Udate
Aktorea eta ikuslea elkarlanean Araiako bigarren jardunaldian
Aktoreek eta ikusleek bat egin zuten atzo Araian. Azken hauek esku hartzea ezinbestekoa den «Ametsetan Bizi!» antzezlanak barre-algara ugari eragin zuen igandeko lehen emanaldia ikustera bertaratutakoen artean. Bestalde, murrizketak gorabehera, Araiako XIX. Umorezko Antzerki Jaialdiak hasiera oso ona izan duela nabarmendu dute antolatzaileek.
Amaia GARTZIA | ARAIA
Ikuslegoaren konplizitatea bilatzen dutenetakoak izaten dira maiz Araiako Umorezko Antzerki Jaialdian egiten diren antzezlanak, bereziki, herriko plazan izaten direnak. Atzoko hitzordua, 13.30ean Trapu Zaharra konpainiaren «Ametsetan bizi!» lanarekin, ez zen beste upeleko sagardoa izan, eta publikoa adi mantentzeko arazorik ez zuen izan, batez ere, kontuan hartuta bi bider aldatu zirela agertokiz. Ikusleak ere ez ziren, hortaz, geldirik egon.
Beste urteetan legez, inguruarekin jolasten duten istorioek hartu zuten Araia. Egiazki gogoangarria izan zen duela urte batzuk Araiako bizilagun baten balkoira igo eta eskegita zeuden barruko arropak hartzen saiatu zen aktorearen antzezpeneko unea. Aurten, aurrera eta atzera ibili behar izan zuten ikusleek, bi aktore beteranoren istorioa kontatzen zuen antzerki emanaldia arretaz jarraitzeko.
Jaialdiaren berri ez zeukan baten bat ibili izan balitz atzo Araian, zaila izango zitzaion egun horretan ekitaldiren bat izango zela igartzea. Izan ere, kale gehienak erdi hutsik zeuden; ez zuten itxura onik ematen. Haatik, euren jaialdi internazionalena mimo handiz zaindu duten araiarrek ez zuten, ez, hutsik egin, ezta inguruotako herritarrek ere. Antzezpenerako bost minutu eskas falta zirela, plaza erruz bete baitzen. Frateli anaien «Azken-aurreko Afaria» rock-opera zain zuten. Mundu ezberdinetatik etorritako bi aktoreren istorioa.
Bata antzerki mundutik etorria, eta bestea, telebistatik, euren azken ekoizpena -«Azken-aurreko Afaria» delakoa- aurrera eramateko enkante bitxia antolatu zuten antzerkiko protagonistek haien atzetik ibili behar izan zuen publikoaren artean. Izan ere, bi pertsonaia horien arteko liskar etengabeak zirela-eta, batzuetan batek besteetan besteak alde egiten zuten; batak telebistara itzultzeko eskaintzaren berri lagunari eman zionean, esaterako.
«Opera-rock» izendatutako bien proiektua jendartean aurkezteko arazoak gainditu zituzten bi pertsonaiek eta, azkenean, euren koreografia erakusteko zenbait ikusle «harrapatu» zituzten. Ondo karakterizatuta -amantala eta ileordea jantzita- makina bat barre-algara entzun zen Araiako plazan.
Hasiera ona
Aurreikusten zen bezala, urteroko irudi bera errepikatu zen Araian. Erantzuna erabatekoa izan da hasierako egunetan, eta hala baieztatu du Javier Alkorta Txortas jaialdiko arduradunak: «Larunbatean egin ziren kaleko bi ikuskizunek jende mordoa bildu zuten; gutxi gorabehera saio bakoitzean bostehun pertsona egongo ziren behetik jota, eta kiroldegia jendez gainezka zegoen».
Araiako tabernariak ere bat datoz Alkortarekin, eta jendeak ondo erantzun duela diote. Bene tabernako zerbitzari Asier Valverdek atsekabea agertu zuen euskarazko hiru ikuskizun baino ez daudelako egitarauan eta, besteak beste, euskararen aldeko apustua txikiagotzea ekarri duten murrizketak errefusatzeko, taberna guraizez dekoraturik zegoen, jaialdiaren iragarpen kartela bezalaxe: «Arabako Aldundiak zentsuratu nahi izan zuen kartela. Hori dela eta, guk ere guraizeak janztea erabaki dugu», esan zuen Valverdek.
Nolanahi ere, denak ez dira emaitza onak izan. Aratz tabernako Joseba Koldobikak aitortu zuenez, antzerkiak bata bestearen atzetik egiteak arazoa ere badakar: «Ordainpekoa izan zen larunbateko emanaldietako batean zortzi pertsona baino ez ziren egon».
«Lingua Navajorum» izango da ikusgai Arrazpi kiroldegian, 22.30ean. Sarrerak, Gasteizko Axular kaleko La Casa del Libron, Aguraingo Turismo Etxean eta Araiako Kuttuna tabernan daude salgai.