Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren jokoak
Ereserki baten izaera ahalik eta jende gehienarengana iristea da. Estatu horretako biztanleak ez ezik beste batzuk ere bereganatuko balitu, «inperioa» handituko litzateke. Kantuetan singleei antzekoa gertatzen zaie. Singleetan inperialismoa areagotu egiten da. Joko Olinpikoak pasatu berri dira eta ereserkiz ereserki ibili dira kirolari guztiak. Ez dut uste kirolari guztiek maite dituztenik ereserkiak, ez beren estatuari dagokiona, ezta besteak ere. Baina gehiengoak malkotan igarotzen du minutuko ditxosozko kantua, ereserkia.
Erlijioaren sintoma berberak dituzte estatuei dagozkien ereserkiek. Kirolari multzo handi bat sinestuna da eta musika hori fedearen ezaugarriekin lotzea ez da urrutiegi joatea azterketan. Kirol munduan maiz ikusiko ditugu kirolariak aitaren egiten jardunaren aurretik. Lortutakoan kirol bakoitzari dagokion garaipenaren puntua (saskiratzea, gola, lehen iristea helmugara...), beste aitaren sortari erantsi behar zaio bi eskuak zerurantz apuntatzea. Sinestunak diren kirolariei dagokienez, nork bere jainkoari eskatuko dio garaipenaren unea; jainkoaren laguntza da aitaren egitearen xedea. Euskal kirolari askok egiten dute keinu berbera. Madonnak, ikuskizuna eskaini aurretik, errezoan jartzen zituen musikariak. Kalaka taldekoek errezatuko dute? Diskoen hasieratan jainkoari eskerrak eman ondoren, Madonnak abesti sorta ederra jaurtiko digu belarrietara. Euskal Herriko musikari asko sinestuna den arren, zuzenekoak hasi aurretik ez dut inor ikusi jendaurrean erlijio keinuak egiten. Iskanbila sortuko litzateke, ziur. Zergatik ez diegu kirolariei ezer aurpegiratzen? PiLT taldearen «Hil da jainkoa» eta beste hamaika adibide ditugu erlijioren aurkakoak, «Salve» mitikoa barne.