GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Araiak umoreari helduko dio berriz XIX. Antzerki Jaialdiarekin

Murrizketei aurre eginez, Araiako XIX. Umorezko Antzerkiaren Jaialdiari hasiera emango diote gaur Arabako herrian. Asteazkenera arteko egitaraua dute eta, esaterako, «Lingua Navajorum», «Kolectivo Mostrenko» eta «Ametsetan Bizi!» antzezlanak izango dira ikusgai.

p050_f01.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Araiako Umorezko Antzerki Jaialdiaren hemeretzigarren edizioak gaur irekiko ditu ateak. Hilaren 15era arte etenik gabe, antzezlanek hartuko dituzte Araiako kaleak, herritar zein kanpotarren gozamenerako. Aurtengo saiorako izandako %20ko murrizketei keinu adierazgarria eginez, guraizeek eta euro bateko txanpon batek osaturiko panpina protagonistatzat duen kartela aurkeztu zuten aurreko hilean.

Porpol Teatrok sortua, dudarik gabe, urteen poderioz sona handia hartzen joan den jaialdia da, bere tokia lortzeraino. Egun, hainbat kolaboratzaile izan arren, kudeaketa lana Porpolek egiten du oraindik ere. Antzerki konpainia horren aurpegi ezagunena Javier Alkorta Txortas, dugu. Aurretik Denok izeneko Gasteizko antzerki kooperatiban ibilia, Gasteizko Udalak bertako jaialdiaren antolakuntza bereganatzerakoan sortu zitzaion araiar honi bere herrian antzeko zerbait sortzeko ideia.

Hasieran «lau orri besterik ez» ziren Araiako antzerki jaialdiaren proiektu hura 1994an errealitate bilakatu zen. Haatik, arazo dezente izan zituen bere lehenengo urtean. Hainbeste, Alkortaren hitzetan, «lehenengo edizio hori gauzatzen bagenuen, mirari bat izango zela pentsatzera iritsi nintzela». Izan ere, hasierako urte hartan, herriko frontoian ezarri zen karpa batean kokatu zen jaialdia, baina langileak bi ordu aurretik iritsi ziren hitzordura: «Heldu ginenerako burdinazko 24 pika zituzten sartuta, frontoiko lurzoru guztia hondatuz», aitortu du Alkortak.

Alfredo Saez de Arregi, orduko Araiako alkatea, hasierako lan gogorrez ere oroitzen da: «Asmo handirik gabe baina sakrifizio ugarirekin abiatu ginen, hainbeste, antolatzaileoi jaialdiak urtebete iraun zigula». Orduan, gauza iragankorrago batean pentsatzen zutela aitortu du Saez de Arregik, «baina orain polita da 19 urte iraun eta gero gelditzeko itxurarik ez duela ikustea».

Urte hauetan guztietan zehar, hori bai, garrantzia handia izan dute Araiako Antzerki Taldeak eta herritarren laguntzak. Kolaboratzaile andana dituen ekintza da Araiakoa. Horietako bat da Koldo Martinez de Contrasta; lehenengo urtetik jarraitzen du ahal duenean laguntzen. Berak ere gogoan ditu ezusteko ugari: «Argiztapen arazoetatik hasita, azken orduko ekaitzetatik pasatuta eta kiroldegiko sabaian beroari aurre egiteko inprobisatutako aspertsoreetaraino».

Martinez de Contrastaren aburuz, inork ez zuen espero lortutako arrakasta, «are gutxiago, urtero sortzen duen ikusmina». Antolatzaile lanez gain, Jaialdiko «Avanti» obran aktore lanetan ere ibiliko den Alkorta ere iritzi berekoa da: «Eguneko bi ikuskizun eta 680 pertsonarentzako edukiera izanda, sarrera guztiak saltzeak argi erakusten du jaialdiaren arrakasta».

Bost eguneko egitaraua

20.00etan ekingo dio gaur Araiak umoreari. Ordu horretan «Mediopelo» antzezlana izango da ikusgai Ganso & Cia konpainiaren eskutik, herriko plazan. Ondoren, 21.45ean, Andra Mari aretoak hartuko du Antonio Remachadoren «Kolectivo Mostrenko» ikuskizuna. 22.30ean, «Avanti», Traspasos Kultur-en eskutik, Arrazpi kiroldegian. Gaueko hamabi eta erdietan eta larunbateko egitarauari amaiera emanez, «Humanus Comicus» antzerkia izango da, Niño Costrini konpainiarekin.

Igandean, euskarazko hiru lanetako bat antzeztuko da: Trapuzaharraren «Ametsetan Bizi!», 13.30ean. Etenaldi eginez, arratsaldeko zortzietan ekingo diote berriz umoreari Producciones Viridianaren «En la cadiera»-rekin. Segidan, «Kolectivo Mostrenkok» errepikapena egingo du 21:15ean. Azken emanaldia «Aquí va a pasar algo», Zanguango Teatro Producciones-ena izango da.

Astelehenean, ostera, emanaldi bakarra izango da. Duela gutxi estreinatutako Ez Dok Hiru-ren «Lingua Navajorum» ikuskizunaz gozatu ahal izango dute bertaratuek Arrazpi Berri kiroldegian.

MURRIZKETAK

Murrizketek aurtengo jaialdiaren egitarauari eragin diote. Batetik, antzezlanen ibilbidea herri erdietara mugatuko da, zazpira, hain zuzen. Bestetik, hiru antzezlan bakarrik izango dira euskara hutsean.

Fitxa

Lekuak: Herriko plaza, Arrazpi kiroldegia eta Andra Mari aretoa.

Data: Gaurtik hasita hilaren15era arte.

Sarreraren prezioa:

Helduak 12 euro; haurrak, 5.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo