GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | ARRATSALDE PASA AREATZAN

Konpartsak, Saharako beroaren kontrako erremedio originalen bila

Bilbo aldean eskasak diren azken egunetako tenperatura altuek bat baino gehiago urtzeko arriskuan jarri dute. konpartsek, euren kideen egoera larria ikusita, erremedioa jartzea erabaki zuten. Lehendabizi, aerobic saioa, gorputzeko toxinak izerdiaz kanporatzeko. Gorputzeko berotasuna kentzeko, berriz, kukaina, Bilboko ibaiko ur «garbien» freskotasuna dastatzeko biderik onena.

p054_f01.jpg

Mikel PASTOR

Giroa goibel, astun, zegoen atzo arratsalde partean Areatzan. Konpartsakideak, banaka edo taldeka, asteburu potentearen osteko ajeak jota, astiro zebiltzan euren txosnarako bidean, pilak beste gau batez kargatzeko behar zuten edabe magikoaren bila.

Halako batean, txosnetan normalean entzuten ez diren txunda-txunda musikaren doinuak heldu ziren gure belarrietara. Jakin-minez, Arriagako ingurunera gerturatu eta patxangeoaren zergatia han agertu zen gure begi aurrean: berrogeita hamar konpartsakide inguru, Aerobithon saio erraldoian.

Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsak kanpoan egondako bi urtetako kamiseta beltza jantzita, izerdi, toxina, garagardo eta kalimotxoz osatua, ederto bota zuten gerturatutako guztiek. Aurreko gauetako gehiegikeriak larrutik ordaindu zituzten batzuek, aurpegiek adierazten zutenez. Atsedenak basamortuko oasi bihurtu ziren bat baino gehiagorentzat.
Han ibili ziren, gerria, hankak eta besoak ongi astinduz, Virginia Berasategui pregoilaria eta Nerea Olaizola, Zaratas konpartsako kidea eta aurtengo txupinera. Biak aldarte onean hartu zuten parte saio guztian zehar. Eszenatokitik heltzen ziren mugimenduak nahiko ondo kopiatu zituzten.

Horien alboan, adin eta sexu ezberdineko talde heterogeneoa. Neskatxa gazteak, aurrealdean, bikain arituz. Satorrak eta Altxa Porruko beste zenbait, horien atzean, euren onena ematen. Zorrozako Txinbotarrak konpartsakoak Matahariz mozorrotuta, sabelaldea ongi erakutsiz, eta horien atzean, eta arratsaldeko momentu onenetarikoa ematen, Askapeñako hiruzpalau kide, koordinazioa bide internazionalistan galduta, Aerobicaren printzipio teoriko guztiak jipoitzen.

Hondartza falta denean...

Gauetako tragoak ondo kanporatuta, bainu eder bat hartzeko momentua heldu zen. Eta horretarako, kukaina baino hoberik ez dago; bai horretarako, baita ehunka pertsonak zure kontura barre ederrak egiteko ere.

Eta ehunka esatea ez da bilbainada hutsa. Moskotarrak konpartsan egiten den urteroko proba hau haziz joan da eta gaur konpartsakide gehienen proba kutuna bihurtu da. Ripako kaia, eukalipto enbor olioztatuaren aurrean kokatua, eta Areatzako zubia harmail inprobisatuak bihurtu ziren zenbait minututan.
 
Hasteko ordua gerturatu ahala, ikusminak gora egin zuen. Konpartsakideak, euren txosnetako parte hartzaileak animatuz, Moskotarretako karpan. Azken orduko kontseiluak, batzuen kasuan, eta algaraka, gehienak.
 
Arratsaldeko zazpietarako, leporaino zeuden kukainaren inguruak. Protagonista, ondo olioztatuta, lasai, biktima guztien esperoan. Azkenean 50 izan ziren, beste urteetan baino askoz gehiago. Gauzak ondo egiten ari diren seinale.
 
Enborra nahiko arriskutsua ez balitz, Altxa Porruko bi konpartsakide mikrofonoa hartu eta hizlari lanetan aritu ziren, gustura gainera. Mihia ondo zorroztuta, txantxa eta adar-jotze dosiak izan zituzten kukainara gerturatu ziren ausart guztientzat.
 
Egia esan, zenbaitek ondo merezita izan zuten adar-jotzea. Esaterako, Zarataseko irudia bizkarrean margotu zuenak edo 80ko hamarkadako bainu jantziarekin gerturatu zenak. Gehienak, oso gazteak, beldurra zer den oraindik ez dakiten horietakoak, baina baita beteranoak ere, publikoaren artean ezagunak.
 
Piratek gatibuekin egiten zuten bezala, plantxatik pasatu zituen enbor madarikatuak parte hartzaileak. Batzuk lehendabiziko urratsera baino ez ziren heldu, eta ondo pentsatuta, hobeto irten zitzaien negozioa, aurrerago heldu ziren apurrak kristoren kolpea hartu zutelako enborraren errebotearekin, ikurra eskuratzeko etsi-etsian egindako jauzian.
 
Kukainari aurre egiten zioten guztien segurtasunaz arduraturiko suhiltzaile taldea gustura zegoen, barre ederrak eginez, eguneroko tentsio eta arazoez ahaztuta. Harritzeko parada izan zuten, enborrera gerturatzen zen fauna guztiaren desfile bukaezinarekin.
 
Nahikoa ez balitz, txapelketa nazioarteko bihurtu zen, Estatu franseseko neskatila gazte bat enborrera igo zenean, aurretik stripteasea eginda eta guzti. Gutxi iraun zuen, baina ziur esperientzia ez dela erraz ahaztuko. Publikoaren partetik, behintzat.
 
Kaskagorrikoek aparteko aipamena behar dute derrigorrez. Ajea aurpegian iltzatuta, eta gazteriak berezko duen bizitasuna txosnan ahaztuta, dozena bat neska-mutilek bi hizlari berezien adar-jotzeak jasan behar izan zituzten. Iragarpen guztien kontra, Aitorrek, «joan den gauean gehien mozkortu zenak», lagunek aitortu bezala, enborraren gainetik sugandila balitz bezala igaro eta ikurra eskuratzea lortu zuen. Asterixen kamisetadun gainerako kideek, barrez lehertzen, ezin zuten sinetsi.
 
Kolpe, salto eta txantxa artean parte hartzaile guztiak eukalipto enborretik pasa ziren, zorte gutxirekin. Ongi bustita geratu ziren guztiak, eta halere, gehienek onartu bezala, «egiten duen beroarekin, hamar minututan lehortuta egongo gara gu eta arropa».
Hurrengo egunetan Saharatik etorritako bero izugarria zeozer leuntzea espero da, euriak agerraldia eginda. Hala ez bada, ordea, lasai egon daitezke Bilbon, konpartsetako kideek zeozer asmatuko dute-eta horri aurre egiteko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo