GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Ezpata dantzarekin berpiztuko dira debarrak San Roke egunean

p044_f03.jpg

GARA | DEBA

Zinta zuri eta gorriekin apaindutako makilak hartuta, urtero legez, dantzariak Debako jaun eta jabe bihurtuko dira gaurko San Roke egun handian. Dagoeneko puri-purian dauden jaietan -inguruko herrietako gazteentzat hitzordu ezin galduzkoa izaten dira Debako festak- gaurkoa tradizioz beteriko eguna da, Debako ezpata dantza dantzatzen baitute.

Goizean, 09.30ean, Gure Kai dantza taldeko dantzariek San Roke irudiari agurra egiten diote Plaza Zaharrean, elizaren aurrean. Jarraian, udalbatzaz eta herritarrez osaturiko prozesioa ermitara igotzen da. Egun ikusgarria da oso, dantzariak herrian zehar geldiuneak egiten dituztelako, baita larrain dantza Plaza Zaharrean dantzatu ere, edota erraldoiak eta buruhandiak... Goiz osoko jardunaren ostean, galdu behar ez den beste hitzordu bat: 12.30ean, Foruen plazan, aurreskua.

Eskualdeko jairik garrantzitsuenetarikoak dira Debakoak, zalantzarik gabe, jai giroa bikaina delako... baita goizeko entzierroek betidanik izan duten bizitasunagatik ere (08.00etan gaurkoa, arratsaldeko zekorketan hilko diren abereekin). Zezenketek interes berezia dute, herriko plazan kokatzen baita jaietan zezen plaza. 18.00etan izango da gaurkoa, Tamames Salamancako Puerto de San Lorenzo ganadutegiko idiskoekin. Toreatzaileak, Curro Lujan eta Javier Moreno Lagartijo.

Gaueko kontzertuan, 00.00etan, Napoka Band eta Mikel Urdangarin arituko dira. Lehenago, nola ez, su festak, hondartzan, 23.30ean.

Biharkoa, beste egun handi bat: Marinel eguna. Zuri eta gorri koloreak etxean utzi eta Deba urdinez jantziko da. Itsasoari begira bizi den herri hau 08.30ean esnatuko da Kardantxulo kantuarekin, eta diana, entzierroaren eta enbolatuen ostean (12.00etan), herri bazkaria egingo dute karpan.

Ura eta erromeria

Gorputzak ondo busti ondoren (17.30ean nasapuntakoa eta baltsa jaitsiera egingo dute portuan), 19.30ean erromeria izango da kalerik kale, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin, baita Zazpietan Lehena jotera taldearekin eta Txanbelpez taldearekin ere. Musika, larrain dantza... eta ohiko gaupasa larunbatera arte. Larunbata Lapurdiko Kanbo herriari eskaini diote, eta eguna ekitaldiz beteta dago: beste zezenketa bat, pilota partidua Aldatsan (19.30ean eta dohainik) eta gauean Betagarri, Vendetta, Tximeleta eta La Banda del Destierro taldeen kontzertua, 21.30ean.

Igandera arte gorputzak bere horretan mantentzen ahaleginduko dira debarrak; orduan, erraldoiei agurra egin eta San Roke irudiari zapi gorria kenduta, aurtengo jaiei agur esango diete. Baina, oraindik, jaia hasi besterik ez da egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo