GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Festetan xahututako indarrak berreskuratzeko aukera aparta eskaintzen du Goizuetak

Ongi lo egitea eta ongi jatea ezinbestekoa izaten da, jaiei ganoraz aurre egin ahal izateko. Eta horretarako Goizuetak eskaintza ezin hobea dauka, etengabe ahalik eta ongien pasatzeko.

p051_f02.jpg

GARA | GOIZUETA

Parranda politak (eta luzeak) egiteko aproposak diren herri horietako bat da Goizueta. Baina arazo bat dauka: Nafarroako Mendialdean kokatuta, inguruko herriekin dituen komunikabideak ez dira oso onak. Goizuetarrek urte osoan pairatzen dute egoera hau. Osasunbidearen aurrean ere protesta egin izan dute, larrialdietarako garraioa eskasa delako. Orain, berriz, Goizuetara doazen bisitariei tokatzen zaie pairatzea komunikabide falta hori.

Dena den, gabeziari aurre egin behar zaio eta egoera hori «aitzakia» aproposa izan daiteke parranda oraindik ere gehiago luzatzeko. Gau osoan Goizuetako festetan ibili egon ondoren, sor daitekeen afera nagusia izan daiteke non lo egin. Horretarako konponbide aparta topatu dute, eta urtero bezala Urumea erreka ondoan edo Goiko Itturrin kanpina paratzeko aukera izango du nahi duenak. Gauean dena eman ondoren, leher eginda, dendan sartzea eta lo kuluxka egitea biziberritzea bezalakoa da-eta.

Goizuetarrek gomendatzen dutenez, halako lanik hartu nahi ez dutenentzat badago beste aukera bat ere, Zubimuxu aterpea. Herriko Plazan bertan kokatuta, zubi handiaren alboan, 30 lagunentzako lo egiteko tokia dago.

Badira lotarako isiltasuna behar duten horietakoak ere, lasaitasunaren bila herritik pittin bat aldentzea nahiago dutenak. Horientzako aukera ona Iskibi kanpina izan daiteke, herritik bi kilometrora, denda nahiz karabana uzteko moduan, eta beste hainbat zerbitzurekin. Txamoraberri landetxea beste aukera bat izan daiteke lasaitasun bila dabiltzan horientzat.

Jaietan indarrak berreskuratzeko lo egitea garrantzitsua da, baina sabela ondo betetzea ere ez da albo batera utzi behar. Horretarako ez da inolako arazorik izango Goizuetan. Gaur hasi eta hilaren 19ko goizera arte egunean 24 orduz irekita egongo da Ikastolako Taberna, Herriko Plazaren alboan. Bertan, edaria, ogitartekoak, errazioak eta kafea eskainiko dute prezio eskuragarrian. Aurten, gainera, 7.00etatik 11.00etara gosariak platerean aterako dituzte.

Garraioari dagokionean, Udalak festetarako zerbitzu bereziak jarri ditu Hernani-Goizueta autobus linean. Hilaren 14an, Hernanitik bus berezia abiatuko da, 19.15ean. Hilaren 15ean, 9.00etan, Goizuetatik aterako da, eta 10.00etan Hernanitik. Hilaren 17an, 19.15ean Hernanitik. Hilaren 18an, 9.00 eta 16.00etan Goizuetatik eta 10.00 eta 17.00etan Hernanitik. Hilaren 19an, 9.00etan Goizuetatik. Horrez gain, ohiko zerbitzuak izango dira.

GOSARIAK

Urtero bezala jaiek iraun bitartean egunean 24 orduz irekita egoteaz gain, aurten Ikastolako Tabernak gosariak platerean zerbitzatuko ditu egunero, 7.00etatik 11.00etara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo