Mikel Zubimendi Kazetaria
Asmatu egin behar da, asmatu
Ez da erraza oreka bilatzea. Soluzioak bilatzeko bake prozesu batek eskatzen duen tenplea, enpatia, sentsibilitatea eta zentzu ona izatea; eta, bestetik, proiektu independentista batek eskatzen dituen tentsioa, antagonismoa eta intentsitate altua ez galtzea. Errealitate aldakorrari zentzu pragmatiko batez oratzea, erantzun praktikoak ematea eta era berean printzipio eta idealetan sendo mantentzea, horiek galduta den-dena galdu eta ezerezean urtuko ginatekeela jakinik. Ez da erraza, ez. Asmatu egin behar da. Asmatu, erabaki zuzenak hartzen; asmatu, existitzen ez diren formulak asmatzen.
Aldaketa oro susmagarria izan ohi da, ia-ia iraganaren krimen bat. Euskal Herrian, gauza asko aldatu dira denbora gutxian eta askoz ere gehiago aldatuko dira, inork guztiz kontrolatzen ez duen pronostiko idatzirik gabeko abentura politiko honetan. Aurkikuntza etengabe batean sartuta, gauzak norabide egoki batean aldatzeko indarrak ongi artikulatzen eta funtsezko funtsaren funtsean ongi kontzentratzen asmatu beharko da.
Printzipala eta bigarren mailako kontraesanak ongi ezberdinduz. Elkarrizketa politikoa degradatzen, alderdien arteko zatiketa sakontzen eta abismoa irudikatzen, elkarren arteko konpromisoa bezalako kontzeptu demokratikoak hondatzen dituzten lokatzetan sartzeke. Euskal politika guztiz blokeatua eta polarizatua, toxiko eta nazkagarri egiten interesatuak direnen trapuetara sartzeke. Argudio arrazionalen faltan, jende normalaren parte-hartzea oztopatu nahi dute. Bai baitakite, jendearekin, soilik jendearekin eta beti jendearekin egin ahal dela benetako aldaketa.
Galderak pilatuta eta erantzunak xahututa diren garaiotan, ekintza kolektiboen molde asko zaharkituta, egiazki herri ezberdin bat bagara, zerbait desberdina pentsatu eta praktikara eramateko gaitasuna erakutsi beharko genuke. Egungo legalitatearen topeekin talka eginez eta eredu alternatibo baten inguruko herri adostasun berria taxutuz. Lur komun hori ongarritzean du euskal politikak bere erabilgarritasuna eta maila frogatzeko erronka. Egitasmo hori bizirik eta eskuragarri mantentzeak, eta hartara, ekintzarako tresneria egokiaz hornitzeak, gaur politikoki ezinezkoa dirudiena laster saihetsezina egingo du.