GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | MARIJAIA UME GAIXOEI BISITAN

Basurtuko Ospitaleko haurrak, Aste Nagusiko umore eta magiaz gozatzen

Urtero legez, Bilboko konpartsek Aste Nagusia Basurtuko Ospitalera eraman zuten atzo. hartara, bertan gaixo dauden umeek, ordu batzuez gutxienik, jaiaz gozatzeko aukera izan zuten. Zirku mundialak ikuskizuna antolatu zuen, eta artistek, umeei irribarrea atera, eta txundituta utzi zituzten.

p053_f02_200x137.jpg

Jon ADAN

Bilboko Konpartsak antolatzen duen ekitaldiaren ohiturari jarraituta, urtero bezala, Marijaiak bisita egin zien atzo Basurtuko Ospitalean gaixo diren umeei. «Ospitalean gaixo dauden umeei jaia bertara hurbildu nahi diegu, horretarako zirku mundiala ekarri eta Bilboko konpartsek kolorea eta musika jarriko dugu. Azken batean, ume hauei eguna alaitzea eta irribarrea eragitea da guzti honen helburua», adierazi zuen Urko Losada Bilboko Konpartsetako kideak.

Aurten lehen aldiz, Marijaiak tranbiaz egin zuen bisita. Goizeko hamaikak inguruan Arriagako geralekutik atera eta ospitalerainoko bidaia egin zuen. Hala, goizeko hamaika eta erdietan ailegatu zen Basurtuko Ospitaleko zelaietara.

Marijaiarekin batera, besteak beste, Bilboko konpartsetako kideak, Virginia Berasategi pregoilaria zein Nerea Orizaola txupinera eta Iñaki Azkuna alkatea bertaratu ziren. «Pentsatzen nuen zirraragarriena udaletxeko balkoian egotea izango zela, baina hau bestelako emozioa da, izugarria. Ilusio handia egiten dit umeei irribarre bat ateratzeko ekitaldi honek», aitortu du Virginia Berasategi pregoilariak. «Oso pozgarria eta hunkigarria da; umeak Marijaia ikusteko irrikitan daude eta ilusio hori transmititzen dizute», onartu du Nerea Orizaolak.

Hala, Basurtuko Ospitaleko zelaietan berrehun pertsona inguru bildu ziren, gehienak umeak noski. Hamabietarako zirku mundialeko ikuskizuna antolatuta zegoen. Hala ere, horren aurretik, Manuel Legina, Jose Luis Telleria eta Jose Mari Esteban Bizkaitarra trikitixako kideek giroa alaitu eta bospasei kanta eskaini zieten bertaratutakoei. «50 urte daramatzagu ospitale guztietan zehar umeak animatzen», adierazi zioten GARAri.

Hamabietan, beraz, umeek espero zuten momentua ailegatu zen, zirku ikuskizuna. Charlie Carletto pailazo portugaldarra beste lagun batek lagunduta izan zen lehena antzeztokian agertzen. Honek poltsa eta pilotarekin magia trikimailuak egin zituen. Ondoren, zirkuko partaide guztiek, trapezistek, malabaristek zein gimnastek aurkezpena egin zuten eta umeen txalo ugari jaso zituzten.

hamaika ikuskizun

Ekitaldiak aurrera eginda, Miss Staisy akrobataren txanda heldu zen. Honek eskailera erraldoi batekin akrobaziak egin zituen. Eskailerara igota baloia buruan zuela malabarismo jokoak egin zituen.

Hurrengo ikuskizuna Vietnametik etorritako gimnastena izan zen, Dangy anaiena, hain zuzen. Gorputzarekin hamaika ariketa egin zituzten, esaterako, buruz behera mantentzea anaiaren buru gainean. Chicagotik etorritako zortzi gangsterrek, berriz, ohe elastikoetan salto izugarriak egin zituzten. Umeek aho zabalik eta txundituta jarraitu zituzten ekitaldi horiek guztiak.

Horren ondoren, Eva, Julie eta Cristieren magia ikuskizuna izan zen. Puzgarri bat uso bihurtu zuten. «Ooo!» entzuten zen behin eta berriro; harri eta zur zeuden umeak. Amaitzeko, Charlie Carletto pailazoak musika ikuskizuna eskaini zuen. Horretarako, Virginia Berasategi pregoilaria, Nerea Orizaola txupinera, Bilboko konpartsetako kideak eta bi ume atera zituen agertokira.

Atzo, ordu gutxi batzuez izan bazen ere, Aste Nagusia Basurtuko Ospitaleraino eramatea eta ume gaixoen eguna alaitzea erdietsi zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo