Udate
Pasaiak espero zuen barkua
«The love boat» telesaila etorri ohi zaigu burura itsas bidaietako ontzi bat ikusten dugun bakoitzean, edo norbaitek itsasoan barreneko oporraldi mota hau hautatzen duenean. Irudikatzen ditugu Greziako irlak, eguzkia, musika... baina, nork esango luke halako barku bat (edo bi) Pasaiako badia zeharkatu eta Antxon porturatuko litzatekeela?
Testua: Nagore BELASTEGI
Argazkiak: Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS
Donostia alde batera eta Hondarribia bestera hain gertu izanik Pasaiak aspaldi ez du izan turista multzo handi baten bisita. Bertako portuak, hainbeste buruhauste sortzen ari den horrek, inoiz ez dio bidaiari ontzi handi bati harrera egin. Baina atzo «Azamara Journey» iritsi zen, milaka begi gainean zituela.
Arratsaldeko hiruretan portuko langileek Buenavistako moilatik badiaren sarrerarantz begiratzen zuten, gainean walkie-talkie-ak zituztela, sutan. «Oraindik ez da kameran agertzen», zioen portuzainen irratiak. Hogei minuturen bueltan irratiak berriro hitz egin zuen, «ikusten dut, badator».
Pasai San Pedroko pasealekua jendez gainezka zegoen. Buenavistan autobusak sartzen hasi ziren, argazkilariak ere gerturatzen hasi ziren. Irratiak berriz, «gaizki doa, arrokekin talka egingo du». Eta bat-batean, Jaizkibel mendiko labarren artean inguruko etxeak ñimiño uzten zituen barkutzarra sartzen hasi zen. San Pedrora doan barkua are txikiagoa ikusten zen erraldoiaren ondoan.
Ez zela sartuko zirudien, baina Pasaiako portuko profesionalen laguntzarekin moilara azkar iristea lortu zuen. Maltako bandera zeraman barkuak amarrea 16.00ak jo orduko bota zuen, eta ordurako turistei eskainitako zerbitzu guztiak koordinatuta zeuden lehorrean. Bost autobus Gipuzkoako txoko desberdinetara irteerak egiteko ziren, eta beste bost, Donostiara joateko.
Lurreratzeko arrapala jarri bitartean bidaiariak euren kabinetako balkoitik begira zeuden. Bi emakumek urrutira agurtu zuten, ezagunen bat bertan izango balute bezala. Eta beste puntan, prismatikoak begietan itsatsita, beste bi emakume zeuden barkuko bidaiarien agurrei erantzuten. Ikusmina benetan handia zen. Portuko kazetariek etengabe ateratzen zituzten argazkiak, baita bidaiariek beraiei ere, liluraturik.
Izan ere, Lucio Hernandok, Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak, azaldu zigunaren arabera, turistak harrituta zeuden eskaini zieten arretagatik. «Uste zuten zifra berezi bat betetzen zuela itsasontziak, eta horregatik ospakizunen bat zegoela». «Azamara Journey» ez da bereziki handia, ez behintzat «ospakizun bat» bere ohorez prestatzeko bestekoa, baina Pasaiarentzat oso garrantzitsua da.
Badian sartu eta gerturatu orduko barkua txikia da opor bidaietako itsasontzi bat izateko. Halako ontziek ohikoan 300 metroko luzera dute, eta «Azamara»-k, berriz, 181 metro besterik ez ditu; baina neurri horren inguruan dago, hain zuzen ere, Pasaiako porturako gehienekoa. «185 metroko muga du portuak, maniobrak egiteko zailtasun handiak daudelako. Pasaian inoiz sartu den barkurik handiena da hau, eta horregatik da garrantzitsua», zioen Hernandok.
Atzoko ongietorria historikoa dela pentsa dezakegu, baina, kasualitatez, igandean ezaugarri bertsuak dituen beste bidaia ontzi bat sartuko da Buenavistan, eta turismo mota honentzako aukera berri bat ikusten du Hernandok. «Igandean sartuko den `Adonia' ontziak ere 181 metroko luzera du, bidaiariak 600 inguru eta tripulazioko kideak 400. Desberdintasuna da `Azamara'-k bere bidaia Kantauri itsasotik Portugaleraino jarraituko duela, eta `Adonia' Britainia Handira itzuliko dela».
Kontatu zigunez, garai batean ferry bat zegoen Pasaia eta Southampton portuaren artean, geltoki maritimo eta guzti, baina Santander eta Bilboko portuak indarra hartuz joan ziren heinean, Pasaiak galdu egin zuen. «Noizean behin iristen dira barku batzuk, belaontziak, 85 bidaiarirekin, baina honelako bidaia ontzirik ez da inoiz egon», azaldu zigun. Berak uste du bi itsasontzi hauek agian trafiko berria ekarriko diotela Pasaiari. «Tamaina honetako bidaia itsasontzi gutxi daude, ez direlako konpetitiboak, baina Gipuzkoan ez dago honelako beste porturik eta izan daiteke aukera bat bidaia agentzientzat. Honelako bidaia ontzi txiki gehiago ekartzen has daitezke».
Pasaiak ez ezik, Gipuzkoa osoak irabazten du itsaso bidezko turismoa zabaltzen bada. Arlo ekonomikoari dagokionez, Agintaritzako presidenteak argi du, «iruditu zait itsasontzia luxuzkoa dela. Bidaiariek dirua badute ahalik eta gehien gastatu dezaten!»
«Oso polita da zuen herrialdea»
Agian, Pasaiako portua ez da izango turisten ametsetako parajea, baina Euskal Herriak txoratuta zituen bidaiariak. Barkutik atera bezain laster, gure gastronomiarekin bat egin nahi zutenak ere bazeuden. Matias Sabatek bere kabinako balkoitik garrasika dio pintxoak dastatzeko irrikaz dagoela. Katalana da eta 15 urteko semearekin dago bidaian.
«Azamara»-tik ateratzean, Sabatek bidaiaren nondik norakoen berri eman zuen. «Sarrera sekulakoa da, ez da ikusten portu bat dela eta barkua zuzen-zuzen zetorren bi itsasargien artean sartu den arte. Alde batera eta bestera begiratzen joan gara hemengo paisaia berdea harrigarria delako», esan zuen pozik.
Katalanaren esanetan, herenegun Donibane Lohizunen pasatu behar zuten gaua, baina haize bolada gogor bat iragarri zuten eta Baionako portura joan ziren babestera. Southamptonetik atera eta Bordelera joan ziren aurretik, eta Pasaiatik Bilbora jo eta gero, Lisboa eta Oporto ezagutuko dituzte. Ibilbideagatik hautatu zuten sabatetarrek bidaia hau, normalean honelako itsas bidaietan bisitatzen ez diren hiriak daudelako programatuta.
Bitartean, geldialdi baten eta bestearen artean, ez dute aspertzeko astirik: «Ekintzak daude ateratzen direnentzat, baita barkuan gelditzen direnentzat ere -pilates, bingoa, argazkigintza tailerra, kasinoa...- eta gauean, zuzeneko musika».
Cheryl Sinclairrek egiten ditu, hain zuzen ere, zuzeneko ikuskizun horietako batzuk. Bide erdian egin zuen bat tripulazioarekin Pasaian, baina aurrerantzean ibilbide osoan zehar gauak alaituko ditu. Bera lanean ari da ontzian, eta bere senar Donovan Sinclairrek datozen egunak aprobetxatuko ditu barkuan ondo pasatzeko. «Ez dit beti berarekin joaten uzten, baina oraingo honetan bai», zioen txantxetan barkura igotzeko minutu gutxi falta zirela.
Ondo pasatzeko asmoz egin zuten salto Pasaiako portura Lina Alvarez eta Raquel Castañeda kubatarrek ere. Miamin bizi dira, eta senarrekin, Elpidio eta Franciscorekin, egiten ari dira bidaia. «Oso polita da zuen herrialdea hainbeste mendirekin, eta jendea oso jatorra eta atsegina da, eta janaria...», baieztatu zuen lehenengoak. «Badago jairik inguruan?», galdetu zuen bigarrenak Donostiako Aste Nagusia bete-betean harrapatuko zutela jakin gabe. Izan ere, ontziko bidaiari gehienek Donostiara joan nahi zuten, arratsaldea bertan eman eta ondoren su artifizialak ikusi.
Baina kolore adina gustu daudenez, Britainia Handitik datozen Robin eta Christine Burtonek ibilaldi programatuei uko egin eta ingurua euren kabuz aztertzea erabaki zuten. Hala, Pasai San Pedrora joan ziren oinez eta ondoren barkua hartu zuten Pasai Donibanera joateko. «Azamara» barkuan egiten ari direna bosgarren itsas bidaia da eurentzat.
Robinek barkuko janaria zoragarria azpimarratu zuen, eta bere emazteak xehetasun gehiago eman zituen: «Gelak erosoak dira, iluntzean ikuskizunak daude eta denak elkartzen garen guneak daude eta, nire senarrak dioen bezala, janari zoragarria ere bai! baliteke euskal jakiak dastatzea».
Ez dute denbora askorik izango, azkar ibili beharko dute. Atzo arratsaldean itsasgorarekin batera sartu zen eta gaur arratsaldean, arrainak bezala, berriro itsasoratuko da Lisboarantz. Pasaiako herritarrek hizketarako gaia izango dute egun batzuetarako. Segur aski igandean etorriko den «Adonia» itsas-bidaia ontziak ere «Azamara Journey»-k izandako ongietorri beroaren parekoa izango du, beraz, utikan penak, laster Pasaia berriro turistaz beteko da-eta.
El 15 de abril se cumplieron 100 años del hundimiento del buque más famoso del mundo. El Titanic zarpó de Southampton el 10 de abril de 1912, y cuatro días más tarde chocó con un iceberg a 600 kilómetros de Terranova hasta que de madrugada se partió por la mitad y desapareció en las aguas heladas.
Como homenaje al trasatlántico realizado en el astillero de Belfast dos barcos zarparon de diferentes puertos en su aniversario para recordarlo. Así, un crucero salió desde Southampton, al igual que el Titanic, y otro desde Nueva York, donde debía haber llegado. Precisamente, el barco que salió desde Nueva York no es otro que el que ayer llegó a Pasaia.
El Azamara Journey se unió al crucero que salió de Southampton exactamente en el lugar donde se encuentra el pecio del Titanic. Los capitanes lanzaron llamadas de auxilio, al igual que hizo el capitán del trasatlántico pero que no recibió respuesta hasta que fue demasiado tarde. Después se lanzaron coronas de flores al mar.
De este modo simbólico, los pasajeros de ambos buques recordaron al más inspirador de todos los barcos de la historia, a aaquel gigante que era «imposible de hundir», pero se hundió e hizo que muchos le cogieran miedo al mar y otros, por el contrario, se lanzaran a él para aprovecharse de los lujos que los cruceros ofrecen. N.B.