GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Urkulluren kezka etikoa, ikuskizuna

Egunotan nabarmena izan da EAJren isiltasuna Iosu Uribetxeberriaren egoera larriari dagokionez. Eta ez dirudi alderdi horrek eztabaida handirik behar izan duenik atzo bere presidente eta lehendakarigaiak horri buruz esan zituenak erabakitzeko. Iñigo Urkulluk, Euskal presoei dagokienez legea bete behar dela esanda, bere benetako kezka agertu zuen, kasu hori «ikuskizun» bihurtzea, hain zuzen. Hori eta ez aipatu zituen «oinarri humanista eta etikoen» araberako erabakia. Horregatik, «ikuskizuna saihesteko» eskatu zion Gobernu espainolari. Atzo Uribetxeberria, gose greban zortzigarren eguna zuela, oso larri zegoela jakinarazi zuten, baita ospitaleak prestatzen ari den txostenak haren gaixotasunaren larritasuna berresten duela ere, arrasatearrak gose greba hasi baino lehen ere jakina zena. Azkenean, hitz egin zuen Urkulluk, eta presoen protesten aurka agertu zen, Gobernu espainolak legeari muzin egitearen ondorio diren protesten aurka. Eta errespetu falta are handiagoa da lagun baten muturreko egoeraren aurrean sumatzen duen arriskurik handiena «ikuskizun» bihurtzea dela adierazita. Nabarmena zen EAJren isiltasuna, hainbatetan berehala bere burua giza eskubideen defendatzaile nagusi gisa aurkeztu izan du-eta, baina oraingoan alderdi horretako presidenteak, berandu eta horren zakar agertuta, hobe zuen isilik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo