GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ordiziako Gaztetxea itxi egin behar izan dute, eraikina egoera txarrean dago-eta

p015_f03.jpg

GARA | ORDIZIA

Hogeita sei urteko ibilbidea egin eta gero, Ordiziako Gaztetxea ixtea erabaki du bertako Gazte Asanbladak. Gaztetxearen eraikina oso baldintza kaxkarretan egotea izan da erabakia hartzeko arrazoia.

Gauzak horrela, etapa berri bati ekingo diote Ordiziako gazteek, eta ahalik eta lasterren herrian beste gaztetxe bat izatea dute helburu.

Ordiziako herritarrei zuzendutako gutun batean Gazte Asanbladak azaltzen duenez, «urte askotan zehar eraikia gaizki zegoela uste bagenuen ere, duela hilabete batzuk Ordiziako Gaztetxearen egitura nola zegoen aztertzeko beharra agertu genuen Ordiziako Gazte Asanbladako kideok».

Hori dela-eta, Udaleko teknikariekin harremanetan jarri ziren gazteak, eta eraikinaren egitura aztertzeko eskaria egin zuten.

Ordiziako Udalaren laguntzarekin, egituraren azterketa burutu, eta eraikinaren egoera oso ezegokia zela ikusi zuten. Horregatik, Ordiziako Gazte Asanbladako kideek «26 urtetan gure etxea izan dugun Gaztetxea hustu eta bertatik ateratzeko beharra ikusi dugu, eraikina bota eta garai berri honi ilusio berriekin eusteko asmoz».

«Ilusio hauek garatu ahal izateko, beste gaztetxe baten beharra ezinbestekotzat jotzen dugu. Ordiziako Udalarekin harremanetan egonik, eta aurrerantzean adostasun batera iristeko esperantzarekin, beste gaztetxe bat bilatzeko lanetan hasi gara elkarlanean. Izan ere, dugun gogo eta indarrari ezin zaio ihes egiten utzi», azaldu du Gazte Asanbladak.

«Gaur arte izandako babes eta laguntza guztiak asko izan badira ere (ezin dugu ahaztu urriaren 22an, 25. urtemugan, eskua luzatu zenuten guztien laguntza), orain inoiz baino indar gehiago beharko dugu. Ez dira une errazak izango, baina prest gaude guzti honi aurre egin eta denen artean gaztetxe berri bat sortzeko», nabarmentzen dute Ordiziako Gaztetxekoek.

Bide horretan, irailetik aurrera asanblada irekiak egingo dituztela iragarri du Gazte Asanbladak, eta herriko gazteei eskatu die egingo dituzten deialdiei adi egoteko.

Beste etxe baten bila

Gaztetxea ixteko erabakia abuztuan hartu behar izan dute, herriko gazte ugari Ordiziatik kanpo oporretan daudenean. Horregatik, eta Udalarekin gauzak patxadaz eta ongi hitz egin nahi dituztelako, irailera arte gaztetxe berria martxan jartzeko prozesua geldirik egongo dela azaldu diote GARAri Gazte Asanbladako kideek. Dena den, gaztetxe berria martxan jartzeko aukera zenbait badaudela jakinarazi dute. Halere, Udalarekin hitz egin behar dutela nabarmentzen dute.

«Denbora luze honetan, herriak kulturalki eta sozialki izan dituen hutsuneak bete ditu Ordiziako Gaztetxeak eta betetzen jarraituko du. Garai gogorrenetan ere, bertan bildu eta antolatzeko baliagarria izan da, baita jaia eta festa egiteko ere», gaineratu dute, Ordiziako Gazte Asanbladak 26 urteko ibilbidean aurrera segitzeko asmoa duela nabarmenduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo