AIZKORA Urrezko Kopa
Floren Nazabalek hasieratik bukaerara agindu zuen
Etxarrikoak lehen zati bikaina egin zuen, eta bigarrengoan erritmoa jaitsi zuen.
Jon LEUNDA
Floren Nazabalek lortu zuen atzo Donostian aurtengo Urrezko Kopa irabaztea. Etxarrikoa jaun eta jabe izan zen, hasieratik bukaerara izan baitzen nagusi. Sekulako betekada hartu zuen Donostiako Trinitate plazak, jendez gainezka egon baitzen. Saio honetan iazko Euskal Herriko Txapelketako bost onenak neurtu ziren, eta bakoitzak hamalau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen.
Nazabalek sekulako abiadan ekin zion lanari, eta azkar hartu zuen aurrea. Lan erdiak 13 minutu eta 42 segundoan burutu zituen. Hortik aurrera apur bat behera egin zuen, baina seguru asko ere ez zuelako estutzeko premiarik izan.
Emozioa bigarren posturako izan zen. Atutxak eta Olasagastik sekulako borroka izan zuten saio osoan zehar, baina bi hauen atzetik Azurmendi bera ere ez zen oso aparte ibili. Azkenean, ordea, bizkaitarrak amaitu zuen bigarren postuan. Lan erdietan ere horrelaxe zen, eta amaieran horri eutsi egin zion. Olasagastik, berriz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, eta Azurmendik laugarrenarekin. Lopez, berriz, ia hasieratik geratu zen atzean, eta azken postuan amaitu zuen saioa.
Bigarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jokatuko da bihar Azkoitiko plazan, 12.30ean hasita. Lasa, Mugertza II.a, Mugertza III.a, Zaldua, Irazu, Mikel Larrañaga, Oihan Larretxea, Kañamares II.a, Xabier Mindegia, Erasun eta Olano I.a arituko dira lanean.
Hamaika aizkolari arituko dira jo eta su, eta lehenengo seiek jokatuko dute finala Aizarnazabalen irailaren 30ean. Azkenekoak, berriz, maila galduko du. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Bihar hiru txandatan banatuta arituko dira lanean.
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan, berriz, saio berri bat jokatuko da gaur Gernikan 18.00etatik aurrera. Bertan Unai Otaño eta Aitzol Atutxa izango dira aurrez aurre. Orain arte biak dabiltza oso ongi.