Goi mailako itzulia (WCT): «Barearen ostean dator ekaitza»
Bi hilabete izan dituzte WCT-ko lehiakideek atseden hartzeko; aurrerantzean ordea, irabazi nahi duenak gogor lan egin beharko du.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Goi mailako lehiaketari indarrez heltzeko prest dira surflariak. Bi hilabeteko geldialdi baten ostean, dena prest dago Teahupoo-n izango den hurrengo txapelketa egiteko.
Aste honetan bertan, abuztuaren 16an, hasiko da WCT mailako proba ezaguna eta abuztuaren 27ra arte munduko olatu arriskutsuenetako batean ikusi ahal izango ditugu kategoria goreneko 36 lehiakideak.
Iazkoan, itzelezko ikuskizuna izan zen, olatuak izugarri handiak izan baitziren. Aurten ere ikuskizuna izango da, dudarik gabe; izan ere Teahupooko olatuen kalitate bikainarekin batera, itzuliak bizi duen momentua ere kontuan hartu behar da, txapelketa hau itzuliko inflexio puntua izan daiteke-eta.
Neskei dagokienez, WCT zirkuitua amaitu da, itzulia osatzen duten zazpi probak eginda, lehiakideek datorren urterako prestatzen hasi aurretik atsedenaldi bat har dezakete.
WCT mutilak
Hamar dira aurtengo WCT itzulia osatzen duten probak eta horietatik lau jada eginda daude. Azkena, Tavaruan izan zen, ekaineko lehen astean. Ordutik ez da lehen mailako txapelketarik izan; beraz, lehiakideek indarra hartzeko parada izan dute.
Gainera, aurrerantzean txapelketak arrapaladan etorriko dira. Hilean txapelketa bat egin beharko dute lehiakideek; beraz, datozen txapelketetan izango diren emaitzak erabakigarriak izango dira.
Oraingoz, Mick Faning australiarra da rankingeko buru. Atzetik, hamaika aldiz munduko txapeldun izandakoak jarraitzen dio, Kelly Slaterrek alegia; eta hirugarren postuan Joel Parkinson dago. Iaz, Slaterrek irabazi zuen Teahupooko txapelketa. Guztira, hiru bider irabazia du txapela Tahitiko olatu famatuan; beraz, txapelketa honen ostean rankingean buru izateko aukera anitz dituela esan daiteke.
WCT neskak
Aurtengo itzulia amaitu da. Azken-aurreko proban, Biarritzen, erabaki zen 2012ko txapelduna nor zen; izan ere, Stepahnie Gilmore australiarrak irabazlea izateko behar adina puntu bildu zituen eta bosgarren aldiz munduko titulua eskuratu zuen.
Gauzak horrela, oraindik itzulia amaitzeko proba bat falta zen, ordea, eta berau joan den astean egin zuten Kalifornian, Huntington Beachen. Rankingeko azken emaitzak jada behin betikoak dira, beraz.
Esan bezala, Stephanie Gilmorek lortu du aurreneko postua. Bigarren postua, berriz, Sally Fitzgibbonsek eskuratu du, australiarra hau ere. Eta hirugarren postua hawaiiar gazte batentzat izan da, Carissa Moorentzat.
Pauline Ado hendaiarrak 13. postuan amaitu du aurtengo itzulia; hortaz, datorren urtean ere goi mailan lehiatu ahal izango da, WCT itzulia osatzen duten 16 lehiakideen artean. Gainera, WQS itzulian ere lehiatzen ari da, eta oraindik amaitu ez bada ere, egun, zazpigarren postuan dago.
Huntington Beach
Kalifornia Hegoaldean dago surf munduan aspalditik oso ezaguna den hondartza famatu hau. Ia 14 kilometroko luzera duen hondartza honek hiri erraldoia du gibelean, baina hala ere, gutxieneko distantzia bat bada bien artean, eta, beraz, natura eta «zibilizazioa» ongi bereizita mantendu ahal izan dituztela ikus daiteke.
Huntingtongo bereizgarri nagusia, egurrezko zutoinen gainean eraikitako zubi moduko bat da. Hondartza eta itsasoa lotzen dituen ibiltokiaren azpitik pasa ohi dira surflariak, olatuan doazen bitartean zutabeak saihesten.
Txapelketa erraldoia da Huntington Beachen egiten dena. Lehen, goi mailako txapelketa garrantzitsuenetako bat zen, ikusle andana biltzen baitzuen. Azken urteetan, ordea, txapelketak garrantzia galdu ez badu ere, mutilen kasuan behitzat, WCT itzulitik kanpo geratu da; izan ere, txapelketa ikusgarria izan arren, bertako olatuek ez dute maila goreneko txapelketa bat izateko behar adinako kalitaterik. Horregatik, mutilen txapelketa PRIME kategoriakoa da egun; alegia, WCT maila izan gabe txapelketa batek izan dezakeen maila altuena.
Huntington Beachen egiten dena ez da txapelketa arrunt bat, oso bitxia da. Hareazko muino edo duna artean, ezerezaren erdian antolatzen den festa erraldoi bat dela esan daiteke. Surfak, skateak eta musikak osatzen dute zutabe nagusia.
Urtero, skate pista bikainak eraiki eta modalitate desberdinetako txapelketak egin ohi dira. Skater ospetsuenak izan ohi dira bertan, belaunaldi desberdinetakoak, estilo desberdinarekin. Gauean, berriz, musikak hartzen du protagonismoa, AEBetako musika talde ospetsuenak entzuteko aukera izaten da.
Surfari dagokionez, berriz, lau kategoriatan lehiatzen dira surflariak. Aurrez aipatu bezala, mutilen PRIME kategoriako txapelketa, nesken lehen mailako txapelketa (WCT) eta nesken zein mutilen junior mailako txapelketak (20 urtetik beherakoak).
Aurtengoan, Julian Wilson australiarrak irabazi du PRIME kategoriako txapelketa. Nesken goi mailako txapelketa (WCT) Lakey Peterson amerikarrak irabazi zuen. Junior kategorian berriz, mutiletan Coffin Conner eta nesketan Nikki Van Dijk izan ziren irabazleak.
Abuztuaren 16an hasiko da WCT mailako proba ezagun hau. Astebetez, munduko olatu arriskutsuenetako batean ikusi ahal izango ditugu lehen mailako 36 lehiakideak itzelezko tuboak egiten.
Pauline Ado hendaiarrak hamahirugarren postuan amaitu du aurtengo itzulia; beraz, datorren urtean ere goi mailan lehiatu ahal izango da. Gainera, WQS itzulian zazpigarren postuan dago gaur egun.
Huntington Beacheko bereizgarri nagusia egurrezko zutoinen gainean eraikitako zubia da. Pasealeku azpitik igarotzen diren surflari eta lehiakideek zutabeak saihestu behar izaten dituzte.