Udate
25 urte, Europara begira
Hizkuntzak, bidaiak, kultur aniztasuna, parrandak eta sexua. Osagai horiek biltzen omen dituen Erasmus programak mende laurden bete du. Zenbait esperientzia bildu ditugu hori ospatzeko.
Testua: Nagore Belastegi
Argazkiak: Ander Aldalur, Nerea Otaño, Garazi Urzuriaga
Gainean dugu iraila eta laster hasiko dira unibertsitateko eskolak. Batzuk abenturaz jositako uda luze baten ostean itzuliko dira ikasgeletara; beste batzuk errekuperazioko azterketak egin berri dituztela lasaitu ederra hartuta hasiko dira berriz apunteak hartzen. Azken talde batek maletak prestatuko ditu egunotan Europarako bideari ekiteko. Erasmus programak bere 25. urteurrenean inoiz baino indar handiagoa du. Denbora horretan ia hiru milioi europar ikaslek hartu dute parte programa honetan. Erasmus programa Europako Batzordeak bideratzen duen Socrates programaren barnean dagoen unibertsitateko ikasketei zuzenduriko beka da, Europako goi mailako zentroen artean mugikortasuna errazten duena.
1987an sortu zen beka hau Europako Ikasle Foroaren eskutik eta Europar Batasuneko herrialde kideez gain, Islandiak, Liechtensteinek, Norvegiak, Suitzak eta Turkiak parte hartzen dute. Programan parte hartzeko baldintzak unibertsitateko ikasketak egiten aritzea eta lehen urtea gainditua izatea dira. Hautatutako ikasleek hiru hilabete eta urtebete arteko egonaldia egingo dute atzerriko herrialde batean, eta itzulitakoan kanpoan ikasitako ikasgaiak kontuan hartuko zaizkie. Epe batez unibertsitatez aldatzeko aukeraz gain, programak diru kopuru bat eskaintzen du, normalean -aukeratutako herrialdeko bizitza mailaren arabera- bizitzeko nahikoa ez dena, baina egonaldia hain garesti ez ateratzen laguntzen duena. Gainera, hizkuntzak ikasteko aukera paregabea da, unibertsitate guztietan tokiko hizkuntza ikasteko eskolak eskaintzen zaizkielako atzerriko ikasleei.
Erasmus programak ikasketa prozesuari balio erantsiak emateaz gain, esperientzia pertsonal berriak izateko aukera ematen die ikasleei. Asko dira mende laurden honetan esperientzia honi buruz zabaldu diren topikoak. Esate baterako, Europa osoan «Orgasmus» bezala ezagutzen da, askok eta askok, lotsa etxean utzita, atzerrian igarotako denbora ligatzeko erabiltzen baitute. Hala ere, itzultzen direnean (lagunartetik at, behintzat) esaten duten betiko leloa honakoa da: «Asko ikasteko balio duen esperientzia ahaztezina da». Aurreko urteetan Erasmus programan parte hartu duten hiru gaztek euren egonaldia kontatu digute.
Ander Aldalur
Ander Aldalur tolosarrak 24 urte ditu eta Ingeniaritza Industriala ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean. Ikasketen azken urtean, 5. mailan, alegia, lehenengo lauhilekoa Belgikan eman zuen, Leuven hirian, hain zuzen ere. Estatu espainiarretik kanpoko ia ezer ez zuen ezagutzen eta kanpoan egonaldi bat egiteko aukera eman ziotenean kostata eman zuen baiezkoa. Azkenean, dudak alde batera utzita, beste bost euskaldunekin batera Flandriara abiatu zen bertan negua igarotzeko prest. Egun hartan egindako hautua egokia dela uste du orain. «Bestelako erabakirik hartu izan banu, damututa egongo nintzela onartu behar dut».
Leuveneko unibertsitateak urtean milaka ikasle atzerritar jasotzen ditu eta hirira egokitzea ez da batere zaila horientzat. Euskaldunen taldea, ordea, ez zen hiri horretara mugatu eta gazteek Belgikan dituzten deskontuez baliatuz bidaia ugari egin zituzten. Herrialdeko beste gune batzuetara joan ziren bertako benetako errealitatea ezagutzeko. Aldalurri atentzioa eman zion garraiobideekin dagoen ardurak. Bere esanetan, «lehentasun argia dute oinezkoek; bizikletak ere asko errespetatzen dituzte, eta azkenik motordun ibilgailuak daude». Belgikan ikusi zuen tolosarrak atez ateko zabor bilketa sistema lehen aldiz, eta bertako hizkuntza, flandesera, bultzatu eta babesteko duten grinarekin harrituta gelditu zen. «Seinale, eskuorri eta mapa guztiak euren hizkuntzan dira, turista asko izango dituztela dakiten arren. Unibertsitatean ingelesez ematen diren ikasgaiak atzerritarrentzat baino ez dira».
Programa honen inguruan bada beste topiko bat; hain zuzen, lan gutxiago eginez nota altuagoak ateratzen direla. Aldalur ez dator bat honekin. Azaldu digunez, hezkuntza sistema gure unibertsitateen nahiko antzekoa da, baina ez ebaluatzeko modua. «Ahozko azterketak egiten genituen, aurkezpenak, lanak... gutxi ziren notaren ehuneko ehuna jokoan genuen azterketa idatziak. Bertako ikasleei eskatzen zieten maila bera eskatzen ziguten guri».
Erasmus parrandazaleen paradisua dela ere badiote, etxetik kanpo ikasleak alaiago ibiltzen direlako batetik bestera. Joera hau guztien artean arrunta bada ere, Estatu espainiarrean are gehiago. «Guztiak elkarrekin jarri gintuzten egoitza batean, gainerako ikasleetatik aparte, eskarmentuz badakitelako gaueko afizio berezia dugula eta bertako altzariak gaizki zaintzen ditugun fama dugulako». Honek, hizkuntzarekin trabarik ez izatearekin batera, batez ere Estatuko jendearekin harreman gehiago izatea ahalbidetu zuen. Hala ere, izan du aukera atzerritarrekin ekintza desberdinak burutzeko. «Behin Vietnamgo lagun batekin Euskal Herriaren Eguna ospatu genuen. Gure ohiturei buruz hitz egin genuen eta euskal jakiak prestatu genituen. Beste egun batean Vietnamen Eguna ospatu genuen».
Kultur aniztasun hori da ingeniariarentzat Erasmusek eskaintzen duen balioetarik handiena. «Beste kultura, bizimodu eta ohiturak zuzenean ezagutzeko, mundua beste begi batzuekin ikusteko, jakin-mina indartzeko eta maite dituzun pertsonengatik urrun zaudela zeure kabuz aurrera ateratzeko gai zarela frogatzeko balio dezake esperientzia honek».
Nerea Otaño
Nerea Otañok (23 urte, Azpeitia), ordea, Munichera (Alemania) jo zuen alemaniera ikastera, eta horretarako modurik onena bertakoekin harremanetan jartzea da. Horrela, Italia, Suedia, Suitza, Estatu frantses eta Kolonbiako lagunak egin baditu ere, gehienbat Alemania bertako jendea ezagutu zuen.
Otaño Ingeniaritza Aeronautikoa ikasten ari da Madrilen eta aurtengoa du azken urtea. Iaz Munichen hamar hilabete eman ostean, esperientzia errepikatzea erabaki du eta bertara itzuliko da 5. maila ikastera. Nola ez da, ba, itzuliko, aukera izanez gero, bere esperientzia «oso positiboa» izan bada! «Pila bat ikasi dut, lagun mordoa egin, leku ugari ezagutu eta gainera oso ondo pasatu!».
Berarentzat Erasmusen inguruko esperientziak burua irekitzeko eta gure herriaz harago mundua badela ohartzeko balio izan dio, eta, beraz, bizi beharreko esperientzia dela uste du. «Abantailarik handiena jende desberdina ezagutu eta beraiengandik gauzak ikasteko aukera da. Egun batean bi alemaniarrekin garagardo bat gosaltzen ari zara, eta hurrengo egunean bost italiarrekin pasta jaten». Berarentzat garrantzitsua da besteek esateko dutena ezagutzea ikuspuntu desberdinez jabetzeko. Adibidez, euskaldunarentzat uztail amaieran hotz handia egiten zuen eta bere lagun suediarrentzat, bero. «Kanpora joatea munduak benetan nola funtzionatzen duen ikasteko modurik onena dela uste dut».
Bere egonaldian izandako pasadizo bat kontatu digu. Gabonetan Euskal Herrira itzuli zen eta lagun guztiek garagardoa ekartzeko eskatu zioten. Maletan litroak eta litroak sartu zituen eta aireportura joan zen fakturazioa egitera. Elurra ari zuen eta aireportuan kaos handia zegoen, baina denbora emango ziola pentsatuz ilaran jarri zen. Hegaldiaren ordua gerturatzen zela ikusita urduri jartzen hasi zen, eta zenbait pertsonaren aurretik pasatzea lortu zuen. Hala ere, berandu egin zitzaion eta ezin izan zuen maleta fakturatu. Hegazkinean berarekin eraman zezakeela esan zioten, baina ezin zuela likidorik eraman. «Zoritxarrez, lagunentzako erositako garagardoak Municheko aireportuko eserleku batean gelditu ziren!»
Garazi Urzuriaga
23 urteko eibartarrak Arte Ederrak ikasi zituen Leioako campusean, artelanen zaharberritze eta kontserbazio espezializazioan. Arlo horretan bere jakintza garatzeko, Italia baino toki hoberik? Erasmus programak Palermora (Sizilia) joateko aukera eskaini zion eta bertan eman zuen urtebete. «Iritsi nintzenean esan zidaten lehenengo gauza welcome to the jungle [ongietorri oihanera] izan zen. Hasieran nahiko porru eginda nengoen; bakarrik, maletak galduta, pisua lortu ezinda..., baina egunak pasatu ahala konturatu nintzen jungle hori berezia zela eta benetan gustura izango nintzela bertan. Buelta oso gogorra egin zitzaidan», kontatu digu.
Italian eman zuen denboran zehar Euskal Herritik bisitari ugari joan zitzaizkion zituen -familia eta lagunak- eta horiekin zein bertan ezagututakoekin bidaia asko egin zituen. Esperientzia honek hizkuntzak ikasteko balio izan dio. Alde batetik, unibertsitateko eskolak italieraz izaten zirenez, hizkuntza maneiatzen ikasi zuen, eta bestetik, Errumaniako, Britainia Handiko eta Portugaleko lagunak egin zituenez, ingelesa hobetu zuen.
Garazi Urzuriagak ez du dudarik; «esperientzia berri eta polita izan zen niretzat. Inoiz ez nintzen etxetik kanpo bizi izan ordura arte eta abentura bat izan zen bertara bakarrik joatea eta dena zerotik hastea. Harro sentitzen naiz lortu dudanarekin. Neure burua hobeto ezagutzeko, jendearekin irekiago izateko, nire bidea aurkitzeko, denbora topera aprobetxatzeko -profesionalki zein ikasketa arloan- eta bidaiak eta parrandak egiteko aukera izan dut».
Edonori gomendatuko liokeen esperientzia da, beraz, Erasmus programa batean parte hartzea. Bere kasuan, Palermo oso toki ona dela deritzo. «Ez dakit nolakoa izango den beste hirietan, baina Palermok xarma berezi bat du, kaotikoa, alaia, anitza... denetik du». Horrez gain, bera bezala zaharberritzea ikasten ari direnentzat ere toki aproposa dela dio, Italian pil-pilean dagoelako eta benetako artelanekin lan egiteko aukera ematen zaielako ikasleei. «Ordura arte ikasitako guztia praktikan jarri nuen eta benetan noraino heltzeko gaitasuna dudan ikusi nuen», adierazi du eibartarrak.