GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Orga-jokoa Euskal Herriko Txapelketa

Oskar Perezek aurreikuspen guztiak bete, eta oso erraz lortu zuen lehen postua

J.L.

Oskar Perezek irabazi zuen herenegun jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa. Bera zen garaipena erdiesteko faborito nagusia eta aparteko arazorik gabe lortu zuen txapela.

Bost itzuli egin zituen, eta ez zen inor gai izan berak egin zuen marka hori gainditzeko. Aise irabazi zuen, beraz, bizkaitarrak. Pierre Cassuso lapurtarra izan zuen gertuen, baina horri ere itzuli bateko aldea kentzea lortu zuen. Casussok hiru itzuli eta erdi eta lau metro egin zituen. Gutxienez marka horrek podiumeko bigarren postua eskuratzeko balio izan zion.

Beste lapurtar batek osatu zuen podiuma, Lartzabal sailkatu baitzen hirugarren postuan, eta amaieran bizkaitar bat eta bi lapurtar geratu ziren podiumean. Laugarren Fernandez de Retana sailkatu zen, bosgarren Arreitunaindia, seigarren Pujana, zazpigarren Bujan eta azkena Saez de Castillo. Joxe Lapazaran ere aritzekoa zen, baina ezin izan zuen.

Bizkaiko Lasto-altxatze Txapelketa ere jokatu zen herenegun, eta hor ere ez zen ezusterik izan, Jon Lapazaranek lortu baitzuen txapela. 21 jasoaldi egin zituen, eta guztia eman beharra izan zuen, gainean izan baitzuen Ardeo. Honek 20 egin zituen, eta biek oso final orekatua eta polita eskaini ahal izan zuten. Hiru parte hartzaile bakarrik ziren, eta hirugarrena Beñat izan zen. Honek 15 jasoaldi egin zituen, eta beretzat izan zen podiumeko hirugarren postua. Aurrekoetatik aparte geratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo