Mendixka hondakindegia geldiarazteko, auzitegietan kokatu dute orain gatazka
Astelehenean jakingo da Bil ta Garbiri Sarrikotapean hondakindegia eraikitzeko emandako baimena legezkoa den ala ez. Proiektuaren kontrakoek salaketa gehiago iragarri dituzte, tartean, Alain Iriarten aurkakoa.
A.M. | BAIONA
Duela egun batzuk Mendixka hondakindegia eraikiko den lur eremuan sartu ziren kamioiak eta hondeamakinak jendarmeen zaintzapean, sarrera oztopatzen zuen herritar talde bat handik bota ostean.
Terre Verte elkarteak eta Sarrikotapeko Herriko Etxeak ez dute, haatik, 2006tik Bil ta Garbiren (Ipar Euskal Herriko etxe-hondakinak kudeatzen dituen erakundea) proiektuaren kontra daramaten borroka bukatutzat eman. Auzitegietako bidea areagotu dute oraingoan.
Herenegun, Paueko Auzitegi Administratiboan Bil ta Garbiri emandako eraikuntza baimenaren legezkotasuna aztertu zen. Terre Vertek salatutakoaren arabera, 5.000 metro koadrotik haragoko azalera hartzen duten proiektuei exijitzen zaien agerpen publikoa ez da egin eta, hortaz, beren ustetan, baimenak ez ditu legeak exijitzen dituen baldintzak betetzen.
Auzitegiak datorren astelehenean jakinaraziko du erabakia. Halere, Alain Iriart Bil ta Garbiko lehendakariaren esanetan, deliberoa dena delakoa izanda ere, orain zorua prestatzeko egiten ari diren lanekin ez luke zerikusirik izanen, «horiek beste baimenak baitituzte».
Alabaina, Terre Vertekoek gogorarazi dutenez, prefetarekin izan zuten bilkuran honek Auzitegiak arrazoia ematen badie kamioiak bertatik atera beharko dituztela eta lurzorua hasieran zegoen egoera berean utzi beharko dutela esan zien.
Hirigintzako arauak
Dena dela, salaketa hori ez da hirigintzako arauen bide korapilatsuan hondakindegiaren kontrakoek daramaten lehen prozedura, ezta azkena ere. Izan ere, Jean-Bernard Serbielle Terre Verte elkarteko buruak salaketa berria aurkeztuko duela iragarri du. Oraingoan zuzenean Alain Iriart kontseilari nagusia akusatuko dute eraikitzeko baimenetan azaleretan diferentziak daudela-eta, «faltsutzea» egin duelakoan. Gainera, Pirinio Atlantikoetako prefeta lekuko gisa entzuteko eskatu dio auzitegiari.
Bil ta Garbik bere harridura agertu du, hain zuzen, baimen horiek guztiek prefekturaren oniritzia dutelako. Datorren astean, osteguneko auziko erabakia jakin ondoren, bere asmoen berri emango duela agindu du.
Auzitegietako bideaz gain, Sarrikotapeko proiektuaren kontrakoek politikariei ere dei egin diete. Zuzenki Jean Lassalle diputatuarekin ere mintzatzekoak dira, aferan esku har dezan.