GARA > Idatzia > Ekonomia

Etxaldeak arriskuan daudela dio ELBk, lehengaien prezioaren emendatzeagatik

Artoa eta proteina gaiak, hurrenez hurren, %23 eta %33 garestitu dira uztailaz geroztik, ELB sindikatuak atzo jakinarazi zuenez. Hala jarraituz gero, laborantzak krisi ikaragarria jasango duela ohartarazi, eta berehalako neurriak hartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

p022_f01_60028.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Ipar Euskal Herriko abeltzainek beren aziendak elikatzeko gehien baliatzen dituzten lehengaien garestitzeaz eta horrek sortzen dituen arazoez ohartarazi zuen atzo ELB sindikatuak, Euskal Herriko Laborarien Batasunak.

Abereen bazkarako lehengai horiek uztailaz geroztik gorakada ikaragarria jasan dutela salatu zuen sindikatuak. Artoak, izan ere, %23ko emendatzea izan du, prezioa tonako 250 euroan kokatuz. Proteina gaiek, berriz, %33ko gorakada izan dute. Laborarientzat «jasanezina» den egoera horren zergatia ere salatu zuen sindikatuak. Izan ere, erabaki politiko eta interes ekonomikoekin lotu zuen garestitze hori, onartezina zela gaineratuz. Mixel Berhokoirigoin sindikatuko arduradunaren esanetan, gorakada horren faktore nagusiak dira merkatuaren liberalizazioa, lehengaien salerosketan nagusitzen den jokabide espekulatiboa, eta bioerregai edo jatorri begetaleko erregaien hedapena.

Nabarmenduz zuenez, berez merkatua kontrolatzeko finkatuak ziren tresna guztiak desagerrarazi dituzte 1992tik Europan gauzatu diren erreformek. Horrez gain, duela gutxi arte higiezinekin espekulatzen aritu diren finantzariek, krisia dela-eta, lehengaiak jomugan hartuta gisa bereko jokaera izaten ari direla ohartarazi zuen.

«Horrela jarraitzen badugu krisi ikaragarri batean izango gara. ELBk elikagai burujabetzaren printzipioa defenditu du beti finantzarien interesen aitzinean», nabarmendu zuen, ildo beretik, Beñat Etxetok.

Berehalako neurriak

Abeltzaintzaren alorreko krisia oztopatzeko berehala martxan jarri behar diren neurriak azaldu zituen sindikatuak: laborantzarako ekoizpenak kentzea Munduko Merkataritza Erakundearen eraginpetik, prezioen emendatzea oztopatzeko larrialdiko diru laguntzak ematea, elikagaien gaineko espekulazioa debekatzea eta bioerregaien produkzioa gelditzea.

Zereal-ekoizleek jasotzen dituzten diru laguntzak ere aipatu zituen sindikatuak. Zereal-ekoizleek egoera larria jasan zuten garaian diru laguntzak eman zizkietela gogoratu, Estatu frantsesean, Europak laborantzarako banatzen dituen 8 miliar euroetatik 6 zereal-ekoizleentzat bideratzen direla argitu zuen. Europako nekazaritza erreformen karietara, merkatuak kontrolatzeko tresnak berriz indarrean jar ditzatela eskatu zuen.

ELB sindikatuak, Conféderation Paysanne frantses sindikatuaren bitartez, Laborantza Ministerioarekin bilerak izango dituztela jakinarazi zuen atzo.

Parlamentariak

Ipar Euskal Herriko parlamentariekin bilduko dira ELB sindikatuko kideak datozen egunetan. Egoeraren berri emateaz gain, proposatzen dituzten neurriak aurkeztuko dizkietela esan dute.

Brusela

Irailaren 19an, Bruselan egitekoa den manifestazioan parte hartuko du ELB sindikatuak. Aurreko asterako, Europako laborantza erreformari buruzko informazio egun bat antolatuko du ELBk Itsasun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo