GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

CONSECUENCIAS DE LA POLÍTICA CARCELARIA

«Gotzoneri aske geratzea zegokiola esan ziguten, baina ez dute ezer egin»

p002_f03.jpg

 
Ander Alberdi
Gaixorik den G. Lopez de Luzuriagaren senarra eta gose grebalaria

Donostiako Ospitalean gose greban dauden lagunen artean, bada bat espetxean gaixorik egotea zer den badakiena. Bere larruan jasaten du egoera hori Ander Alberdik, bere emazte Gotzone Lopez de Luzuriaga Martuteneko espetxean baitago oraindik, duela bost urtetik bularreko minbiziak jota izanik. Emaztearen kasuari eta gainerakoei begira oso garrantzitsutzat hartzen du Iosu Uribetxeberriarena, nonbait Estatuak gaixorik diren presoenganako borondatea edo borondate eza erakutsiko baitu oraingo honekin.

Zergatik erabaki duzu Donostia Ospitaleko gose greba honetan parte hartzea, eta noiz arte egoteko asmoa duzue?

Mugagabea da gure ekimena. Helburua argia da, ez da hitz gehiegi esan beharrik: Iosu Uribetxeberriari egiten diotena salatu behar da, berehalako askatasuna dagokiolako eta bere egoera oso larria delako, oso mingarria delako. Baina honekin batera nik argi ikusten dut Iosuren inguruan hartuko duten erabakiak zerikusia izango duela ere gaixorik diren gainerako hamahiru presoen gainean. Eta horien artean nire emazte Gotzonerenean.

Nola dago bera orain?

Jada bost urte pasa dira ebakuntza egin ziotenetik, eta tratamendua bukatzen ari da. Alde horretatik ongi, baina eragin piloa du tratamendu horrek: loa kentzeko arazoak, min handia...

Uribetxeberriaren kasuan ikusi dugunez, azkeneko zazpi urteetan pixkanaka-pixkanaka hobera egin ondoren, azkenean berpiztu eta zabaldu egin zaio minbizia. Beldur hori beti dago hor?

Bai, dudarik gabe. Azkeneko bisa izan dugunean, horixe izan zen Gotzonek esan zidan lehenengo gauza: «Arriskua hor dago, argi izan».

Zure neska lagunaren kasuan espresuki exijitu zioten damutzea kalera atera ahal izateko. Oihartzun handia izan zuen. Nola ikusten duzu hori?

Ulertzen duguna da gaixotasunari ez diotela inolako garrantzirik ematen, bost axola zaiela. Beren helburu bakarra suntsitzea da, militante bezala eta pertsona bezala suntsitzea. Hilzorian ez dagoela ere esan diote Gotzoneri, barruan mantendu ahal izateko. Bera gaixorik egotea berdin zaie. Iosuren kasuan ere hori ikusten ari gara.

Donostiara ekarri zuten Gotzone, Martutenera. Zer eragin izan du horrek?

Eragin handia izan du, bai berarentzat, baita guretzat ere. Gotzonerentzat soilik informazio zuzena euskaraz jasotzea oso pozgarria izan zen. `Pilak kargatzeko' ere bai. Ez da gauza bera Jaenen egotea, hemezortzi urtez egon den bezala, edo Euskal Herrian egotea. Eta senideentzat, pentsa! Hemezortzi urte asteburua galtzen, eta hemen ordubete eskas behar duzu bisita egiteko. Jasotzen duen tratua ere ona da orain arte behintzat, nahiz eta arazo batzuk izan dituen sendagileengana joateko atera behar dutenean.

Hala ere, hemen egotea ez dela nahikoa argi duzue senideok...

Jakina. Bitxia da, gainera, hobera egiten baduzu, ez zaudela hilzorian esaten baitizute. Gotzoneren kasuan, duela bi hilabete aditzera eman ziguten baldintzapeko askatasuna onartzeko prest zeudela. Martutenetik bi txosten mediko egin zituzten, berehala aske uzteko gomendatuz. Orduan guk Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralera jo genuen horrekin eta baietz, arrazoia eman ziguten. Baina handik Martutenekoei esan zieten espedientea hortik abiatu behar zutela, eta apiriletik hona ez dute ezer egin.