosu, baina bazakiat, ondo jakin ere, aparteko laguna haizela. Duintasun lezio ikaragarria eman diguk. Gogoan haugu etengabe, hirekin gaudek. Aurrera bolie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo