Udate
Estaturik gabeko nazioak daude Douarnenezeko Zinema Jaialdian
Abian dago gutxiengo etnikoak hasiera batetik kontuan izan dituen Douarnenezeko (Bretainia) 35. Zinema Jaialdia, Estatu espainoleko estaturik gabeko nazioak eta horien arazoak mintzagai dituena. Filmak ez ezik, idazleak eta politikariak ere gonbidatu dituzte.
Alvaro HILARIO | DOUARNENEZ
Abian dago joan den asteko ostiraletik Douarnenezeko zinema jaialdia, aurtengoa 35. edizioa duena. Hasiera batetik gutxiengo etnikoei arreta berezia eskaini dien zinemaldi honek gonbidapen berezia egin die Estatu espainoleko estaturik gabeko nazioei, eta horien artean Euskal Herriko egungo egoera jorratuko dute.
Euskal Herrian egindako hamahiru film eskainiko dituzte; horien artean dira Josu Martinezek eta Txaber Larreategik edota Julio Medemek ekoiztutako lanak.
Zinema ez ezik, euskal kulturako zein politika arloko ordezkariak ere gonbidatu ditu Douarnenezeko jaialdiak. Francisco Letamendiak, Lucio Urtubiak, Gabi Mouescak, Baleren Bakaikoak eta Maialen Lujanbiok hartuko dute parte zinemaldiak antolatutako solasaldietan, Kataluniatik, Andaluziatik eta Galiziatik bertaratutako beste batzuekin batera, esaterako, Xose Manuel Beiras BNGko lider ohia edota Manuel Rivas idazlea.
Antolatzaileen aburuz, estaturik gabeko nazio hauen historia eta egungo egoera ezagutzera eman nahi dute.
Euskal filmak
Hamahiru dira Douarnenezen ikusgai dauden euskal filmak; horietako bat, inaugurazio ekitaldian eman zutena, Julio Medemek «Vacas».
Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren «Sagarren denbora» eta «Debekatuta dago oroitzea», Asisko Urmenetaren «Gartxot», Asier Altunaren «Bertsolari», Helena Tabernaren «Yoyes» eta Julio Medemen filmografia dira, besteak beste, Bretainian programatutakoak.
Aurtengoa da Euskal Herria gonbidatuta dagoen bigarren aldia. 1988an, Nestor Basterrechea, Imanol Uribe, Pedro Olea, Arthur Mac Caig, Alfonso Ungria, Juan Bautista Berasategui, Antton Ezeiza, Montxo Armendariz, Jose Antonio Zorrilla, Angel Lertxundi, Rebolledo, Llagostera eta Jose Alberdi izan ziren.
Antolatzaileen esanetan, «aukeratutako filmen bidez, zinemaldiak historiaren gaineko begirada eman nahi du, arazoak edota sistema politikoak kritikatuz eta kultura minorizatuak ezagutzera emanez».
Bestelako jarduerak
Euskal egoera politikoa, ekonomikoa eta kulturala ere izango dituzte hizpide.
Esaterako, goizeroko «Gosariak eta hitzak» sailean parte hartu zuen Lucio Urtubia anarkista nafarrak igandean. Gaur, Balere Bakaikoak euskal kooperatibismoari buruz hitz egingo du. Hilaren 23an, ostegunean, Peio Aierbek gaur egungo migrazioez hitz egingo du eta, hortik bi egunera, Gabi Mouescak azalduko du euskal preso politikoen egoera.
Bestalde, «Markesinapeko solasaldietatik» pasatu dira Francisco Letamendia eta Baleren Bakaikoa euskal gaurkotasun politikoa aztertzen. Etzi, Maialen Lujanbiok «Herri baten hizkuntza: kultura eta nortasuna» hitzaldia eskainiko du.
Datorren larunbatean, abuztuaren 25ean, euskal preso ohi Gabi Mouescak Euskal Herriko preso politikoen egoeraz mintzatuko da; Josu Uribetxebarria eta gaixo dauden beste 13 presoak ere izango ditu hizpide.