Eskuzkoa
Etxeberri eta Etxeto izan dira Donapaleuko onenak
18-8 galtzen joan ostean, 32-10eko partziala lortu, eta era horretan lortu zuten torneoko txapela.
Jon LEUNDA
Etxeberrik eta Etxetok irabazi zuten atzo Donapaleuko Torneoa, Larretxeari eta Ezkurrari 28 eta 40 irabazi ostean. Sekulako jendetza batu zen finala zuzenean ikusteko asmoz.
Norgehiagoka honetan iraultza handia izan zen. Larretxea eta Ezkurra bikain hasi ziren, markagailuan alde bikaina ateraz. 18-8 aurretik jarri ziren markagailuan, eta bazirudien dena erabakita zegoela, baina gauzak erabat aldatu ziren.
Beroa izan zen atzoko protagonista nagusia, eta pilotariek ederki nabaritu zuten, batez ere Larretxeak eta Ezkurrak, sekulako beherakada izan baitzuten. Etxeberri eta Etxeto, apurka-apurka aldea murrizten hasi ziren, eta markagailuan hurbiltzen ere bai.
Bigarren zatian sekulako itzulia egon zen, 10-32ko partziala lortu baitzuten Etxeberrik eta Etxetok. Oso ongi aritu ziren. Atzean, Etxetok aurrea hartu zion Ezkurrari, eta aurrean, berriz, Etxeberrik ederki aprobetxatu zituen jokaldiak tantoa amaitzerakoan. Larretxeari ere beroak eragin zion eta sekulako beherakada izan zuen jokoan.
Sartaguda
Garfe enpresak antolatuta, azkeneko egun hauetan jokatu da Sartagudako Torneoa, eta atzo Cabrerizok eta Saiz II.ak lortu zuten garaipena, Chafee eta Keralti 22 eta 18 irabazita.
Pilotalekua gainezka zegoela jokatu zen norgahiegoka, eta lau pilotariek oso partida ona egin zuten. Oreka handia izan zen neurketa osoan zehar, baina amaierara hobeto heldu ziren Cabrerizo eta Saiz, eta beraiek eraman zuten txapela.
Urruñan, berriz, Aspe enpresak antolatutako jaialdia ospatu zen, eta bertan Titinek eta Merinok 22-20 irabazi zioten Xalari eta Zubietari. Sekulako jendetza batu zen Lapurdiko herri honetan neurketa ikusteko, eta bertaratu zirenek ez zuten izan damutzeko betarik. Partida ona izan zen, baina amaieran Titin Xala baino hobeto aritu zen, eta bukaeran ongi merezitako garaipena lortu ahal izan zuten.
Gaurko jaialdirik garrantzitsuena Leitzan jokatuko da. Partida nagusian Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak Bengoetxea VI.aren eta Beginoren aurka jokatuko dute. Etxeko pilotaria izango da tartean, eta gogo bereziarekin aterako da kantxara, Bengoetxeak ez baitu hutsik egin nahiko.
Lehen partida ere oso erakargarria da, lau eta erdi barruan neurtuko baitira Olaetxea eta Saralegi. Kaiolan primeran moldatzen dira pilotariok eta ikuskizuna emango dute.