trontza | Emakumezkoen Euskal Herriko finala
Sorondo eta Garcia, txapeldun
Bikote nafarrak hasieratik bukaerara agindu zuen atzo, Aian jokatu zen saioan. Beroa izan zen ekinaldiko protagonista nagusia.
Jon LEUNDA
Sorondok eta Garciak irabazi zuten atzo emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa. Aiako pilotalekuan jokatu zen finala. Beroa izan zen han ere protagonista, sekulakoa egin baitzuen, baina, hala ere, harmailak ia jendez bete ziren.
Lau bikote aritu ziren lanean, eta bakoitzak etzandako 45 ontzako enborrari hamar epai eman behar izan zizkion. Sorondo eta Garcia jaun eta jabe izan ziren hasieratik bukaerara. Hastapenean, Ferran eta Varela arabarrek eutsi egin zieten, baina apurka-apurka atzera egin zuten saioan zehar.
Txapela jantzi zuen bikoa tartea zabaltzen joan zen, eta atzetik, Nuñez eta Lopez nafarrak, Arabako bikotea gainditu, eta Sorondoren eta Garciaren bila abiatu ziren. Ordurako tarte handia zen, eta txapela jantzi zuen bikoak ez zuen aldeari eusteko aparteko arazorik izan, lehen postua ziurtatuta.
Bigarren postuan sailkatu ziren Nuñez eta Lopez. Behetik gora etorri ziren, eta amaieran podiumeko bigarren lekuan geratu ziren. Ferran eta Varela oso ongi hasi ziren, baina hauek behera egin zuten, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Gustura, gainera, atzetik ia gainditu baitzituzten Sanchezek eta Urrizak.
Azken hauek itxi zuten atzoko finaleko sailkapena. Hasieratik geratu ziren atzean, eta ezin izan zituzten aurrekoak harrapatu, nahiz eta Ferran eta Varela amaieran ez zituzten izan oso aparte, baina ez zuten lortu.
Leku berean jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako finala ere, baina kasu honetan gizonezkoena. Hiru bikote neurtu ziren, eta bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarrita zegoen 45 ontzako enbor bati, eta beste bost, zutik jarritakoari.
Pikabea anaiak ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Neurketa, ordea, oso polita izan zen, Etxenikek eta Irigoienek osatu zuten bikotea beti gainean izan zutelako, eta une batzuetan aurretik ere bai. Amaiera aldera, aldiz, tartea gehitzen joan ziren, eta bukaeran estutu gabe lortu zuten garaipena, 36 segundoko tartea egon baitzen bien artean.
Oteiza eta Berruzeo, berriz, azken postuan sailkatu ziren, eta ez zuten aurrerago sailkatzeko inongo aukerarik izan. Etzandako lehen saioan nahiko ongi aritu ziren, baina zutikakoan erabat atzeratu ziren, eta hiru minututik gora galdu zituzten.
Mutiletan Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatu zen. Pikabea anaiak ziren txapela lortzeko faboritoak eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta horretarako lana oso ongi egin behar izan zuten.
Orga-jokoko Euskal Herriko finala jokatuko da gaur Algortan 18.00etan, eta Oskar Perez izango da hori irabazteko faboritoa.
Berarekin batera, Saez de Castillo, Fernandez de Retana, Pujana, Joxe Lapazaran, Arreitunaindia, Bujan, Casuso eta Lartzabal lehiatuko dira.
Kirolariek gurdiaren atzealdea besoetan hartu, eta lurretik altxatu ostean, ahalik eta itzulirik gehien ematea izango dute helburu.
Perezek joan den urtean lau itzuli pasarekin jantzi zuen txapela, eta orain dela bi urte, berriz, Xabier Urrestik irabazi zuen, eta hark ere lau itzuli pasa egin zituen. Aurten ez da arituko.
Beraz, aurrekari horiek denak kontuan hartuta, pentsatzekoa da aurten garaipena eskuratu behar duenak ere lau itzulitik aurrera joan beharko duela, txapela jantzi nahi baldin badu. J.L.