Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
Hegoak
Ez da lehenengo aldia izan hiru asteko itzuli bat Euskal Herrian barrena igaro dela. Tourrak hainbat aldiz egin duen bezala, aurten, Vueltak bere mugetatik kanpo dauden Euskal Herrian eta Andorran izango ditu etapa batzuk.
Gaurkoan, nire etxetik, nire lagun , familia eta zaleen berta-bertatik pasatzea tokatzen zen, eta aparteko motibazio hori baliatuz, eguneko ihesaldi onean sartzea lortu dut.
Jakin banekien ia ezinezkoa izango zela Arrateko helmugan garaile izatea, baina eginiko sakrifizio guztiek merezi dute Arrateko maldetan bizitako momentu horien trukean.
Behin tropelak irentsi gaituenean, azken kilometroak bakar-bakarrik egin nahi nituen. Bakarrik gozatu nahi nuen zaleen berotasunaz. Ikurrinez josita zeuden kilometroek eta zaleen oihuek oilo-ipurdia jarri didate, eta bizikleta gainean bizi izandako kilometro politenetarikoak izan dira Arraten gora bizitakoak.
Mikel Laboaren, «Txoriak txori» abestiak dioen bezala, hegoak ebaki balizkidate, ezinezkoa izango zen, nire harri jasotzaile gorputz honekin, txori bat bezala maldan igotzea, baina benetan diotsuet gaur zaleen orro eta animo oihuek hegoak eman dizkidatela etapa hau egiteko orduan.
Ez naiz sekula aspertuko ditugun zaleei eskerrak ematen, eta beste behin ozen esan dezakegu, euskal zaleez eta Euskal Herriaz ikaragarri harro egon gaitezkeela.
Bihotzez, eskerrak, zuen animoekin «hegoak» emateagatik.
Onenak zarete, biba zuek!!