Aizkora | Hirugarren Maila
Finalean izateko beste bi txartel egongo dira jokoan Leitzako kanporaketan
J.L.
Aizkora gustuko dutenek, asteburu oparoa izango dute, bi lehiaketa garrantzitsu jokatuko baitira, eta horiekin gozatzeko aukera ezin hobea izango dute.
Gaur, 19.00etatik aurrera Leitzan izango da Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren kanporaketa eta gaurkoan ere bi onenek lortuko dute finalerako txartela. Joan den astean, Beintzan, Kañamares III.ak eta Kastrok lortu zuten bezalaxe.
Jauregi, Garcia, Txikon, Intxausti, Jon Larrañaga, Dorronsoro, Uzkudun, E. Saralegi, R.Saralegi, Telletxea eta Olano II.a arituko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Finalerako sailkatzeko faboritoen artean Arkaitz Jauregi eta Eneko Saralegi dira; azken hau, gainera, etxean arituko da, eta ez du hutsik egin nahiko bere zaleen aurrean.
Bihar, berriz, 18.30etik aurrera Sunbillan jokatuko da Ramon Latasa saria, eta aurtengoan ere bi maila ezberdin jarri dituzte. Txapelketa honek gero eta ospe handiagoa lortu du, eta bihar ere jendetza batuko da.
Maila nagusian, Nazabal-Arrospide, Larretxea-Otaño eta Lopez-Atutxa II.a neurtuko dira. Launa saio egin beharko dituzte, eta lan guztietako denborak batutakoan jakingo da zein izan den lehiaketako irabazlea.
Gazteen mailan, berriz, Larretxea-Mugertza II.a, Otaegi-Olano I.a eta Rekondo-Erasun lehiatuko dira. Hauek, berriz, hiru proba ezberdin egin beharko dituzte, eta denak batuta denborarik onena duenak lortuko du garaipena. Bikote guztiak oso orekatuak dira, eta ikuskizuna ziurtatuta dago.