GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Argoitz Ormazabal Kurriza Donostiako Piraten kidea

Brankatik behera konplexuak

La Cultura, con mayúsculas, puede desaparecer bajo los criterios economicistas que imperan en la actual crisis económica que afecta a Europa». Irudi luke oharta- razpen honekin debate handi baterako puntua bota duela Blanca Urgellek. Baina debate hori, portutik irten ez-eta, moilako uretan bertan aingura botata duen ontzia da. Politikari askorentzat, kultura, entretenimendurako eta distrakzio ordenazalerako merkantzia besterik ez da; aspaldi utzi zion emantzipazio bide izateari. Ez da, errepikatzen tematzen diren arren, hizki larritan idatziriko kultura. Sormena deliberatuki azpiegitura eta programazioarekin erratu ondoren, plisti-plasta gabiltza aisialdiaren gizartearen logikan. Europa osoan urte eta pertsona bakoitzeko porlan gehien erabiltzen den erkidegoan bizi gara. Kilometro koadroko autobide eta autobia gehien duen eskualdea da EAE, eta hala ere, zoramen kontsumistaren urterik oparoenetan ere, sekula ez zen heldu kulturari zuzendutako aurrekontua errepide batek duenera.

Gobernu gehienek uste dute kulturan dirua gastatzea dirua alferrik xahutzea dela. Are gehiago egungo egoeran, debate politikoa alderdi materialean zentratuta dagoenean erabat. Negozio bilakatu daitekeen ezerk ezin du merkatuaren kontroletik at geratu. Horretarako hustu zuten kultura edukiz, saleros daitekeen merkantzia bilakatzeko. Kontua da nork bere kultura deuseztatzean, beste edozein kulturatan hazteko aukerak ere deuseztatzen dituela. Barrutik hustua, edozein forma hartzeko eta edozein eduki zurrupatzeko gertu dago.

Erreparatu urte sasoi honetan freskagarri bezain homeopatiko zaizkigun eta kulturaren adierazpide diren festei. Danel Agirre kazetariaren zutabe batek jarri gintuen Ernesto Gascok Facebook-eko bere profilean dioenaren peskizan. PSE-EEkoak dio, aurtengo programa ikusita, Donostiako Aste Nagusia «demokraziako pobreena» izango dela. Aditzera ematen du jaiaren arrakasta bertan inbertitutako diruaren parekoa dela. Hobeto ulertzen da bere jarrera hurrengo gogoetarekin: Kontzertuetan talde euskaldunak programatzearen aurka ezer ez duela dio, baina «erakargarriagoak» izan zitezkeela dio, festak dirua egiteko baliatu behar direla azpimarratuz. Honatx Urgellen alderdi bereko zinegotziak kulturaz duen ulerkera. Hizki larritan idazten duen kultura bakarra negozioarena da.

Enbatak hain gogor jo du, moila barruko ontziak ere dantzan jarri dituela. Eta orain, ohikoa egin da ontzia naufragiotik libratzeko herritarron parte-hartzea beharrezkoa dela dioten boterearen ahotsak entzutea. Banku-etxeei dirua tonaka injektatzen zaien bitartean gizarte alor gehienak eskasian dira, eta laguntza eskatzen digute. Baina auzolanak ezin du erantzukizunak ekiditeko aitzakia izan. Ezberdintzen jakin behar da, batetik eta autogestioaren mantupean, zerbitzuen prekariza-zioa eta pribatizazioa helburu duten estrategiak; eta bestetik, administrazioak zerbitzu publikoei eta hauen aktibitate nahiz programei bideratzen dien baliabide ekonomikoa (gehiago edo gutxiago izan) demokratikoki kudeatuz (aurrekontu parte-hartzaileak...) gizarte zibil antolatuaren alde egitea. Estekatzen gaituen sistemak bere hutsuneak gero eta argiago erakus-ten dizkigun honetan, gure afekzio eta insatisfak-zio arazoak asetzeko kolektibitatearen aldeko aldarria alternatiba bilakatzen ari da. Auzolana behar komunetik sortutako praktika da.

Donostiako Udalak festa herritarron eskuetara itzuli eta kulturari nahi duena izaten uzteko hautua egin du. Eta horretan laguntzen du; ez diru laguntzekin, baizik eta nahi horri trabak ez jartzen, herritarron antolaketa lehenesten.

Andre Maria Zuriaren plaza laranja kolorez tindatzen du Euskaltelek Zeledonen jaitsierarekin batera. Iruñeko txupinazoan ere aldarri baino publizitate gehiago ikusten da Udaletxeko plazan. Bilboko santomasak BBKren talo eta txistorrak dira. Eta gertu zegoen Donostiako Aste Nagusia, Heineken Jazzaldiaren gisara, Amstel Nagusia bilakatzeko. Nahi luke Gascok Baiona ez ezik Jean Grenetek Donostia ere gobernatuko balu. Betaurreko marka famatu bati izena ematen dion Alain Afflelou enpresaria Baionako jaien salbatzaile aurkeztu da. Joan den apirilean, jaiek hiriari gastu handia ekartzen diotela adierazi zuen Baionako auzapezak, eta besteak beste, egoerari aurre egiteko, festen sarrera ordainarazteko aukera mahai gainean jarri zuen. Pozarren zen Grenet, Afflelouk 500.000 euroko laguntza eskaini zuelako, nahiz eta orain enpresariak atzera egin zezenketak direla-eta. Tristea da herriko jaiak mantentzeko auzapeza erreguka ikustea, dirua negozio egitea beste helbururik ez duen jai ereduak behar duela ahantzirik. Kolektiboki sinistera helduak ginen ez dagoela ez sormen, ez festa, ez kulturarik enpresa handien mezenazgorik gabe. Hauxe da neoliberalismoak kultura politika publikoekin egin duenaren adibide bat.

Duela gutxi Fredi Paiak idatzi bezala, «sabela gose denean arima elikatzeari uztea ulergarri zaion gizarte batek sekula ez du ulertuko soilik arimak elikatuta ziurta litekeela epe luzerako sabeleko hotsik eza». Gaurko krisi sozio-ekonomiko-ekologikoa, Gasco, Urgell eta enpa- rauek ziztuan eta beregaintasun gutxiarekin defendatu izan duten Modernotasunaren premisa kulturalaren krisia da. Argi dio Joseba Azkarraga soziologoak: Mendebaldeko gizarteak garaturiko matrize kulturala da krisian dagoena. Eta nekez konponduko da patroi hegemonikoak sakon aldatu gabe, ekonomian, norbanakoan, kulturan.

Beraz, lan eta borroka eremu askotarikoa zabaltzen zaigu aurrean. Festena da horietako bat, gizarte ereduen arteko borrokaren aurpegietako bat bai baita jai ereduen artekoa.

Bestelako festak bideragarriak dira, bestelako jendartea ere bai. Festena malgutasun handiko eremua da, oinarritik sortzen da orokorrean eta ez dio inolako antolakunderen beharrei erantzuten -ez bada antolakundeen artean nagusietan nagusiena den herriari berari-. Autonomia honek laguntzen du probak egiten, saiakerak, esperimentazioa... bai antolakuntzan bai ekimenei dagokienean. Eta festak hartzen baditugu jendarte antolakuntza eraldatzeko bitartekotzat, gizarteak beharrezko duen kuestionatze kultural errotikoan hazitxoa erein dugulakoan nago. Bestelakoan, festak hedonismo onanistara mugatuko ditugu.

Hein handi batean, festetan antolakuntza eta transgresioaren fenomenoa gertatzen da. Lagun batek errepikatzea gogoko duen moduan, ezarritako legeak stand by egoeran geratzen dira: zilegi da kalean bazkaltzea inork ezer esan gabe, hemengoarekin eta hangoarekin dantzatuko dugu, txosnako lanak konpartituak izango dira... Nola edo hala, eremu libre bihurtzen ditugu, eta aldarrikatzen ditugun balioekin zintzoki jokatuz gero, harremanetarako oinarrizko arauak errespetua eta elkartasuna bihurtzen dira. Festetan posible da erakustea badela modua jendarte harremanak bestela antolatzeko.

Ez da aditua izan behar bizi dugun garai honek oso mutazio sakonak izango dituela iragartzeko. Balioen eraldaketa bat ekarriko duen aldaketa kultural sakona izango da, halabeharrez. Erronka, berriz, pultsiozko gizarte kontsumisten aurrean komunitate espazio berriak sortzea da. Komunitatearen garapena gure historiaren eta sustraien egiturazko osagaia dela gogoratzen digute Auzolan Elkarteko lagunek. Eta ohiturazko auzolan historikoa beharbada ez, baina beste era bateko auzolanak indarrean ditugu. Eraberriturik, egungo gizartearen behar eta lanak antolatzeko erabiltzen dira; festen antolaketarako, kasu. Gure esku dago eredu hauek gizarteko gainontzeko alorretara ekartzea, eta nork berean, jabego komunitarioaren hegemoniaren eraikuntzan bere hazia ereitea.

Aurten hamargarren abordatzea egingo dute Donostiako Piratek. Zeurea, geurea, Aste Nagusia denona delako. Hamar urte hauetan lortu dute hiriko abuztuko jaiek zuten haize voyeur eta kontsumista hori gainditu, eta, halako sentimendu kolektibo partekatu bat sortzea. Hala ere, dena dago egiteko, eta ez dago soberan gogoraraztea ez dela aldeko haizerik, nora doan ez dakienarentzat. Facebook-i tiraka, hona Ramon Gomezek dioena: Aste Nagusiari «kutsu euskalduna» ematearen aurka dago. Konplexurik gabeko tipoa PPko zinegotzia. Hiriko herri mugimenduak, berriz, beti kontrakotasunean dabilen garaituaren konplexua gainetik kendu ezinik jarraitzen du. Gauza bat da erabakiak arrazoitu eta bizilagunei azaltzea, eta beste bat hurkoak esango duenaren beldurrez jardutea; erdarari euskarak beharko lukeen tartea eskainiz; Munillak sermoietan miresten dituen Ama Birjinen prozesioak egitarauetan onetsiz; aurreztearen izenean eta askotariko aldarrien ordainetan enpresa handien markak lehenetsiz jai guneetan... Aldeko dugu haizea Donostian, eta bada garaia konplexuak brankatik behera jaurtitzeko. Donostia bestelakoa delako posible da bestelako Donostia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo