GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Kontrabandisten bidea: Bidasoa bailaraz gozatzeko

Zortzi aterpetxe elkartu, eta turismoa, kirola, natura eta historia lotzen dituen egitasmo bat jarri dute martxan. «Bidasoa, kontrabandisten bidea» ibilbide zirkularra da, oinez eta bizikletaz egin daitekeena eta gau lanean aritzen zirenen istorioz betea. Haien bideetan barna ibiliko gara, baina eramaten zuten 30 kiloko paketea hartu beharrean, motxilarekin. Isil-gordeka ibili gabe, gozatzeko asmoz.

p045_f01.jpg

Testua: Maider IANTZI 
Argazkiak: KONTRABANDISTAK eta Santi ELIZAGOIEN

Bidasoa bailara, Euskal Herrian ezarritako mugen kontraesanaren isla. 1659an Irungo Faisaien Irlan Pirinioetako Tratatua sinatu zutenean, nafar, gipuzkoar eta lapurtarren berezko elkargune izatetik Frantziako eta Espainiako erresumen arteko banaketa izatera igaro zen. Pio Barojak Bidasoko Herrialde deitu zuenak ez du behin ere bere elkargune izaera galdu, ordea. Eta, mugei dagokienez, zenbat muga... hainbat kontrabando.

Kontrabandoan jarduteko ezin hobea izan zen inguru honetaz bertze modu batera gozatu dezakegu orain, aterpetxe batzuek osatu duten egitasmoari esker. Oinez eta bizikletaz egiteko ibilbide zirkular bat da, hainbat elementuren nahasketa: gastronomia, mendiaren eta itsasoaren kontrastea, herrixken xarma, aterpetxeek eskaintzen duten etxean bezalako tratua, gogoz eta pasioz betetako kontrabandisten kontakizunak... Mendia eta gure herria ezagutzeko formula perfektua.

Aspaldiko ideia zuten aterpetxeak zeharkaldi batekin lotzea. Arantzako Aterpe, Beintzako Aterpetxea eta Aritxulegiko Arritxulo elkartu ziren eta bertze bost etxe gehitu zitzaizkien: Hondarribiko Goikoerrota, Zigako Aldekoetxeberria, Erratzuko Kastonea eta Etxalarko Mikelestonea eta Tonpalenea. Asmoa gorpuzten hasi eta urte eta erdiko lanaren ondotik jarri dute martxan proiektua.

Miguel Anguloren mapak oinarri hartuta, bi ibilbide marraztu dituzte: Xabier Zugarramurdik, bizikletaz egitekoa, eta Mikel Albisuk, oinezkoena. Sua Edizioak argitaletxekoei ideia gustatu, eta liburuxka atera dute topogida eta maparekin, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Elkar arduratuko da banatzeaz. Frantsesezko bertsioa ere jarri dute webgunean, www.kontrabandistak.com-en.

Etapa bat itsasontziz

Arritxulora egin dugu bisita, eta Oiartzundik Aiako Harrira goititzen, bide berdeetan galdu orduko hasi gara lasaitasuna sentitzen. Mikel Kintana bertako langileak kontatu digu ez zekitela proiektuari zein izen jarri, eta inguru honetan izandako kontrabando ugariari begiratuta aproposa iruditu zitzaiela «Bidasoa, Kontrabandisten Bidea». Eurek erabiltzen zituzten bideak aprobetxatu dituzte zeharkaldia osatzeko, eta itsasertzean ere salgaiak ilegalki pasatzen zirenez, itsas ukituko etapa bat sartu dute, Hondarribitik Hendaiara itsasontziz pasatzeko aukera emanez.

Nafarroako Erresuma 1512an konkistatu arren, 1659 arte ez zuten adostu Espainiak eta Frantziak bien arteko muga. Eta mendien banalerroa oraindik ere sobera zehatza ez zenez, 272 mugarriak ezarri zituzten 1856ko Baionako Itunaren ondoren. Muga inposatuak, bi estatuen garapen ekonomiko eta zerga politika hagitz desberdinak, gerraondoko miseria gorria, diktadura eta zapalkuntza politikoa... Testuinguru honetan garatu zen kontrabandoa: gizartean errespetatu eta onartutako jarduna... sarri inbidiaz begiratua... baita zapaldua eta zigortua ere... eta, batez ere, isilpean gorde beharrekoa. Orain, ordea, gero eta gehiago ari dira kontrabandoan ibili zirenak mintzatzen. www.kontrabandistak.com helbidean, horietako bat agertzen da bere testigantza ematen. 30 bat urtean ibili zen: puntilla, nylona... hainbat gauza pasatzen zituen.

«Amak beti errieta egiten zidan baina... Alto! Ta Ta! Bi tiro bota zituzten airean. Adios! Eskuburdinak jarrita kuneta batean gau osoa egon ginen lotuta. Hurrengo goizean, berriz ere tiroa kontrazeinu bezala eta beste lau brigadilla, kaleko jantzian ibiltzen baitziren mendian. Iruñera joan, deklarazioa egin, 12.000 duro pagatu nituen, motoa kendu ziguten eta etxera (...) Horri esker diru pixka bat. Bestela ez zegoen ezer! (...) Pirrika batzuk ematen zizkiguten (ogi txikiak). Bederatzi ume ginen eta bederatzi opil ematen zizkiguten, ama eta aitarentzat, beste bana. Pirrika horietako bat gizon bati bota eta seko! Ezin ziren jan! Harriak bezalakoak ziren».

Ibilbideen ezaugarriak

Oinezko ibilbideak 176 kilometro ditu, 9.535 metroko malda pilatua, eta zazpi etapatan egiteko pentsatua dago; BTTkoa 224-211 kilometrokoa da, 6.400-5.360 metroko malda pilatua du eta lau edo zazpi etapatan egin daiteke. Amaiur, Erratzu, Etxalar, Ziga... Xarma handiko herri txikietatik pasatzen dira bideak, baita naturguneetatik ere. Beti berde dagoen paisaia honetan, babestutako hainbat naturgune dago: Bertiz Jaurerria eta Aiako Harria parke naturalak; Itxusi, Lizardi-Irubelakaskoa, San Juan Xar eta Txingudiko natur erreserbak; Belate eta Bidasoko Batasunaren Intereseko Lekuak; eta Leurtzako naturgunea eta Artikutzako mendiak. Baliteke bidean oreinen batekin topo egitea, gero eta gehiago ibiltzen baitira Kintoa eta Belateko mendietan barna; orkatzak ere anitz dira, eta sai arreek habia egiteko babesa aurkitzen dute Itxusiko Harrietako amildegietan. Bidasoa da Euskal Herrian izokina duen ibai bakarra.

Ibilbidea irekia dela nabarmendu du Kintanak: «Gure asmoa jendeari gauzak erraztea eta aukera desberdinak ematea da. Adibidez, oinezko ibilbidean zazpi etapa proposatzen ditugu, egunean bat egiteko, bakoitzean batez beste 25 kilometro. Baina zatika ere egin daiteke, edozein lekutan bukatu eta autobusa hartu etxera itzultzeko. Ibilbidea zirkularra denez, edozein tokitan has daiteke».

Kontrabandisten txokoak

Bidasoa bailarako mendiak Euskal Herriko erlieberik zaharrenak dira Kintoa-Aldudekoekin batera. Duela 380 milioi urte, itsasoak gibelera egin eta Aia-Bortziriko mendigunea osatu zen, eta bertatik, inguruko granitozko erliebe bakarra, Aiako Harria.

Mendaur, Saioa, Larrun, Aiako Harria... Mendi pila batetik igarotzen da Kontrabandisten Bidea, eta Kantauri itsaso osoa ikusten da horietatik, baita Ipar Euskal Herriko paisaiak eta Gipuzkoako herriak ere. Etapa bakoitzaren amaieran, kontrabandisten txoko bat ezagutzeko gonbidapena egiten dute. Kirola egin ondoren, gelditzea eta gozatzea merezi duten lekuak dira. Hondarribia eta Aritxulegi lotzen dituen zatian, Larraundiko bizkarrera iritsi baino lehen, eta etapa bukatzeko ordubete eskas falta dela, ur-jauzi txiki batean freskatu gaitezke. Egun oskarbia bada, ikuspegi lasaia eta zabala izanen dugu Larraunditik. Aritxulegitik Arantzara ailegatu eta gero, aldiz, Arruzpiko zubi azpiko erreka putzuan atseden hartzea ederra izan daiteke. Lamien lekua zen hau, gaua iritsi bitartean beren ile luzeak orrazten zituzten herri mitologiako pertsonaiek. Etapa bakoitza nekazaritza etxe edo aterpetxe batean bukatzen da, bertan afaldu, lo egin eta biharamunean, hurrengo etapari ekin aitzinetik, ongi-ongi gosaltzeko.

Erreserbak

Bidea markatzerakoan, P-R (ibilbide laburrak) eta G-R (luzeak) aprobetxatu dituzte, eta bidegurutzeetan, markarik ez zegoen lekuetan, beren logoa jarri, KB. Oinezkoen bidea bada, oinatz bat agertzen da eta txirrindulariena bada, platera. Batzuetan elkartu egiten dira bi irudiak. GPSrako trackak web orrian jarri dituzte eta nahi duenak jaits ditzake.

Proiektua ezagutarazten ari dira, baina ibilbidea zabalik dago nahi duenarentzat. Oraindik ez du inork egin eta jendea animatu nahi dute parte hartzera eta kontrabandistek hainbertzetan ibilitako bideetan istorio zaharren oihartzunak aditu eta gauza berriak deskubritzera. Etxe ondoko parajeak dira, baina, halere, ezezagunak batzuk.

Erreserbak beren webgunean egin daitezke. Oinezkoentzat prezioa 375 eurokoa da eta BTTkoentzat (lau etapa) 250 eurokoa. Bertan sartzen da aterpetxe turistiko edo landetxe/apartamenduan alojamendua, kontrabandisten afari eta gosaria, paketea (mapa, gida, bisera eta zigilatzeko txartela), KBren kamiseta eta kirol arroparen zozketarako zenbakia. Nahi izanez gero, asegurua egiten dute (10 euro aste bat, 5 euro lau egun) eta ekipajea garraiatzeko zerbitzua eskaintzen diete txirrindulariei 120 euroan. Martxotik abendura arte finkatu dute denboraldia eta eguraldiaren arabera aldatu egin daitezke datak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo