GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Igeldo Harria

Izeta II.ak arazo handirik gabe jantzi zuen txapela

Aiarrak hiru jasoaldi kendu zizkion bigarren sailkatu zen Jokin Eizmendiri.

p031_f01_148x096.jpg

Jon LEUNDA

Izeta II.ak irabazi zuen larunbat iluntzean Donostiako Trinitate plazan Igeldo Harria Txapelketa. Bera zen irabazteko faboritoetako bat, eta bestea, berriz, Aimar Irigoien, baina errezildarra gerriko arazoekin dabil eta ezin izan zen larunbatean Donostian lehiatu.

Guztira bederatzi kirolari lehiatu ziren, 134 kilo pisatzen dituen Igeldoko Harri traketsa jasotzeko asmoz, bakoitzak gainera bost minutuko txanda bat izan zuen. Harri-jasotzaile guztiek eskuak garbitu behar izan zituzten saioa hasi baino lehen, epailearen aurrean.

Aiako harri-jasotzaile beteranoak nahiko eroso irabazi zuen, hiruren aldea kendu baitzion bigarren sailkatu zen Jokin Eizmendiri. Hortik atzera izan zen borroka; bigarren postutik aurrera lehia handia izan zen, jasoaldi gutxiren artean harri-jasotzaile asko sartu baitziren.

Askorentzat ezustea Iban Ugartemendiak eman zuen, Hernialdekoak hamaika aldiz berdindu baitzuen harria bizkar gainean, eta podiumeko hirugarren postua bete zuen.

Hala ere, arratsaldeko txalorik gehien azkeneko biek jaso zituzten. Ulertzekoa, izan ere, Lopetegi eta Telleria IV.a 15 eta 16 urteko bi gaztetxo baitira eta lan bikaina egin zutenez, jendeak hori eskertu nahi izan zien.

Lopetegi estreinako aldiz atera zen plazara, eta sekulako itxura eman zuen. 15 urte besterik ez ditu, baina etorkizunean lan onak egingo dituen itxura eman zuen. Telleria IV.a ezagunagoa da, azken urte hauetan plazetan baitabil, eta garbi dago honek ere lan handiak egingo dituela.

Arabakoa

Naiara Ferran eta Gorka Alegria dira Arabako lokotx-biltzeko txapeldun berriak. Herenegun jokatu ziren Laudion bai nesken bai mutilen finalak, eta aipaturiko biek jantzi zuten txapela. Bakoitzak 50 lokotx batu behar izan zituen ahalik eta azkarren eta arautegiak dioena jarraituz. Beroa izan zen finaleko protagonista nagusia, eta kirol honek dituen baldintzak ikusita, txapelketa bertan behera uzteko zorian ere egon ziren, baina azkenean jokatu egin zen. Saioa ikusteko ez zen jende gehiegi batu, eta horren errudun handienetakoa beroa izan zen.

Emakumezkoetan hiru aritu ziren lanean. Horietan Naiara Ferran izan zen azkarrena eta berak eraman zuen txapela. Atzetik sailkatu ziren Nikola Gulova, Gasteizen bizi den eslovakiarra, eta Itsaso Hernandez.

Mutiletan lau ziren aritzekoak, baina txapela lortzeko faboritoetako bat, Alberto Ibañez, ez zen jardun. Lan arazoak medio, ezin izan zuen finalean aritu, eta hiru bakarrik jardun ziren.

Garaipena Gorka Alegriak eraman zuen, eta atzetik, bigarren postuan, Ruben Uriarte sailkatu zen. Hirugarren postuan, berriz, Aritz sailkatu zen. Hirurek ere bapo sufritu zuten.

Bilboko Aste Nagusian ez da txapelketarik faltako

Bilboko Aste Nagusian ere ez da herri kirolik eta txapelketarik faltako. Bihar 12.00etatik aurrera jokatuko da Areatzan Euskal Herriko Lasto-jaurtitze Txapelketa. Fernandez de Retana, Ruiz de Aretxabaleta, Tubi, Joxe Lapazaran, Perez, Pujana, Urpe, Arbenoitz eta Andron neurtuko dira. Hamahiru kiloko lasto fardoa zeinek goren bota izango da jokoa.

Hendaian gaur jokatuko dira Ipar Euskal Herriko hainbat txapelketetako finalak. Buskal-biltzea, lasto-altxatzea, lasto-jaurtiketa, txinga-proba eta zaku- eramatea izango dira Hendaiako pilota plazan 21.30ean hasita ikusiko diren kirol saioak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo