ZERUA eta INFERNUA
«Atera eta itzultzeko eperik gabe munduan ibili nahiko nuke»
Donostia 2016 bulegoko koordinatzailea
Donostia 2016 Bulegoko koordinatzaile eta kudeatzailea sarri oroitzen da txikitan aiton-amonen herrian, Zaldibian, pasatzen zituen oporrez. Lehengusuekin elkartzea, gauean berandu oheratzea, plazara ordurik gabe ateratzea... Gauza txiki-handi horiek leku berezia dute bere bihotzean.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Donostia 2016 eta oporrak ez dira ongi lotzen diren hitzak. Eva Salaberriak jai egun batzuk hartzea espero du abuztuan, baina oraindik ez dakienez noiz, ez du planik egin. Segur aski hemen inguruan ibiliko da, gustura.
Zein da egin duzun bidaiarik politena?
Bidaia polit asko egin ditut, baina burura etortzen zaidan bat orain hiru-lau urte seme-alaba eta senarrarekin New Yorkera joan ginenekoa da. Seme-alabak jada gaztetxoak ziren eta hiri hori hiru neraberekin deskubritzea oso polita izan zen.
Asko bidaiatu duzu?
Bai, gustatzen zait beste leku batzuk ezagutzea. Turismo urbanoa asko gustatzen zait: hiriak, jendea ibiltzen den tokiak.
Lekuren batekin amesten duzu?
Atera eta bueltatzeko eperik gabe munduan ibili nahiko nuke: leku batera joan, gustatzen zaizun hori deskubritzen duzunean hurrengora, gero hurrengora... eta nekatzen zarenean etxera bueltatu, edo etxekoak edo etxea faltan ematen duzunean. Ez besteetan izaten den bezala, gustura zaudenean bueltatu behar. Eperik gabeko bidaia bat egitea gustatuko litzaidake munduan zehar.
Gustatu ez zaizun lekurik baduzu?
Uste dut atera naizenean asmatu egin dudala nora joan eta zer behar nuen momentu horretan. Batzuetan mugimendua behar duzu; besteetan lasaiago egotea. Orain arte atera naizenean asmatu egin dut lekuarekin eta, batez ere, jendearekin, horri ematen baitiot balio gehien. Agian jarrera kontua da, baina joan naizen leku guztietan aurkitu dut jende interesgarria.
Zein oroitzapen duzu txikitako oporrez?
Oso gogoko ditut eta askotan akordatzen naiz eta konpartitzen ditut etxean, seme-alabekin, txikitan egiten nituen oporrak. Nire aita Zaldibiakoa zen eta aiton-amonen etxera joaten ginenean, depositoetan ibiltzen ginen jolasean, aitonak putzu bat prestatzen zigun errekan... Haurra zareneko opor horiek, giro horrek iruditzen zait badaukala magikoa den zerbait. Asteazkenetan Ordiziako feriara joaten ginen, eta Txindokira, perretxikoak jasotzera, amuarrainetara... Bihotzean dauzkat une horiek.