Donaixtiko gazteek sostengu zabala jaso dute
Lekuko hautetsien, elkarteen, Izura eta Bunuzeko auzapezen eta herritarren sostengua eskertu zuten atzo Donaixtiko eskola okupatu duten gazteek. Jaso duten elkartasunarekin indarturik, auzitegiaren erabakiari muzin egin eta beren proiektua aurrera eramateko asmoa agertu zuten.
GARA | DONAIXTI
Donaixtiko San Mixel kolegioa uztailetik okupatua duten Bethi Aintzina elkarteko kideek bertan geratzeko asmoa dutela berresteko agerraldi publikoa egin zuten atzo.
Asteartean Baionako auzitegiak lekua husteko hiru egun dituztela jakinarazi ondoren, atzoko prentsaurrekoan, lekuko herritar, hautetsi, alderdi eta elkarteek azalduriko elkartasuna eskertu zuten gazteek. «Sostengua molde ezberdinetan gauzatu da. Obretan parte hartuz edo sostengu morala emanez», esan zuten.
Bideraturiko izenpetze kanpainarekin Euskal Herri osoko ehunka lagunen sostengua bildu dutela gogorarazi zuten horrekin, eta Daniel Olzomendi eta Eric Ithurralde Izurako eta Bunuzeko auzapezek, eta Donaixti, Arhantsusi eta Larzabaleko hautetsiek beraiekin bat egin zutela jakinarazi zuten.
Bestalde, Batasunak, Abertzaleen Batasunak, LAB sindikatuak, Euskaldun Gazteriak eta Bizi mugimenduak ere sostengua adierazi dietela azaldu zuten.
«Sostengu horren aitzinean betebehar bat badugu eta ez dugu huts egin nahi. Hilabete batez hemen bizi izan duguna ez dugu hiru jeloskorren jarreragatik sakrifikatuko», azpimarratu eta bertan geratzeko asmoa handizki baieztatu zuten.
Horiek horrela, Baionako auzitegiak lekuak husteko emandako 72 orduko epea bukatu bezain laster, «noiznahi polizia indarrak» beraiek bertatik kanporatzeko baliatzen ahalko dituztela nabarmendu zuten berriz ere gazteek. «Gure erabakia aspalditik argi dugu, ez dugu guk San Mixel kolegioa berriz ere hiltzen utziko».
Presioaren ondorioa
Auzitegiak harturiko erabakia baloratzeko orduan, «manipulazio eta presio baten» ondorioa dela salatu zuten.
«Pena handiarekin hartu dugu, jakinez gure kontra ibili direnek, hiru urtez ez dutela ezer egin eraikuntza hori biziarazteko», esan zuten.
Eskolaren jabeak diren serorak, Donaixtiko auzapez eta Jean Louis Caset lekuko kontseilari nagusiaren aurka asaldatu ziren gehienbat Bethi Aintzina elkarteko kideak. Azken bi agintari politiko horiek egoitza beraien kalkulu elektoralisten asetzeko baliatu dute; guk, aldiz, zilegitasunez eta kemenez San Mixel kolegioaren arrapiztea erabaki dugularik», gaineratu zuten. Serorei dagokienez, beraien «zintzotasuna» zalantzan jarri zuten Bethi Aintzina elkarteko kideek.
Horrekin, bertatik indarrez kanporatzea lortuko balute San Mixeleko eskola berriz ere usteltzeko arriskuan dela ohartarazi zuten.