Hirugarren maila Kanporaketa
Saralegi eta Jauregi finalerako sailkatu dira
J.L.
Ruben Saralegik eta Arkaitz Jauregik lortu zuten herenegun ilunabarrean Leitzako plazan azaroan jokatuko den Euskal Herriko Hirugarren Mailako finalean aritzeko txartela, joan den astean Kastrok eta Kañamares III.ak lortu zuten bezalaxe.
Hamaika aizkolari aritu ziren hiru multzotan banatuta, eta bakoitzak launa kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Guztietatik lehenengo biek lortu zuten sailkatzea.
Dudarik gabe, lehen txanda izan zen jokatu ziren hiruretan indartsuena, bertako lehen hiru sailkatuak lortu baitzuten sailkapeneko lehen hiru postuetan amaitzea, eta estreinako biek, gainera, finalera sailkatzea.
Ruben Saralegi, Jauregi, Dorronsoro eta Txikon lehiatu ziren. Hasieran Jauregi zertxobait aurretik hasi baldin bazen ere, bigarren enborrean Ruben Saralegik gainditu zuen, eta leitzar gazteak aurrera egin zuen txanda irabaziz, baita jokatu diren bi kanporaketetan egin den denborarik onena lortuz ere.
Atzetik minutu bat eta hiru segundora sailkatu zen Arkaitz Jauregi. Hirugarren amaitu zuen Dorronsorok. Hasieratik geratu zen atzera, eta ezin izan zien aurrekoei jarraitu. Laugarren Txikon sailkatu zen. Bizkaitarra lehen enborretik geratu zen azkena, eta hor amaitu zuen, ez baitzuen aurrera egin.
Bigarren txanda izan zen denetan eskasena. Eneko Saralegi, Olano II.a, Intxausti eta Jon Larrañaga lehiatu ziren. Eneko Saralegik hasi bezain azkar egin zuen ihes, eta inork ez zuen bera estutzerik lortu. Leitzarrak irabazi zuen, baina ezin izan zen finalerako sailkatu. Olano, Intxausti eta Jon Larrañaga sailkatu ziren atzetik, eta beraienak izan ziren arratsaldeko markarik eskasenak.
Hirugarren multzoan, Uzkudun, Garcia eta Telletxea neurtu ziren. Hiruretako inor ez zen sailkatu finalerako, baina txanda oso orekatua izan zen. Hiru aizkolariak batera aritu ziren hirugarren enborraren amaierara arte. Hor Uzkudunek ihes egin zuen, eta Telletxea atzean geratu zen. Tartean, berriz, Garcia geratu zen. Amaieran, Uzkudunek irabazi zuen. Azpeitiarrak orain dela urte batzuk apustu bat egin zuen aizkoran eta segan, beste hiru azpeitiarrekin batera, baina plazetan gehiago ibili gabea zen herenegun arte, ofizialki behintzat.