GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Bero latzak eta Aurrera dantza taldeak eman zieten hasiera santiburtzioei

Urtebete zain eman ondoren, San Tiburtzio jaiak Leitzan dira berriz ere. Aurretik ere, joan den asteburuan, Erreparto Eguna eta Haurren Eguna ospatu zituzten, festak astebete aurreratuta, baina ofizialki atzo hasi ziren jaiak Nafarroako herrian. Suziria piztea Aurrera dantza taldearen ardura izan zen.

p053_f02.jpg

Aitor AGIRREZABAL | LEITZA

Bero itogarria izan zen Leitzan egun osoan zehar, baina horrek ere ez zituen atzera bota herritarren festa gogoa. Eguraldiari aurre eginez, plaza jendez lepo agertu zen atzo arratsaldean San Tiburtzio jaiei ongi etorria emateko.

Hala ere, txupinazoaren aurretik ere, bazen nahikoa jai Leitzan. Eguerdian, kuadrillen arteko herri kirolek, herrikideen arteko lehia sanoa ekarri zuen. Atzoko bero zakarrarekin, ariketa sanorik egitea zaila zen, ordea. Irabazleak, gosea ondo piztuta zutenak, prestatutako herri-bazkarira gonbidatu zituzten galtzaileek.

Sabela ongi beteta zutela eman zieten hasiera jaiei. Arratsaldeko seiak iritsi bitarte, herrikideak kalean leku fresko bila aritu ziren, han edo hemen trago bat hartuta. Bazkalostean ez zegoen itzaletan egotea baino plan hoberik. 18.00etan piztu zuten jaiei hasiera ematen dien suziria, eta aurten Leitzako Aurrera dantza taldeak izan zuen ohore hori. Urtero jai batzordeak erabakitzen du herriko kolektibo edo lantalde bati ematea suziria jaurtitzeko aukera, haien lanaren errekonozimendu moduan, eta aurtengoan herriko dantza taldeak izan du horretarako parada.

Atzo, Joseba Sagastibeltza dantzariari egokitu zitzaion aukera hori: «Ohore handia da leitzar batentzat», azaldu zuen. Joseba da momentu honetan, Aurreran dauden dantzari guztietatik, bertan denbora gehien daramana eta, hori dela-eta, modu batean taldearen martxa eramaten duenetako bat. «Eskertzekoa da aukera hau eman izana. Gu borondatez aritzen gara jardun honetan, eta hori gure lana eskertzen duten seinale da».

Hala ere, gogora ekarri zuen hau ez dela soilik orain bertan daudenentzako aitorpena: «Urte askotan zehar hemen dantzan eta antolaketetan aritu diren guztiei zuzenduta dago hau», azpimarratu nahi izan zuen gazte leitzarrak. Urte asko eta asko igaro dira Leitzako Aurrera dantza taldea sortu zenetik, eta herrian egiten duten lanaren sari modura jaso zuten txupinazoa jaurtitzeko aukera.

Beraz, aurtengo jaietan, protagonismo bikoitza edukiko du Aurrera dantza taldeak. Atzoko txupinazoaz gain, gaur, ohi bezala, ezpata-dantza eginen dute 12.00etan. Leitzako festetako unerik bereziena beti dago euren esku, eta aurten bi momentu berezienak dira beraien esku. Unetxo horren esperoan izaten dira herriko dantzari guztiak urterik urte. Dantzari leitzar batentzat ez omen dago herriko jaietan ezpata-dantza egitea bezalakorik.

Suziriaren ondotik, festa giroa herriko edozein karrikatan topa zitekeen. Incansables txaranga ibili zen Leitzan gora eta behera, jada nahiko animatua zegoen jendea are gehiago animatzen. Txistua, trikitia, bai eta gaita ere, entzuten ziren arratsaldeko azken orduetan herriko edozein txokotan. Gau partean, aldiz, plazan Trikidantz taldeak jarri zuen festa giroa gaueko ordu txikiak arte, inguruko herrietatik hurbildutako jende guztiaren aurrean. Eta ez zen gutxi bertara hurbildutako parranda-zale multzoa.

Atzo hasi eta asteazkena iritsi arte, Leitzak badauka jai nahikoa egiteko parada. Gaurko San Tiburtzio egunean, zein gainerako bost egunetan, Udalak eta Jai Batzordeak prestaturiko egitarau oparoaz ez gozatzeko aitzakiarik ez dago Leitza aldean.

EZPATA-DANTZA

Gaur, eguerdiko hamabietan, Aurrera dantza taldeko kideek, herriko plazan, ezpata-dantzaren erakustaldia egingo dute. Jaietako momenturik bereziena da, leitzar askoren aburuz.

GAZTETXEA

Gaur gauean, herriko Atekabeltz gaztetxean, kontzertuak izango dira gauerditik aurrera. Plazan, aldiz, Tximeleta talde nafarrak jarriko ditu gorputzak dantzan, gauak aurrera egiten duen heinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo