Harri-jasotzea Mallabiko Torneoa
Izeta III.ak ez zion inori ezustea ematen utzi eta beretzat izan zen txapela
J.L.
Ez zen aparteko ezusterik izan atzo Mallabian jokatu zen harri-jasotze torneoan, Izeta III.ak irabazi baitzuen. Bera eta Izeta IV.a ziren txapela lortzeko faboritoak, eta biak izan ziren podiumean, nahiz eta bien artean Inar bizkaitarra sartu zen.
Sekulako jendetza batu zen saioa ikustera. Lehian aritutako harri-jasotzaile bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili behar izan zituen. Bost minutuko txanda bakarra izan zuten harri bakoitzarekin lanean aritzeko.
Izeta III.a izan zen denetan onena, aiarrak 84 aldiz lortu baitzuen harriak bizkarraren gainean berdintzea, eta ez da batere marka txarra. Atzetik, eta askorentzat horixe izan zen atzoko ezustea, Inar izan zen. Ondarroakoak oso lan ona egin zuen, eta bi harriei emandako jasoaldiak batuta, 83 eman zituen. Izeta III.arengandik jasoaldi bakar batera geratu zen, eta ez zuen batere marka txarra egin, bigarren postua eskuratuta.
Izeta IV.a zen beste faboritoetako bat. Zarauztar gazteak 80 jasoaldi eman zituen guztira. Hortik atzera tarteak handi samarrak izan ziren, eta garbi geratu zen hiru hauetatik besteetara zer nolako aldea dagoen.
Urrutia sailkatu zen laugarren postuan, 71 jasoaldirekin; bosgarren, berriz, Otaegi 63rekin; eta azken postuan geratu zen Galarraga, guztira 58 jasoaldi eginda. Harri-jasotzaileek ez dute atsedenerako tarterik izango, etzi bertan jokatuko baita Donostian Igeldo Harria torneoa.