GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Araban, murrizketa bidegabe gehiago

Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresek Gobernu sendo bat eskatu zuen Lakuarako. Izan ere, bistan dira oraingo Gobernuaren bakardadea eta ahultasuna, eraginkortasunik ezaz gainera. Beraz, edozein gobernu izan liteke oraingoa baino egokiagoa, inoizko egoerarik ahulenean eta erabakirik hartzeko gaitasunik gabe dagoela. Alde horretatik, PPko ahaldun arabarrak ere ikusten du euskal herritar gehienek ikusten dutena. Besterik da krisi egoeran hartu beharreko neurriei dagokienez. Atzo esan zuenez, bere apustua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «herstura eta zorroztasun» politika ezartzea da. Eta proposatutako politika horren norabidean, beste murrizketa bat iragarri zuen arabarrentzat, foru aurrekontua %6 murriztea alegia. Neurri horiek Aldundiko langileengan, gizarte-ongizate arloan eta dirulaguntzetan izango du eragina eta, beraz, Madrilgo Gobernuak ezarritako murrizketen norabide berekoak dira. Jakina krisi egoera latzak neurriak eskatzen dituela, baina ez horiek, hain zuzen, orain arte administrazioek ezarri izan dituztenak bidegabeak ez ezik, alferrikakoak ere badira eta. De Andresen apustua baino lehenago, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga politika adostea proposatu zuen, zerbitzu publikoak murriztu eta langileen baldintzak kaskartu gabe. Krisiari aurre egiteko neurri eraginkorragoak eta, jakina, bidezkoagoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo