Udate
«Ez dut literaturizatzeko nahikoa material bildu nire bidaietan»
Idazlea
Donostiarra jaiotzez (1966), Gasteizen bizi da Iban Zaldua. Narrazioa, saiakera, haur eta gazte literaturako lanak jorratu ditu. Iaz, komikiarekin ere ausartu zen, Julen Ribas marrazkilariarekin batera egindako «Azken garaipena» liburuan. 2006an Euskadi saria eskuratu zuen «Etorkizuna» nobelarekin. Gainera, «Volgako Batelariak» blog literarioko partaide nagusia ere bada.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Esku artean hiru liburu ditu Iban Zalduak une honetan: bi, ipuinenak eta bestea, euskal literaturari buruzko saiakera. Atseden bat hartzen topatu dugu Donostian.
Esan zenuen behin egun idazten den bidaia-literaturaren oso zalea ez zarela, nahiago al duzu zuk zeuk bidaiatu?
Ahalik eta gutxien mugitzearen alde nago ni, bidaiatzearen ideiak berak nagikeria sortzen dit; bidaiarik onenak egongela edo biblioteka bateko besaulkitik egiten direla uste duten aspergarri horietakoa naiz ni... Argi daukat, ordea, nahiago nukeela bidaia-literatura garaikide horretako asko existituko ez balitz. Horixe baita arazoa: bidaiaren aldarrikapenaren mozorropean ezkutatzen diren turismo hutsaren kontaketa `erromantikoide' horiek guztiak; zorionez, badaude arauari iskin egiten diotenak, Ander Izagirre adibidez. Edonola ere, galderaren `behar' hori da, hain zuzen, arazoa: bidaia-liburuetako idazle asko idazteko aldez aurretiko asmoz abiatzen direla bidaian, eta, ondorioz, esperientzien, bizipenen xerka doazela. Bizipen horiek, horrela, aldez aurretik hauspotuz eta faltsutuz.
Ni oso turista anodinoa naiz eta, hortaz, ez dut literaturizatzeko nahikoa material bildu nire bidaietan. Abioiz ibiltzeko beldurrari erreferentzia egin diot, adibidez, ipuin batean baino gehiagotan. Baina ez zait, berez, oso istorio tentagarria iruditzen.
Munduko zein tokira joango zinateke behin eta berriro oporraldia pasatzera?
Berlin. Behin bakarrik izan naiz, eta, egia esanda, gogoa gelditu zitzaidan bertara itzultzeko. Oso hiri humanoa iruditu zitzaidan, eta inpresioa gelditu zitzaidan ez nuela nahikoa ezagutu; gainera, bizi nintekeen leku bat begitandu zitzaidan, hein batean. Nafarroa Beherea ere izugarri maite dut.
Eta, beste aldean, zein toki bilaka daiteke amesgaizto ?
Uste dut edozein leku, are imajina dezakegun paradisuzkoena ere, bilaka daitekeela izugarri, diruaren eta batez ere osasunaren faltan. Gaixorik zaudenean, eta izan ditut halako esperientziak kanpoan nengoela, ez dago norberaren etxea eta ingurua bezalakorik.
Zer eramaten duzu oporretan?
Liburu bat, edo bat baino gehiago. Kontrakoa litzateke arraroena, ni liburu batekin joaten naizelako beti, anbulatoriora, harategira edo notarioarengana. Badaezpada. Konpainia egiten du eta hori ez dago ziurtatuta hor kanpoan. Ezta hemen barruan ere, bide batez esanda. Beraz, hobe liburu bat eskura izatea beti...
Bizitako esperientziek inspiratzen zaituzte?
Lehengaia eskaini, bai. Azken batean, idazle guztiok egiten dugu hori, dosi handiago edo txikiagoan: bizitakoaz elikatu, besteak beste. Bizkarroiak gara, eta gupidagabeak ere izan gaitezke, alde horretatik. Oso bizitza ohikoa daukat; horregatik jotzen dut fikziora, askotan: hura interesgarriago, sakonago, errealago bihurtzeko. Eta, ondorioz, literaturizaziorik gabe, esperientzia arrunt bat ez zait kontagairik egokiena iruditzen...