Bi urteko zigorra beteta, «indarberrituta» itzuliko dela esan du Kaskagorrik
«Sekula joan ez bagara ere», Kaskagorri gazte konpartsak, bi urteko zigorra bete eta gero, txosna berreskuratuko du aurten, «gogo biziz jai herrikoi, euskaldun eta parekideen alde aritzeko».
Mikel PASTOR | BILBO
Asterix bueltan da. Bi urte kanpoan eman behar izan eta gero, Kaskagorri konpartsak, Txori Barrotek bezalaxe, txosna izango du aurtengo Aste Nagusian, «konpartsero-presoen argazkiak jarri izanaren aitzakiapean» Bilboko Udalak ezarritako bi urteko debekua bukatu baita.
Bilboko gazte mugimenduaren konpartsa, gainera, «lehia legala irabazita» helduko da Bilboko jaietara, EAEko auzitegi nagusiak Azkunaren gobernuari arrazoia kendu, eta Kaskagorrik txosna izan behar duela erabaki ostean.
Udal gobernuak, ordea, ez du inolako adierazpenik egin horren inguruan. Irati Ugalde konpartsakideak adierazi duenez, Azkunarena «jarrera erabat inposatzailea» dela uste du Kaskagorrik. «Oinarrizko eskubidea urratu du Azkunaren udaletxeak. PNVren politika faxistak nahi duena egiteko ahalmena eman dio alkateari eta eskumen osoz bi konpartsen eskubideak urratu ditu», gaineratzen du Ugaldek.
Bi urteotan txosnarik izan ez duten arren, Asterixen lagun iraultzaile hauek azaldu dutenez, «ez gara etxean geratu», eta jarraitu dute jai euskaldun eta parekideak eraikitzeko lanean. Bestalde, Iñaki Azkuna alkatearen dimisioa eskatu dute, «erabaki politiko autoritarioa» hartzeagatik, hain zuzen, legeak gero atzera bota duen erabakia.
Zigorrak iraun duen bi urteetan jasotako elkartasuna ere azpimarratu nahi izan dute Kaskagorrikoek. «Ikaragarria izan da konpartsa ezberdinetatik jaso dugun babesa», adierazi zuen kaskakonpartsera-k: «Euren etxeetara gonbidatu gaituzte. Gu eurak izan gara eta eurak gu izan dira». Ugaldek bereziki nabarmendu ditu bi urteotan burututako planto egunak: «Azkunari planto egunak min eman zion. Aste Nagusia gelditzea lortu genuen eta horrek haserretu zuen», ziurtatu du Kaskagorrikoak. Egun horretan, «Aste Nagusiaren defentsan» itxi zuten tabernari eta dendari guztiak zoriondu zituen azkenik Irati Ugaldek.
Txosna gabe egondako bi urte horietan, Panoramixek edabe magiko nahikoa egiteko tartea izan du, eta hortaz, Asterixen lagun iraultzaileak aurten «indarberrituta» datozela diote atzo hedabideei bidalitako prentsa-oharrean, goizean egin behar zuten agerraldia euriaren ondorioz bertan behera geratu eta gero.
«Kalearen konkista»
Gazte mugimenduko konpartsaren aurtengo gaia Nafarroako konkistaren 500. urteurrena izango da. Bide horretan, «`Azkunem'-ek Bilboko kaleak inbaditu» nahi dituela salatu zuen Ugaldek, gazteei beren «espazio eta alternatibak garatzeko aukera zapuzten» diela gaineratuz. Espazioen ukazio horren adibide gisa Kukutza eta Patakon gaztetxeen itxierak aipatu ditu Kaskagorriko konpartsakideak.
Nolanahi ere, oztopo guztien gainetik Kaskagorri «inoiz baino indartsuago» arituko dela ziurtatu du Ugaldek. «Jaietan murgilduz eta aktibo nagusi izanez». Horretarako, ekintza mordoa prestatu dituzte: poteoak, bazkariak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, elkartasun keinuak, eta zenbait musika kontzertu, hala nola Ze Esatek! talde gipuzkoarra edo Hip Hop gaua.
Bilboko alkatearen dimisioa eskatu zuen Kaskagorrik, txosnen debekua era «autoritarioan» egiteagatik. Kukutza eta Patakon gaztetxeentzat ere oroimena izan zuen, honelako alternatiben beharra azpimarratuz.