Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
Eskolara ez joateagatik
Berriz ere, beroa izan dugu ezaugarri nagusi Errioxa aldean. Aurreneko kilometrotik ihesaldian txirrindulari bakarra joan denez, etapa nahiko lasaia bizi ahal izan dugu, eta aurreko egunetan gorputzari emandako «pasadei» buelta emateko egun aproposa izan da.
Gaur, erraz antzean eta lasai ibili garen arren, azken kilometroetan kristoren tentsioa izan dugu, eta gure helburua Danniele aurreko postuetan uztea zelarik, helmugarako sei kilometro falta zirela, Logroñoko errepidearen gogortasuna sentitzetik oso gertu izan naiz... Zorionez, ez naiz erori, baina ia ezin izan diot Dannieleri gehiago lagundu, eta tamalez, Bennak 2 m egin du oso gutxigatik... Baina hau ere, txirrindularitzaren parte da. Valdezcarayko etapan, haizea, erorikoak eta «bronkak» izan ziren moduan, gaur lasaitasuna izan da nagusi, Gorka Verdugorentzat izan ezik.
Eta zergatik ez Gorkarentzat? Ba, bera lasterketara zihoala, haren seme Aimarrek, amatxoren sabelean egoteaz aspertu, eta mundura etortzea erabaki duenez, Gorkak ezin izan duelako bere lehen semearen jaiotza bizi izan. Horrexegatik, Valdezcarayn gora grupetoan gindoazela, Leonardo Duque kolonbiarrak esan zidana etorri zait burura: «Ai Markel, hermano, qué jodido que voy. Ya lo decía mi madre, que fuese a la escuela y que estudiase. Pero nada, no le hice ni caso, y ahora toca sufrir. Esto me pasa por no estudiar!!!».
Nahikoa barre egin nuen Leorekin, baina egia esan, arrazoi osoa dauka. Egun asko zoragarriak dira, baina beste batzuetan ikaragarri sufritzen dugu. Hala ere, behin eskatuta, nahiago dut txakurren moduan sufritu, eta ez Unairen jaiotza galdu.
Duquek dioen bezala, unibertsitatera joan bagina, baliteke beste lan-mota bat izatea, baina ziur ez lizkigukeela gure kirol honek ematen dizkigun momentuak emango. Kontua kexatzea da, baina, egia esan, gu baino hobeto bizi dena kabroi... galanta da.
Besterik gabe, etzi arte. Ondo izan.