Udate
75 urtean gordetako Gernikako bizipenak azaleratu ditu «Egurtxiki» amerikarrak
«Gernikako egia» ezagutu eta zabaltzea zen bere nahia eta horretarako, William Smallwood «Egurtxiki» amerikarrak, euskara ikasi eta Gernikan eman zituen hilabete luzeak, Francoren erregimenak isilarazita zituen herritarren konplizitatea bereganatu eta 1937ko apirileko egun haietan jazotakoak kontatzeko. Sekula azaleratu gabeko testigantza haiek ingelesez idatzitako «The day Guernica was bombed» liburuan bildu ditu orain.
Ane ARRUTI | GERNIKA
«Hori zintzoa da», esan zioten William Smallwood Egurtxikiri Gernikan eta hiru hitz horiek betiko iltzatuta gelditu zitzaizkion. Denbora eta pazientzia handiarekin pixkanaka-pixkanaka bereganatutako konfiantzari esker lortu zuen AEBetako biologo eta idazle honek, bonbardaketa jasan eta bizirik iraun zutenen artean, 129 herritarren testigantzak jasotzea. 1972an egin zituen elkarrizketak eta orain arte isilpean egon dira Egurtxikiren Arizonako artxiboan. «The day Guernica was bombed. A story told by eyewitnesses and survivors» (Gernika bonbardatu zuten eguna. Lekukoen eta bizirik iraun zutenen kontakizuna) liburuan bilduta, atzo aurkeztu zituen Gernikan bertan, editore lanak egin dituen Bakearen Museoan. «Liburua ez da nirea, Gernikako jendeak egin ditu berbak», esan zuen, eta haiei eskaini zien lana.
Berarekin batera, Xabier Irujo historialariak bigarren liburu bat aurkeztu zuen «El Gernika de Richthofen» -gaur GARArekin argitaratzen den «Gaur8» gehigarriak Irujori egindako elkarrizketa sakona dakar-.
Txapela buruan eta ikurrinadun kaiku beltzaren botoiak goraino lotuta -atzo eguerdian egiten zuen beroarekin- kontatu zuen, euskaraz, bere istorioa Egurtxikik, bete-bete egindako museoko prentsa aretoan. «Bero», bota zuen gorri-gorri eginda, baina bi prenda horiek beretzat zuten garrantzia zela-eta, azalpenak bukatu bitartean ez zuen kaikua kendu -txapela mantendu egin zuen-.
Orain 82 urte beteta eta gerra pilotu izanak utzitako gorreri puntuari aurre eginez, Amerikara joandako euskaldunen bitartez Euskal Herriaren inguruko jakin-mina nola piztu zitzaion ekarri zuen gogora Smallwoodek. Lau hilabetez artzainekin mendira joan zen euskara ikastera eta han izendatu zuten txapela jantziz «Egurtxiki, euskaldun honorario». Ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz, Gernikara etorri zen oporretara.
Goiz batez, Lumoraino igo eta Gernikako teilatu gain gehienak berriak zirela ikusita, bonbardaketa etorri zitzaion gogora. Herrira jaitsi, eta aurretik AEBetan ibili zen eta dagoeneko laguna zuen Bar Boiseko tabernariari galdetu zion 1937an jazotakoaren inguruan. «Aurpegia aldatu zuen eta begiak gogor jarri zituen. Ezer esan gabe, albo batera alde egin eta limoiak mozteari ekin zion», ekarri zuen gogora Egurtxikik. Gero, ingelesez, «no talk politics» (ez hitz egin politikaz) errepikatu omen zion behin eta berriro.
Ez zuen ulertzen jendeak, hainbeste urteren ondoren, isilik jarraitzea. Neska bati kontatu zion gertatutakoa eta hau negar batean hasi zitzaion eta bere amari gertatutakoa kontatzera ausartu zen.
Antza, bonbardaketen ondoren iritsitako apaiz frankistak, egunero errepikatzen zien pulpitutik eurek herriari su eman izanagatik, bekatu hori barkatzeko, penitentzia egin behar zutela. Behin, bi emakume apaizari hurbildu zitzaizkion hori horrela ez zela azaltzera, Francoren hegazkinak izan zirela herria suntsitu zutenak. Apaizak elizatik kaleratu ondoren, hurrengo egunean Guardia Zibilak bi emakume hauek euren etxeetatik atera, kale erdian ilea larru-arras moztu eta eskuak bizkarrean lotuta, herrian zehar paseatu zituzten. Gero 36 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zieten.
Istorio lazgarri hori entzunda ulertu zuen egoera -eta Bar Boiseko lagunaren jarrera- Egurtxikik. «Francok gezur handia esan zuen eta nire bihotza oso txarto sentitzen zen etxera bueltan. Nire buruari esan nion: `Gernikara bueltatu eta topatu egia, Egurtxiki!'».
Jose Antonio Arana lagun
AEBetan berriro ere euskara ikasteari ekin zion Egurtxikik, «hau `zorua' da» esaten zioten artzainek. Baina 1971n, Euskal Herrira bueltatzean ikusi zuen euskararik gabe ezingo zuela gernikarrengana hurbildu. 1972ko martxoan, Joe Cenarrusa, Idahoko estatuko Estatu idazkariaren semea ere, emaztearekin batera, eztei-bidaian etorri ziren eta Jose Antonio Aranarekin kontaktuan jarri zuten. Bere etxean bazkaltzera gonbidatu zituen Aranak; haren bitartez Beiztegi komandantea ezagutu zuen eta honek Donostian bazkaltzera gonbidatu, gudari ohiekin batera. Jendea ezagutuz, elkarrizketatu ahal izateko testiguak batzen joan ziren eta Parisen ere izan zen, orduko euskal gobernuko kideekin hitz egiten.
Gernikan, Egurtxikik Arrienen hartu zuen ostatu. Hara sartzerakoan, Castor Arrienek, bertako ugazabak, begiarekin keinu egiten zion egun horretan berarekin hitz egiteko prest zegoen norbait bazeukan. Orduan, Miren zerbitzariak plateraren azpian papertxo bat uzten zion; «kontuz! batera eta bestera begiratuz, inork ikusi gabe», zehaztu zuen amerikarrak. Bertan helbide bat eta ezizen bat izaten zituen adierazita; izen-abizenak gudariak zirenean baino ez. Horrela lortu zituen, banaka-banaka, 129 herritarren testigantzak.
Klandestinitatean egindako elkarrizketa haien nondik norakoak ere azaldu zituen atzo. Beti beste norbaitekin joaten zen hitzorduetara eta ez zegoen inolako grabagailurik tartean. Idatzi egiten zuen entzundakoa eta, amaitutakoan, lagundu zion hark Baionara bidaltzen zuen testua, elkarrizketatuaren ezizena goiburu zuela, eta handik AEBetara. Bera ez zen sekula hotelera testuekin itzuli. Behin Arizonara itzulita, zerrenda bat bidali zioten elkarrizketatu bakoitzaren ezizenaren ondoan izen-abizenak azalduta.
Dokumentazio hori guztia orain Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentroari eman dio Egurtxikik, mundu guztiak ezagutu dezan. Liburua ere, Xabier Irujorenarekin batera, Bakearen Museoan eskuratu daiteke.
Euskal Herritik AEBetara joandako artzainekin ikasi zuen euskara William Smallwoodek. Mendian hilabeteak egin zituen eurekin eta Basilio Iriondok, txapela buru gainean jarriz, «Egurtxiki» izena jarri zion, bere abizenaren itzulpena, alegia.
Apaizari benetan gertatutakoa kontatzeagatik bi emakumek kalean jasandako umiliazioa eta kartzela zigorra kontatu zizkion haietako baten alabak. Orduan sentitu zuen Gernikara bueltatu eta «egia topatu» behar zuela.