GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Gau bat gehiagorekin, sanbartolomeak eskupekoarekin heldu dira Elgoibarrera

Txupinaren jaurtiketarekin eta gaseosa botilen zipriztinekin batera emango die , beste urtebetez, Elgoibarrek sanbartolome jaiei ongietorria. Programa ofiziala nahiz alternatiboa ekintzaz beteta dator, eta azken hau gainera parte- hartzea handituta. Musika emanaldiak gauero animatuko ditu gautxoriak, eta alde horretatik festak eskupekoarekin datoz: Ostalaritzako Elkartearen laguntzaz, irailaren 1ean ere dantzaldia egongo baita DJ Bullen eskutik.

p052_f02.jpg

GARA | ELGOIBAR

Herri eta hiri askotan gertatzen den bezala, Elgoibarren ere jaiak ospatzeko bi modu daude, alegia, bi programa ezberdinetan antolatutako ekitaldiak daude. Batetik, «ofiziala» deitzen zaiona, hau da Udalak antolatzen duena; eta bestetik, «alternatiboa» esanda ezagutzen dena, herritarren iniziatibaz egiten dena. Aurten ere aukera bikoitza izango da gaur bertan, 13.00etan, plazatik botako den txupinarekin eta ikurrinaren igoerarekin hasiko diren San Bartolome jaietan.

Gaseosa botila eskuetan, gazteenak plazan bilduko dira, ikustera festak nola egiten duen eztanda. Oporrak amaitu baino lehenago badituzte oraindik pare bat aste aurretik, eta beraz ez dute bestelako ardurarik edo zereginik. Helduek, aldiz, batez ere umeekin gerturatzen direnek, albo batetik ikusiko dituzte edariaren zipriztinak, halako saltsatan sartzeko adina eurei pasa zaielako, eta umeak txikiegiak direlako bertan saltoka egoteko.

Edozein kasutan, datorren irailaren 1era arte edonork aurkituko du bere gustuko ekintzarik. Irailaren 1a, hain zuzen, nobedadea da, aurrenekoz festak ez baitira abuztuaren 31n amaituko. Jai Batzordekoek GARAri adierazi diotenez, hilaren 31 ostirala denez, pena zen asteburuaren atarian jaiak amaitzea, eta horregatik, Ostalaritzako Elkartearekin izandako elkarlanari esker, irailaren 1ean DJ Bullek musika emanaldia eskainiko du gauean txosnagunean. Pastelaren ginga jarriko duen emanaldirako, ordea, asko gelditzen da.

Ordura arte, eta programa ofizialari dagokionez, gaur, San Bartolome bezperan txupina jaurti bezain pronto, Mauxitxa txarangak kaleak girotuko ditu, eta beste hainbeste egingo du 19.00etatik aurrera.

Jai Batzordeak berriz Preso eta Iheslarien Eguna ospatuko du egunean zehar, urtero legez. 15.00etan herri bazkaria izango da eta iluntzean Motxaila Band kalejirarekin girotuko dituzte kaleak.

Jai Batzordeak antolatu dituen ekintza guztiak Malako Gune Askean izango dira. Hala deitzen diote bertan ez baitute jarrera sexistarik, ez homofoborik ez arrazistarik onartzen. «Erasotzaileak errekara!, ohartarazten du programaren kartelak.

Pilota, jana eta edana

Bihar, San Bartolome egunean pilota gustuko duenak jokalari profesionalen partidaz gozatzeko parada izango du -18.00etan ikastolan-. Eta, nola ez, jan-edana garrantzitsua denez, gastronomiak ezin zuen falta. Larunbateko Baserritarren Eguna da, hain zuzen, horretarako zita aproposa: sagardo eta gazta lehiaketa eta dastatzea, baita produktuen salmenta ere. Parrillan erretako hegaluzea ere dastatu ahal izango da, baina horretarako igandera arte itxaron beharko da, ekimena Jubilatuaren Egunerako antolatu baita -12.00etan Kalebarren plazan-.

Asteburuan Elgoibarrera gerturatzeko asmoa duenak errazagoa du, Euskotrenek zerbitzu bereziak ahalbidetu baititu larunbat gauerako. Honen inguruko informazio gehiago nahi duenak kontsulta dezala www.euskotren.es ataria, zehazki, «berriak» atala.

GAZTETXEA

Gaztetxea itxita dago, zaharberritze lanetan ari direlako, eta beraz, bertan ez da taberna zerbitzurik izango. Eztarriak bustitzeko aukera aproposa izango da txosnagunea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo