AIZKORA Latasaren oroimenezkoa
Otañok eta Larretxeak iraupenekoan erabaki zuten
Azken saiora hiru segundo atzetik sartu ziren, baina buelta eman zioten.
Jon LEUNDA
Unai Otañok eta Donato Larretxeak irabazi zuten atzo Sunbillan jokatu zen Latasaren oroimenezko torneoa. Gazteen mailakoan, berriz, Jon Rekondok eta Ander Erasunek lortu zuten txapela. 500 ikusle pasa batu ziren saioa ikusteko.
Maila nagusian hiru bikote neurtu ziren, eta bakoitzak lau lan ezberdin egin behar izan zituen. Nazabal eta Arrospide oso indartsu hasi ziren, eta azkeneko probara ere hiru segundo aurretik iritsi ziren.
Iraupen proban, ordea, Otaño eta Larretxea askoz ere gehiago izan ziren eta alde nabarmena kendu zieten gainerakoei. Nazabali eta Arrospideri, esaterako, minutu bat eta bederatzi segundoko aldea kendu zieten. Unai Otaño oso indartsu ikusi zen beste behin, eta une honetan sasoirik onenetakoa duen aizkolaria dela argi eta garbi utzi zuen atzo Sunbillan Ibarrakoak.
Arrospidek eta Nazabalek lehen zati oso ona egin zuten, baina azkeneko proban amore eman behar izan zuten, aurkariak askoz ere hobeto ibili baitziren, eta bigarren postuan geratu ziren.
Hasieratik atzean
Aitzol Atutxa eta Juanjo Lopez, berriz, hasierako probatik geratu ziren atzera, eta bukaeran txapeldunengandik bost minutu pasara geratu ziren.
Helduen mailaz gain, gazteena ere oso erakargarria zen, eta hor Jon Rekondo eta Ander Erasun gailendu ziren. Maila honetan bikote bakoitzak hiru proba ezberdin egin behar izan zituen. Txapeldunak hasieratik jarri ziren aurretik, baina ez zen alde handirik egon, nahiz eta besteek ere ezin izan zituzten aurrekoak harrapatu.
Emoziorik handiena bigarren posturako egon zen. Mugertza II.ak eta Oihan Larretxeak lortu zuten postu hori, baina Otaegi eta Olano I.a ere gainean izan zituzten. Azkeneko bi bikoen artean 18 segundoko tartea besterik ez zen egon amaieran.